Manganeso, artseniko eta kobre kutsadura hazten ari da Zabalgarbi aldean

Kobetamendi ez da haur jolaserako gune egokia, eta Artigas inguruan dioxina kopuruak Alemaniako arauaren muga bikoiztu du

inaki petxarroman
2019ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Metal astunen kutsadurak beste koska bat egin du gora Bizkaiko errauste plantaren inguruan. Nabarmentzekoak dira artseniko, manganeso eta kobre pilaketak, bai lurrean eta bai landareetan. Zabalgarbik berak eskatuta, Tecnaliak egindako txosten baten arabera —Bizkaiko Hiri Hondakinen Balorizazio Plantaren inguruko ur, landare eta lurraren kalitateari buruzko azterketa—, 2018ko urtarrilean hartutako lurreko laginetan aurkitutako kutsadura «aintzat hartzekoa» da, kasuen %11n gainditu egin baita planta martxan deneko 95 pertzentila.

Lurreko kutsadurari dagokionez, 11 tokitan gainditu da EAEko lurrei ezarritako metal astunen kutsadura muga (VIE-A). Horrez gain, manganesoari dagokionez, hiru kasutan datuak handiagoak dira AEBetako Inkesta Geologikoak lur kutsatuetarako ezarritakoak baino. Aintzat hartzekoa da, esate baterako, azken urteotan manganesoaren kutsadura izaten ari den hazkundea. Besteak beste, erregai fosilen errekuntzan eta bestelako prozesu industrialetan sortzen da manganesoa, eta eragin larria izan dezake gizakien osasunean. Txostengileek aitortu dute hiru gunetan gainditu dela AEBetako legearen erreferentziazko muga, baina ez dakite horrek ingurumenean zer eragin zehatz daukan, Zabalgarbiren ingurumen legeari ezarritako ebaluaziorako balio adierazgarria (VIE-B) ez delako zehaztu metal astun horrentzat.

Bestalde, aitortu dute lehen gunean, Kobetamendi inguruan, artseniko kutsadurak gainditu egin duela ezarritako erreferentziazko kopurua: 30 miligramo kiloko. Hala, gune hori ez da haur jolaserako aproposa. Kobetamendiko laginetan, gainera, azken urteotan ez bezala, Alemaniako araudiak erabilera orotako lurretarako ezarritako dioxina kutsaduraren muga gainditu da.

Konparaziorako, Zabalgarbi martxan jarri zenean aztertutako gune horietako kutsadura mailagainditu egin da kasuen %18tan. Are eta handiagoa da kopuru hori landareetarako. Izan ere, aztertutako eremuen %26tan handitu da plantan martxan jarri zenean zegoen kutsadura maila. Aurreko txostenetan bezala, honetan ere, zientzialariek nabarmendu dute ezin dela jakin zenbat eragin dion Zabalgarbik horretan, inguruan balizko kutsadura iturri gehiago daudelako: Artigas zabortegia, Profusa galdategia eta inguruko hainbat errepide.

Landareetako poluzioa

Lurretan ez ezik, landareetan ere artseniko, kobre eta manganeso kutsadura da gehien nabarmendu dena 2018ko urtarrilean egindako txostenean. Jakinekoa zen, aurreko azterketako joerari eutsiz, artseniko kopurua hirukoiztu eta laukoiztu egin dela Zabalgarbiren inguruko landareetan.Baina manganesoa eta kobrea ere pilatzen ari da azken urteotan. Esate baterako, manganesoari dagokionez, hiru gunetan nabarmen hazi da landareetan topatutako kutsadura, planta martxan denetik egin diren azterketen batez bestekoarekin konparatuta.

Aparteko kasua da kobrearena ere. Izan ere, zazpi gunetan batezbesteko historikoaren gainetik azaldu da landareetan. Kasu askotan bikoiztu, eta bakarren batean hirukoiztu ere egin da. Antzekoa gertatzen da artsenikoarekin; baina, kasu horretan, aurreko txostenetan atzeman zuten haren presentziaren hazkundea. Txostengileek uste dute, gainera, joera hori «egonkortu» egin dela azken neurketetan.

Atmosferako isuriak

Bestalde, berotegi efektuko gasen Bizkaiko isurtzailerik handienetako bat da Zabalgarbi. Azken urteotan, gainera, handitzen ari da isuriak. PRTR-R erregistroak jasotako datuen arabera, 2017an 273.000 tona CO2 isuri zituen. Bost urtean, %26 handitu ditu isuriak. Errekuntzan sortzen den NOx isurtzaile handia ere bada. 2017an, 283 tona isuri zituen, 2013an baino %20 gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.