urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Karibeko anekdota bat

2017ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Duela hamar urte, artean 30 urtera iritsi gabe, orain baino bidaia luzeagoak egiteko aukera neukan. Lanaren prekarietatea lagun —ordezkapenetarako aukera gutxi izaten zen neguan— eskualde epelagoetara jo izan nuen behin baino gehiagotan. Antilletan eta Amerika Erdialdean eman nuen, beraz, 2007ko negu hura. Hala iritsi nintzen Zuberoa baino txikixeagoa den Dominika uhartera, Martinika eta Guadalupe Karibeko frantses lurraldeen artean.

Jean Rhys dominikar Nobel saridunaren Sargazo itsaso zabala euskaratu berri zen (itzultzailea, Txomin Arratibel) eta liburuaren bi kopiarekin joan nintzen uhartera, Roseau hiriburuko jaiotetxean dagoen museo txikian uzteko. Bakarrik ibili nintzen museoan, eta hirian ere patxadan egin nuen txangoa, egurrezko atari dotoreen eta galeria zabaleko etxeen artean. Bere txikian, itzel ederra da Dominika, kultura bizi-bizia dauka, hiriburu atsegina, Karibea eta Atlantikoa, eta oihan zoragarri batek estalitako erdigune menditsua. Baina harea zuriko hondartzarik ez. Horregatik, Martinika edo Antiguaren aldean oso turista gutxik bisitatzen dute Dominika, eta bisitarietako asko hondartzaz gain ekoturismoa eta mendian ibiltzea maite dutenak izan ohi dira.

Ia biztanle guztiak beltzak dira, Afrikan esklabo hartutakoen ondorengo. Baina Dominikan hiru mila karibe indigena bizi dira oraindik, eta Atlantiko ertzean hamabost kilometro koadroko eskualde autonomoa ezagutzeko asmoz joan nintzen. Oihana errepidera irteten, egurrezko habeen gainean eraikitako etxe xumeak, oiloak kaletik, txakur meharren bat... baina biztanleek afrikar arrastoen ordez oliba-koloreko azala eta asiar kutsuko begiak dituzte. Inauteri bezperatan egonik, ilunabarretan, herritarren entseguetan egon nintzen, danborrak jo eta jo pasatzen zirela kaletik. Harrotasun indigena aldarrikatzeko egindako murala ere bisitatu genuen, baita turismora begira prestatu zuten museo irekira ere: egurrezko eta lastozko etxolak, ontzigintza, artisautza, cassava janaria eta beste hainbat informazio bai… baina turistarik ez.

«Bihar pasako dira gutxi batzuk, eta museoa amaitzean askoz gehiago etortzea espero dugu» esan zidaten. Biharamunean, jaikitzeaz bat, desberdina zirudien herriak. Eta hiriburura iristean, are nabarmenagoa zen aztoramendua: ontzi erraldoi bat sartzen ari zen portuan. Karibean egiten diren kruzeroetako bat zen, ordu batzuetako geltokia Dominikan egiten. Hiriburua bera baino askoz handiagoa zirudien ontziak. Eta uharte osoa hantxe, zain. Autoa alokatuta neukan, esana baitzidaten egun hartan alferrik bilatuko nuela garraiorik. Musikako ozen herritarrak uhartean aurrera eta atzera zeramatzaten minibus eta furgonetak ere hantxe zeuden, kruzerotik jaistear ziren turisten zain. Ordu gutxi batzuk Dominikan egoteko, uhartea inguratzeko, urpean ibiltzeko, mendiko txango bizkorren bat egiteko edo karibeen lurraldera joateko. Eta ordu horietarako, galaz jantzita dominikarrak. Eguneroko arropen ordez, Ipar Amerikako raparen estetika erabat ezabatuta eta itxura kostunbrista hartzen zuen, «karibetar» jantzia, zimitzezko txanoak, alkandora koloretsuak, marakak edo beste edozein salgai eskuetan… Ez txarto ulertu, neu ere kruzeroan zetozenak bezain turista nintzen, baina uhartean emandako denborak, egindako harremanek, uharteko patxada hura neurri baten behinik behin neureganatu izanak, begirada aldatzea ere ahalbidetu zidan.

Patetiko samarra da bere buruari turista izaera ukatzen dion bidaiaria, turismotik urrundu guran turismoa ekartzen dabilela ohartu gabe. Mundu guztiak turismoak erasan gabeko leku «autentikoak» gura ditu, horiek aurkitze hutsak kontraesana badakar ere. Baina bidaiatzeko era guztiak ez dira berdin. Denbora, errespetua eta patxada, begirada zorrozteko ezinbesteko dira, geroz eta gehiago «ikusi beharrekoen» zerrenda ezabatzera jotzen den sasoiotan. Eta gogoan izan halaber, kanpoan bilatzen dugun ustezko «autentikotasun» horren bila datozela ziur aski bisitariak gurera. Garena ezagutzera badatoz, ez gaitezen ibili nahi luketenaren eta behar genukeenaren konplexuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.