Ikerketa. Euskararen egoera. Miren Josu Omaetxebarria. Ikergazteren zuzendaria

«Patxada eta naturaltasun osoz egin dugu gure hizkuntzan»

Ikergazte kongresuaren emaitzarekin pozarren mintzo da zuzendaria. Mugarria izan da: bi urte barru, beste kongresu bat antolatuko du UEUk.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Ikergazte kongresuan murgilduta eman ditu azken egunak Miren Josu Omaetxebarriak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1970). Lehen balorazioa egin du, eta lortutakoaz «oso-oso pozik» mintzatu da.

Zer balorazio egin duzue?

Oso ona. Oso pozik geratu gara antolatzaileok, eta parte hartu duten gazteak ere bai; hori sumatu dugu. Haiek izan dira altxorra.

Mugarri bat jarri duzue asteon.

Bai. Mugarria izan da, eta arnasgunea euskararentzat eta ikerkuntzarentzat. Lehen aldia da horrelako zerbait egiten dela. Jardunaldi espezifikoak egiten dira, baina Euskal Herrian ez dugu ezagutu diziplina anitzeko halako ekitaldirik. Bi urte barru beste leku batean egiteko asmoa dugu.

Ikertzaile asko bildu zarete. Nolako testigantzak jaso dituzu?

Ikerketa kanpora begira egiten dute gehienek, nazioarteko aldizkarietan argitaratzeak dakarren balioa aprobetxatzeko. Ingelesez egiten dituzte artikuluak normalean, eta nazioarteko kongresuetan ere hala hitz egiten dute; Espainiako Estatuan bada, espainolez. Aipatu dute eskertzekoa dela behingoagatik estres linguistikoa ez pairatzea. Askotan, lana azaltzearen estresari gehitu behar diozu hizkuntz estresa. Kasu honetan, patxada eta naturaltasun osoz egin dugu gure hizkuntzan.

Euskaraz azal daiteke ikerketa.

Dudarik gabe. Ez dago mugarik. Ez da zailtasun izan hizkuntza; aurkakoa. Lehen aldiz, aukera izan dute askotariko entzuleen aurrean euskaraz ikerketa azaltzeko.

Bi urte barru izango da hurrengoa. Zein etxeko lan dauzkazue?

Poster aurkezpenen saioak umezurtz geratu dira; beste formatu bat landu beharko dugu. Txukundu beharreko xehetasunak dira. Baina bide bat egina dago jadanik. Ikergazten parte hartu duten askok aurretik ez zuten UEUren berririk, eta hori egina dago. Sarea osatuko dutela ziur nago; laborategi eta ikerketa zentroetan bidea erakutsiko dute bi urte barru egingo den Ikergazterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.