Katalunia

Llarenari kereila jartzearen ondorioetan pentsatzeko esan dio Madrilek Torrenti

Torrentek esan du Sanchezen inbestidura oztopatzea «beste orrialde ilun bat» idaztea dela. Prebarikazioa egotzi dio parlamentuak epaileari

Roger Torrent eta mahaiko kideak, Llarenaren erabakia baloratzeko egindako bileran. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epailearen aurkako kereila aurkeztea onetsi du Kataluniako Parlamentuko Mahaiak. Jordi Sanchez diputatuaren inbestidura saioa «oztopatuta», Llarenak prebarikazioa egin dutela adierazi du mahaiak. ERC eta JxC alderdiko ordezkarien aldeko botoekin onartu du proposamena. Aurkako botoa eman dute PSCk eta Ciutadansek. CUPek eta PPk ez dute ordezkaritzarik mahaian; Catalunya en Comuk bai, baina boto eskubiderik gabe.

Parlamentuko abokatuek «zalantzak» dituzte kereilaren egokitasunaz; haien esanetan, diputatu bakarrari dagokionez, komenigarriagoa litzateke lege neurriak diputatuak berak edo haren taldeak hartzea. Marta Rivas Catalunya en Comuk parlamentuko mahaian duen ordezkariak, berriz, kanpo azterketa bat eskatu du, kereilaren bideragarritasuna argitzeko. Bien bitartean, Auzitegi Gorenean kexa formal bat ezartzeko galdegin dio mahaiari. Azken hori onartu egin du Roger Torrent parlamentuko presidenteak.

Torrentek proposatu du kereila. Haren esanetan, Llarenak «beste orrialde ilun bat» idatzi du Sanchezen inbestidura saioa galarazita, eta dei egin die alderdi guztiei, «erasoak izan diren eskubide zibil eta politikoak defendatzeko». Atzoko deitua zegoen Sanchezen inbestidura saioa, baina, Llarenaren erabakiaren ostean, datarik aipatu gabe atzeratu du Torrentek.

Erabakiaren aurka mintzatu dira PSC, PP eta Ciutadans. PSCk arbuiatu egin du parlamentua «arma jaurtigarri gisa» erabiltzea. Ciutadansek, berriz, erabakia birpentsatzeko eskatuko dio parlamentuko mahaiari, eta, ohartarazi du eskaria onartuko ez balitz, «azken xehetasunera arte» ikertuko duela kereila ezartzeko diru publikoa erabiltzen ote den. CUPek, erabaki ahalmenikizan ez arren, kereila onetsi du.

Espainiako Gobernuaren bozeramaile Iñigo Mendez de Vigokarbuiatu egin du kereila jartzea, eta esan du parlamentuaren «bidegabeko erabilera delitua» izan daitekeela. Abokatuei jaramon egiteko eskatu dio Torrenti: «Gero ez dezala esan ez dakiela zer ondorio dituen egindakoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.