Presidentetzarako bozak Brasilen

«Demokrazia» aldarrikatu du

Lulak irabazi ditu Brasilgo bozak, botoen %50,9 bilduta, eta adierazi du «bakea berrezartzea» eta pobreziaren aurka borrokatzea izango dituela lehentasun. Bolsonarok ez du adierazpenik egin

Lularen jarraitzaileak PTko buruaren garaipena ospatzen, herenegun, Rio de Janeiron. ANTONIO LACERDA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Agintera itzuliko da Luiz Inacio da Silva Lula, herenegun Brasilgo hauteskundeak irabazita, bigarren itzulian. Ezkerreko hautagaiak botoen %50,9 eskuratu zituen, eta ia bi punturen aldea atera zion Jair Bolsonaro jarduneko presidente eta eskuin muturreko hautagaiari (%49,1). Lehen itzulian gertatu bezala, inkestek iragarritakoa baino alde dezente txikiagoa atera zion Lulak Bolsonarori —azken inkestek bost punturen aldea eman zioten—. Hortaz, 2003 eta 2010 bitartean presidente izandakoak estatuburu ardura hartuko du berriz urtarrilaren 1ean. «Demokrazia» aldarrikatu zuen Lulak irabazi eta berehala, Twitterrera igo zuen txio batean.

Emaitza ofizialen berri jaso zuenean, jendaurrera atera zen Sao Pauloko Paulista etorbidean. Milaka jarraitzaile zituen zain, garaipena ospatzen. «Bolsonarok oraindik ez nau deitu zoriontzeko, eta ez dakit nire garaipena aitortuko duen ala ez». Edizio hau ixterakoan, jarduneko presidentea oraindik ez zen jendaurrera agertua, boto kontaketa bukatu eta ia 24 ordura. Brasilgo hedabideen arabera, ministroekin elkartu zen atzo, hauteskunde ondoreneko adierazpena prestatzeko.

Azken asteetan, bozketa sistemaren aurkako adierazpenak egin zituen, eta zalantzak zabaldu zituen hauteskunde agintarien zilegitasunari buruz ere. Lulak «demokrazia» arriskuan jartzea egotzi zion aurkariari, adierazpen horiengatik. Askok kezka dute Bolsonarok emaitzak onartuko ote dituen. Giro politikoa oso polarizatua dago Brasilen, eta, Bolsonarok emaitzak onartzen ezean, litekeena da herrialdean ezegonkortasun handia sortzea.

Hauteskunde Auzitegi Gorenak Lularen garaipenaren berri eman zuen herenegun, ofizialki, eta Kongresuko eta Senatuko buruek eta Justizia Auzitegi Goreneko magistratuek ere presidente hautatutzat aitortu zuten. Edizio hau ixteko orduan Bolsonarok adierazpenik egin gabe jarraitzen bazuen ere, jarduneko presidentearen hurbileko kide zenbaitek onartu egin zituzten emaitzak; Brasilgo hedabideen arabera, eskatu diote agintari ultrari Lularen garaipena aitor dezala. Bolsonaroren aldeko kamioizale batzuek, berriz, herrialdeko hamalau estatutako errepide batzuetan 94 blokeo egin zituzten, antolatzaileen beraien arabera.

Tentsioari erreferentzia eginez, brasildar «guztientzat» gobernatuko duela agindu zuen Lulak, eta «bakea berrezartzea» lehenetsiko duela eskuin muturraren lau urteko agintaldiaren ostean. «Herrialde hau gobernatzeko nago hemen, egoera oso zail batean, baina, herriaren laguntzaz, irtenbide bat aurkituko dugu, herrialdea modu demokratikoan bizi dadin berriro ere», esan zuen PT Langileen Alderdiko buruak.

Lulak gaineratu zuen bere gobernuak ardatz izango dituela gosearen eta pobreziaren kontrako politikak, Amazoniako deforestazioa geldiaraztea —baso soiltzeak marka guztiak apurtu ditu Bolsonaroren agintaldian—, eta atzerri politikan Brasil azken urteetako «bakartzetik» ateratzea.

Hauteskundeen bigarren itzulirako bozketa modu baketsuan egin zuten Brasilen, baina Lularen aldekoek Poliziaren ezohiko kontrolak salatu zituzten. Hauteskunde agintaritzaren mandatuei uko eginez, trafiko kontrolak ezarri zituen Polizia Federalak hainbat errepidetan; bereziki, Lulak lehen itzulian babesik handiena jaso zuen eremuetan, ipar-ekialdean. Poliziak bozkalekuetara zihoazen ehunka autobus geldiarazi zituen. Hauteskunde Auzitegiaren esanetan, ordea, hautesle guztiak iritsi ziren garaiz zegokien bozkalekura, nahiz eta atzerapenarekin heldu.

Lulak gidatuko du Brasilgo hurrengo gobernua, baina Bolsonarok indar handia izango du hari oztopoak jartzeko, bai parlamentuko bi ganberetan, bai eskualdeetan. Brasilgo 27 estatuetatik 13tan, eskuin muturreko politikariaren aliatuek aginduko dute. Hamabi estatutako gobernadore karguak izan ziren herenegun jokoan, bigarren itzuliarekin batera, eta Bolsonaroren gertukoek eskuratu zituzten horietako lau. Tartean, Sao Pauloko gobernadore kargua. Beraz, eskuin muturraren esku geldituko da Brasilgo eskualderik jendetsuena —46 milioi biztanle—, industrializaziorik handienekoa eta aberatsena.

Diputatuen Kongresuan eta Senatuan Bolsonaroren Alderdi Liberala izango da talderik indartsuena, eta eskuineko eta ultraeskuineko indarrek gehiengoa izango dute bi ganberetan.

Lulak hirugarrenez hartuko du Brasilgo presidente kargua, 77 urterekin, eta haren itzulerak sakondu egingo du Latinoamerikan azken urteetan izandako ezkerrerako bira. Presidente hautatuak kanpainaren amaieran «etorkizuneko Brasili» idatzi zion eskutitzean jaso zuenez, haren helburuetako bat izango da «Latinoamerikako integrazioa» sustatzea «Mercosurren eta bestelako egitasmoen bidez».

Arlo ekonomikoan, Lulak nabarmendu zuen lehentasun izango duela «33 milioi brasildar gosetik ateratzea eta 100 milioi brasildar baino gehiago pobreziatik erreskatatzea». Uztartu egin nahi ditu «erantzukizun fiskala, soziala eta garapen jasangarria», eta haren lehen neurrietako bat izango da gobernadoreekin plan bat zehaztea geldituta dauden herri lanak martxan jartzeko eta lehentasunezkoak direnak zerrendatzeko. «Inbertsio publikorako eta pribaturako finantzabidea bilatuko dugu hemen eta nazioartean».

Bestalde, langileen eta pentsiodunen eskubideak sendotzeko neurriak iragarri zituen, «soldata duinak, enpresen lehiakortasuna eta inbertsioak bermatuta». Gutxieneko soldata igoko duela ere agindu zuen, inflazioaren gainetik. Familia pobreenentzako diru laguntza gehiago onartuko dituela eta «milioika familiaren zorra» berriz negoziatzeko urratsak egingo dituela jaso zuen Lulak eskutitzean. Hori guztia zerga erreforma «arduratsu» batek lagunduta, «larrialdi soziala» eta «inbertsio publikoa eta pribatua berriz aktibatzeko beharra» bateragarri egiteko.

Lularen ibilbide amaiera

Urtearekin batera hasiko duen agintaldia azkena izango da Lularentzat. Presidente hautatuak hitzeman du ez dela berriz aurkeztuko kargurako 2026an. Agintea hartu zuenetik iragan diren hogei urteetan, gorabehera ugariko ibilbidea izan du PTko buruak. Herritarren %80ren babesarekin amaitu zuen bigarren agintaldia, 2010ean. Ondo baliatzen jakin zuen gobernuan izan zen tartean Brasilek bizi izan zuen gorakada ekonomikoa—neurri handi batean lehengaien prezio handiek hauspotutakoa—, eta pobrezia nabarmen apaltzea lortu zuen aberastasuna banatzeko politiken bitartez.

Herritarren artean zuen irudia higatu egin zen 2018an, ustelkeriarekin lotutako auziengatik espetxeratu baitzuten, urte bereko bozak irabazteko faboritoa zenean, hain justu. Justiziak haren hautagaitza indargabetu zuen, eta Bolsonaroren garaipenak eskuin muturreko gobernu bat ekarri zion Brasili lau urterako.

Lulak hogei hilabete egin zituen espetxean, Lava Jato deituriko auziarengatik. Sergio Moro epaileak onartu zuen auzia. Bolsonarok bozak irabazi ostean, Justizia Ministro izendatu zuen Moro. Brasilgo Auzitegi Gorenak Lularen kontrako auzia baliogabetu zuen 2021eko martxoan, eta alderdikeriagatik zigortu zituen Moro epailea eta Deltan Dallagnol fiskala. Auzia baliogabetzearekin batera, Lulak hauteskundeetara aurkezteko eskubidea berreskuratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.