Estreinaldiz betetako ekaina izango dute plataformek

Filminek lau zinema jaialdi eskainiko ditu egunotan. Aretoetatik pasatu gabe, Disney Plusek 'Artemis Flow' filma estreinatuko du

Erraiak dokumentalaren irudi bat. ARTEMAN.
urtzi urkizu
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Nahiz eta azkeneko asteetan telesailen eta filmen grabaketak etenda egon diren, plataformek makina bat eduki dituzte prest estreinatzeko. Hona ekainean egingo dituzten estreinaldi nagusiak:

FILMIN

Euskarazko film gehien duen plataforma da —30 baino gehiago—. Eta ekainean, Erraiak dokumentala gaineratuko du katalogora. Juan Barreroren Chillida, esku huts dokumentala, berriz, hilaren 10ean helduko da —gaztelaniaz da—. Horrez gain, zinema eskaintza oparoa izango du plataformak: Mostra Internacional de Films de Dones de Barcelona jaialdia —atzo hasi zen, eta hilaren 14ra arte iraungo du— eta Koreako filmei buruzko jaialdi bat ere izango da, hilaren 11tik 21era. Horiez gain, beste bi jaialdi ere izango dira: Alemaniako filmez osatutakoa, eta LGTBI kolektiboko kideen filmak ardatz izango dituena. Espainiako Filmategiak, berriz, #Ovejasnegras bildumautziko du plataformaren esku.

NETFLIX

Ostiral honetan, 13 Reasons Whytelesailaren hirugarren eta azkeneko denboraldia jarriko dute ikusgai. Hilaren 12an, The Woods misteriozko telesaila iritsiko da. Hilaren 19an, Oliviar Assayas zinemagilearen La red avispa filma estreinatuko dute Hego Euskal Herrian —Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, aurrerago—. Eta 26an, Home Game dokumental saioa, kirol bitxiei buruzkoa.

HBO

Bihar En casa estreinatuko du, konfinamenduan sakelako telefonoekin grabatutako istorioez osatuta; etzi, Alexander Nanauren Collective dokumentala; ostiralean, Bad education filma, Hugh Jackman aktore protagonista duela; eta larunbatean, Trackers telesaila. Hilaren 22an, The Luminaries telesail laburraren estreinaldia egingo dute. Egun berean, Perry Mason abokatuaren abentura berriak helduko dira —Emmy Matthew Rhys aktorea izango da protagonista—; hilaren 25ean, Three Busy Debras telesaila; eta 26an, Transhood, AEBetako lau haur transgeneroren gaineko dokumental saioa.

AMAZON PRIME VIDEO

Ostiralean, Argentinako El Presidente telesaila iritsiko da. Futbol munduko ustelkeriari buruzko istorio bat da, 2015ean azaleratu zen FIFA Gate auzian oinarritua. Egun berean, Futbolistas por el mundo dokumental saioa estreinatuko du; lau futbolari dira protagonista, tartean Javi Martinez Bayern Municheko jokalaria.

MOVISTAR PLUS

Berto Romeroren Mira lo que has hecho denboraldiaren azkeneko denboraldia iritsiko da hilaren 18an —astean bi atal berri estreinatuko dituzte—. Hilaren 25ean, Joker filma estreinatuko du.

APPLE TV PLUS

Ostiralean, Dear... dokumental saioa estreinatuko du. AEBetako hamar pertsonaia esanguratsuen biografiak izango dira.

DISNEY PLUS

Ostiralean, Genius by Stephen Hawking (National Geographic)saioa iritsiko da. Zinema aretoetatik pasatu gabe, plataformak Artemis Flow akziozko filma estreinatuko du hilaren 12an —Kenneth Branagh da zuzendaria. Hilaren 26tik aurrera, berriz, Mucho más allá: Así se hizo Frozen 2 dokumental saioa izango da ikusgai. Hain zuzen ere, animaziozko film hori ekainaren 19an helduko da plataformara.

ATRESMEDIA PLAYER

Igande honetan Benidorm telesailaren lehen atala estreinatuko du plataformak. Benidormera (Herrialde Katalanak) bizitzera doan euskal herritar baten istorioa kontatzen du. Aktoreen artean, Andoni Agirregomezkortaeta Gorka Aginagalde daude. Ekoizleak Allí abajo komediarenak dira.

ORANGE TV

Hilaren 12an, The Head telesaila iritsiko da; hilaren 25ean, berriz, Kosta (The Paradise) telesaila estreinatuko du —Finlandiako YLE telebista publikoak, herrialde bereko MRP ekoiztetxeak eta Kataluniako Mediaprok ekoitzi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.