Giza katea. Hautetsien arrazoiak

IRITZI ASKOREN TOPALEKU

Hautetsi eta ordezkari politiko ugarik ere parte hartuko dute Gure Esku Dago-k antolatutako giza katean, beste zenbait arlotan dituzten desadostasunak gorabehera. Hautetsi horietako batzuek BERRIAri azaldu diote zergatik izango diren gaurko mobilizazioan.
2015eko ekainaren 21ean GEDek antolatutako ekitaldia, Iruñean.
2015eko ekainaren 21ean GEDek antolatutako ekitaldia, Iruñean. I ZABALETA / FOKU

Gotzon Hermosilla -

2018ko ekainak 10
Asko dira erabakitzeko eskubidea modu batera edo bestera aintzat hartzen duten euskal indar politikoak, eta gehiengoa osatzen dute Hego Euskal Herriko instituzio garrantzitsu guztietan. Gure Esku Dago-k antolatutako giza katea aniztasun horren isla izango da, eta beste zenbait arlotan oso iritzi desberdinak eta are kontrakoak dituzten hautetsi eta ordezkari politiko askok bat egingo dute giza katearekin.

Mobilizioan parte hartuko duten zenbait hautetsirekin harremanetan jarri da BERRIA, eta guztiei galdetu die ea zerk bultzatu dituen giza katearekin bat egitera.

ENEKO GOIA

Donostiako alkatea (EAJ)

«Abertzale bezala, Euskal Herriak bere buruaren jabe izan behar duela deritzot. Gure Esku Dago-k erabakitzeko eskubidea du aldarri, eta herritarrek zein eredu politiko nahi duten aukeratzea demokrazian sakontzea izango litzatekeen neurrian, bat nator ekimen honen izpirituarekin».

GORKA URTARAN

Gasteizko alkatea (EAJ)

«Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Nazioarteko Itunaren lehenengo artikuluaren arabera, herrialde guztiek dute determinazio askerako eskubidea. Itun hori Espainiako Gobernuak berretsi zuen, baina ez du betetzen. Guk, herri bezala, gure etorkizuna askatasun osoz erabakitzeko eskubidea dugu. Erabakitzeko eskubide hori betidanik defendatzen duen alderdi politiko baten parte naiz. Eta, horregatik, politika eta baita familia tradizioa dela eta, igandeko katean parte hartuko dut».

LORENA LOPEZ DE LACALLE

EH Bilduko Arabako batzarkidea

«Erabakitzeko eskubidea defendatzeko parte hartuko dut. Uste dut oso garrantzitsua dela kalera jotzea, batez ere orain, Espainiako gobernu aldaketaren ondoren. Madrildik ikusi behar dute Euskal Herrian ere jende asko dagoela erabaki nahi duena, eta errespetuz tratatuak izatea baino ez dugula eskatzen. Beste aldetik, Madrilen ikusi behar dute gure aldarrikapenak pozez beterik eta giro positibo batean egiten ditugula, ez modu liskartsuan. Izan ere, erabakitzea normala da munduko leku askotan: Eskozian, Quebecen eta beste herrialde askotan egin dute, eta guk ere normaltasun osoz erabaki nahi dugu».

JOSETXO ARRIETA

Ahal Dugu-ko senataria

«Nik Irungo jendearekin parte hartuko dut. Niretzat, benetako parlamentua kalean dago. Honetan kolore guztietako pertsonek bat egin behar dugu, gure nahia eta asmoak adierazteko. Erabakitzeko eskubidea eskubide demokratikoa da, eta hau ere aldarrikatu behar dugu. Niretzat, demokrazia parte hartzailea garrantzitsuagoa da ordezkatze demokrazia baino».

OLATZ PEON ORMAZABAL

Tolosako alkatea (EAJ)

«Oinarrizkoa den printzipio demokratiko bati babesa adierazteko parte hartuko dut. Herri bat gara, eta herri subirano izan nahi dugu. Edozein gizartek eskubide osoa du bere etorkizuna erabakitzeko, herri horren norantza adosteko beren nahien arabera, inongo eta inoren mendekotasunetik at. Lurraldeek baino gehiago, bertan bizi garenok egiten dugu herri, muga administratiboetatik haratago, eta demokrazia izanik eredu, erabakitzeko eskubidea errespetatu behar da. Legeak dira herritarrei egokitu behar zaizkienak, ez alderantziz. Etorkizuna herritarrona da, eta erabakitzeko gure arrazoiak plazaratzeko gune izango da giza katea».

AMETS JAUREGIZAR

Bakioko alkatea (EH Bildu)

«Gure Esku Dago-k antolatutako giza katean parte hartuko dut uste dudalako erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubide bat dela. Edozein arlotan, egunero hartzen ditugu erabakiak: kirol arloan, kulturan, erabaki ekonomikoak eta abar. Eta erabaki horiek era askean hartzea aldarrikatzen jarraitu behar dugu, herritarrekin batera Bakiok bere etorkizuna irudikatu dezan. Uste dut nire lana herritarrak erabakietan ahalduntzea dela. Euskal Herriaren etorkizunari dagokionez, berdin egin behar dugu: herritarrak ahaldundu, zer izan nahi dugun erabakitzeko».

NESKUTZ RODRIGUEZ

Ahal Dugu-ko Bizkaiko batzarkidea

«Giza katean parte hartuko dut erabakitzeko eskubidearen alde nagoelako, beti adierazi dudanez. Bestalde, uste dut Euskal Herriko herritarrok zehaztu behar dugula zer-nolako harreman mota eduki nahi dugun beste herriekin edo beste subjektu politikoekin».

TXELO AUZMENDI

Asparreneko alkatea (EH Bildu)

«Aurreko edizioan aktiboki parte hartu nuen, eta oraingoan ere horrela izango da, arrazoiez gainera barrutik ateratzen zaidalako. Oso ekimen polita eta beharrezkoa dela iruditzen zait. Jai giroan, aukera izango dugu herri bezala erabakitzeko daukagun eskubidea aldarrikatzeko eta ikusarazteko. Gaur, eskuak elkarri emango dizkiogu».

MARIA EUGENIA GALARRETA

Trebiñuko zinegotzia (AEICT)

«Aurrekoan, Gernikako ekitaldian egon ginen, giza kateari gure sostengua adierazteko. Guk parte hartuko dugu erabakitzeko eskubidearen alde gaudelako, are gehiago gure kasuan: 1998an erreferenduma egin genuen Trebiñun; han argi gelditu zen herritarrek Arabako herritar izan nahi dutela, eta, hala ere, Trebiñu oraindik Gaztela eta Leonen barruan dago. Baina, gure auziaz harago, nik uste dut herri guztiek dutela non, nola eta norekin bizi nahi duten erabakitzeko eskubidea. Horregatik, Trebiñuko kuadrillatik joango gara gure kilometroa betetzera».

IKER ALDAZABAL

Soraluzeko alkatea (EAJ)

«Soraluzetarroi igande honetan Elgoibarren egokitu zaigu kilometroa egitea. Zeintzuk dira parte hartzeko arrazoiak? Bada, gu herri bat gara, eta herri bat garen heinean, erabakitzeko eskubidea daukagula pentsatzen dut. Hori ozenki eta indarrez aldarrikatzeko eta euskal herritar guztiei jakinarazteko egongo gara Elgoibarren».

IDURRE BIDEGUREN

Bermeoko alkatea (EH Bildu)

«Euskal Herrian bizi garenok gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea daukagu, eta, oraingo testuinguruan, beharrizana eta ilusioa daukagula erakusteko parte hartuko dut giza katean. Jendetza batzea gustatuko litzaidake, eta epe laburrera erabakitze eskubidea gauzatzea».

PATXI LOPEZ LAKUNZA

Durangoko zinegotzia (Herriaren Eskubidea plataforma)

«Nik eta nire familiak parte hartuko dugu, uste dugulako Euskal Herriko etorkizuna Euskal Herrian bizi garenok erabaki behar dugula, ez beste inork. Hori da arrazoi nagusia».

ENEKA MAIZ ULAIAR

Etxarri Aranazko alkatea (EH Bildu)

«Gure Esku Dago-ren giza katean parte hartuko dut erabakitzeko eskubidearen alde nagoelako, hori delako gure etorkizuneko giltza, gure instituzioei eta gure lurraldetasunari buruzko erabakiak geuk hartu behar ditugulako, eta pentsatzen dudalako formula horren bidez egin behar dela gure herriaren etorkizuneko gauzatze hori. Horretara iristeko, uste dut gizarte zibilaren mobilizazioetan eta lan dinamikan oinarritu behar dugula; hortik etorriko da bultzada nagusia, eta, Gure Esku Dago gizarte zibilaren mugimendu bat den neurrian, pentsatzen dut babes osoa eman behar diogula».

OIER KORTA

Zumaiako alkatea (EAJ)

«Iruditzen zait Euskal Herriak etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea duela. Horren aldeko mugimendua garrantzitsua iruditzen zait aldarri hori indarrean jartzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna