Koronabirusa

AstraZenecaren gaineko txostena gaur aurkezteko asmoa du EMAk

Erakundeko ordezkari batek esan du txertoak lotura duela zenbait tronbo kasurekin. EMAk ez du oraindik ikerketaren emaitzarik zabaldu

Maria Ortega Zubiate
2021eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
AstraZeneca konpainiaren txertoa hartu ostean zenbaitek tronboak izan dituztela jakin da, eta osasun arazo horiek txertoarekin lotura dutela baieztatu zuen atzo Marco Cavalerik, EMA Sendagaien Europako Agentziako txertaketa arduradunak. Azaldu zuen oraindik argitzeke dagoela tronbosiak zerk eragiten dituen, erlazio ukatzea «zaila» bada ere.Emakume gazteek osasun arazo horiek izateko arrisku handiagoa dutela ere esan zuen. Hala ere, azpimarratu zuen txertoak, oro har, onura gehiago dituela kalteak baino, eta txertatzeko adinei buruzko «ikerketa sakona» egin beharko dutela txertaketak ondo bideratzeko. EMAri aurrea hartu zion Cavalerik hitz horiekin; izan ere, agentziak AstraZenecaren txertoek izan ditzaketen arriskuen ikerketan oraindik «ondorio argirik» atera ez duela jakinarazi baitu orain arte. Erlazioabaieztatu zuen Cavalerik Il Messagero Italiako egunkarian egindako adierazpen batzuetan. Agentziak adierazi du gaiaz egindako ikerketaren emaitza ofizialak gaur arratseankaleratzeko asmoa duela.

Txertoaren arriskuei buruzko eztabaidaren soka luzea da. Lehen susmoak agertzearekin batera, Europako hamasei estatuk utzi zituzten bertan behera txerto horiek jartzeko kanpainak, behin behinean. Martxoaren 18an ezeztatu egin zuen EMAk tronboak txertoak eragindakoak izan zitezkeekin, baina handik bi astera lotura hori guztiz ezin zela ukatu onartu zuen.Dena den, hasieratik azpimarratu du onurak kalteak baino ugariagoak direla. EMAren txostenaren esperoan daude Alemania eta Herbehereak, 60 urtetik beherakoen txertaketa geldiarazita baitute behin-behinean. Ez dago argi txertatze kanpainetan zer eragin izango duen lotura baieztatzen bada, baina susmoa dago atzerapenak izango direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.