KRONOLOGIA

2019ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Emakumeek soldadu modura desfilatzeko aldarria aspaldikoa da Hondarribian. Honatx bide horren mugarri nagusiak:

1993. Alardean parte hartzeko eskaria egin zuen andre talde batek; ez zuen erantzunik jaso.

1996. Irunen hilabete batzuk lehenago bezala, emakume batzuk desfilean sartzen saiatu ziren, baina ez zieten utzi.

1997. Jaizkibel konpainia mistoa osatu zuten, baina emakume talde handi batek eragotzi egin zien alardean sartzea.

1998. Epaitegiak ebatzi zuten emakumeek eskubidea dutela gizonen pare desfilatzeko, eta udalari eskatu zion bideak jartzeko. Alardea pribatizatu zuten, legea saihesteko. Ertzaintzak Jaizkibel konpainia desfilean sartzea eragotzi zuen.

1999. Jaizkibel ez zen abiatu ere egin, ertzainek bidea itxita.

2001. Lehenbiziko aldiz, ehun metro egin zituen Jaizkibelek.

2003. Lehen ibilbidea egin zuten, San Pedro kalea igarota.

2005. Goizean ez ezik, arratsaldean ere desfilatu zuten. Jaizkibelen aurkako plastiko beltzak zabaldu zituzten bidean; berdin egin zuten hurrengo urteetan.

2011. Eusko Jaurlaritzak aldarazi egin zion bidea Jaizkibeli, eta aurreko urteetan baino indar handiagoz egin zieten irain konpainiako partaideei.

2012. Ohiko bidea berreskuratu zuen Jaizkibelek, baina irain artean desfilatu zuen. Istiluak izan ziren arratsaldean.

2013. Segurtasun Sailak aldatu egin zuen ebazpena: Jaizkibeli eskatu zion ez joateko manifestazio gisa, pankartekin, eta aurkakoei eskatu zien plastikoak «saihesteko». Jaizkibelek eskaria bete zuen, baina plastikoek hor segitu zuten.

2015. Gipuzkoako Aldundia ez zen joan desfile parekidera —aurreko lau urteetan, bai, Bildurekin—. Plastiko beltzez egin zioten irain Jaizkibeli.

2017. Aurreko urteetan baino desfile lasaiagoa egin zuten konpainia parekideko kideek, ertzain uniformedunik gabe. Protestara joandakoek gerritik behera jarri zituzten plastikoak, Ertzaintzak hala aginduta.

2018. Aspaldiko biderik gogorrena egin zuen Jaizkibelek: irain eta txistu artean desfilatu zuen Kale Nagusian. Isunak jarri zituen Ertzaintzak. EAJren ordezkaritza taldea txalotzera joan zen, lehenengoz.

2019. Inoiz baino jende gehiago irten zen Jaizkibelen, eta kalean ere babes handiagoa izan zuen konpainiak. Arbuio keinuak txikiagoak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.