HILDAKOAK

2019ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Azken hamarkadetan pertsona bat baino gehiago hil da Frantziako Poliziaren jardunaren ondorioz. Hauek dira kasurik esanguratsuenetako batzuk.

Malik Oussekine

1986ko abenduaren 5ean hil zuen Poliziak, Parisen. Ikasleek okupatutako Sorbonako unibertsitatea hustu zuen Poliziak. Hegalari unitateak —motoan ibiltzen ziren, binaka, egurrezko borra handiekin — patruilatzen ari zirela, Malik Oussekine gaztea harrapatu eta jipoitu zuten. Bi polizia kondenatu zituzten, bi eta bost urteko presondegi zigorretara, gibelapenarekin.

Zyed Benna eta Bouna Traore

2005eko urriaren 27an, Zyed Benna 17 urteko gaztea eta Bouna Traore 15 urteko gaztea elektrokuta hil ziren, Poliziari ihes egiteko azpiestazio elektriko batean gorde ondotik. Poliziaren jokabidea zalantzan emana izan zen, baina bi bakarrik auzipetu zituzten; errugabetzat jo zituzten 2016an.

Remi Fraisse

2014ko urriaren 26an hil zen, jendarmeen OF F1 eraso granada batek zaurituta —75 gramo TNT ditu—, Sivensen (Okzitania) eraiki gogo zuten urtegiaren kontrako protestetan. Gerora, Frantziako Gobernuak debekatu egin zuen halako granadak erabiltzea. Familia auzitara joaten entseatu arren, instrukzio epaileek kasua artxibatzea erabaki zuten.

Adama Traore

2016ko uztailaren 19an hil zen, jendarmeria batean, itota; haren familiaren ustez, hiru jendarmek beren pisuarekin zapalduta. Bi urteko gorabeheren ondotik, aurten ikerketa berria abiatzea erabaki du instrukzio epaileak.

Steve Maia Caniço

Ekainaren 21eko musikaren bestan Naoneden (Bretainia), Loire ibaiertzeko gune bakartu batean, orduz kanpo ari zirela argudiatuta, bestan ari zirenen kontra oldartu zen Polizia negar gasak erabiliz. Bestazale bat baino gehiago uretara erori zen; tartean, Steve Maia Caniço. Aste batzuez desagertua egon ondotik, uztailaren 29an aurkitu zuten haren gorpua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.