Jon Ander De la Hoz.
Espainiako Kopako finala. ANALISIA

Laranjondoaren itzala luzeegia da

2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Herbehereetako teknikariak loriaren sinonimo dira Bartzelonan. Hala izan zen Johann Cruyff, estreina, Frank Rijkaard gero, eta Ronald Koeman, azkena. Laranja kolorekoen herrialdekoak taldearen gidari izan direnean, garaikurrak bildu dituzte katalanek. Prestatzaile bakoitzak bere estiloa ezarrita, distira gehiagorekin ala gutxiagorekin, baina matematikoa da. Itxura ezberdineko fruituak eman ditu laranjondoak, baina zuhaitz emankorra da Bartzelonan sustraitzen denean.

Koemanek ere atera dio zukua bere egiteko moduari; atzo, ez zirudien abuztuan hondoa jotako talde hura. Neurketa hasi orduko garai bateko nagusitasuna irudikatu zuen Bartzelonak. Athleticek lagundu egin zion horretan, gainera, presio egiteari uko egin baitzion. Marcelino Garcia Toralenak zer gerta atera ziren zelaira, eta baloiaren atzetik lasterka egin beharrean izan ziren. Bilbotarren entrenatzaileak deus gutxi aldatu zuen Realaren aurkako hamaikakorekin alderatuta; arazo fisikoak izan dituen Yuri Berchiche, eta Unai Vencedor. Horrek agerian uzten du berritasunak txertatzeko duen tarte txikia; karta bakarreko taldea da Athletic.

Hala, Koemanek egindako planteamendu erasokorrak min egin zien zuri-gorriei; Bartzelonaren atzeko lerroaren erdialdean hiru lagun aritu ziren. Nahiko eta soberan izan zituen Marc Andre Ter Stegenen atea zaintzeko.

Horiek salbu, beste guztiak zuri-gorrien atera begira aritu ziren. Hegaletan, zelaiko metro guztiak korritzeko gai diren bi jokalari: Jordi Alba eta Sergiño Dest. Zelai erdian, berriz, Frenkie De Jong, Sergi Busquets eta Pedri. Giharra erakutsi, lehoiak bezatu, eta Antoine Griezmanni eta Leo Messiri bidea erraztu.

Eskema horri segika, Bartzelonak oinpean izan zuen Athletic. Lehen zatiko 25. minutuan %87ko baloi jabetza zuten katalanek, eta %82koa 40.ean. Itomen horretan arnas pixka bat hartu nahi zuten bizkaitarrek, baina Bartzelonak ondo egituratutako plana zuen. Zelai erdian nagusitu, eta hegaletik —eskuinekotik, orobat— barrurantz eginaz aukerak sortzea. Lehen zatian barrualdeko bidea aurkitu ezinda aritu ziren aurkariak, eta horrek salbatu zuen Athletic. Messik kokapen hori duenean sortzen du arrisku gehien, eta ez hark, ez kideek, ez zuten zirrikiturik aurkitu lehen zatian. Gaitzerdi.

Neurketaren lehen erdiari neurria hartzea kostatu egin zitzaien lehoiei. Bigarrenari ere ez zieten eroso ekin. Kontrarioak estutzera egin zuen berriz ere, baina presarik gabe. Geroz eta gehiago bilatu zuten Messi izarra, jeinutasunen bat egin zezan. Horrek, automatikoki, inbutuaren bidea eginarazi zion baloiari: zabaletik estura egin, eta Athleticen areara penalti puntuaren ingurutik gerturatzea. Guztia, pase laburretan.

Bien bitartean, Athleticen aurrera egiteko modu bakarra baloia ostikoz jo eta Iñaki Williamsekin saiatzea zen, baina bakarrik gutxi egin zezakeen harrobiko jokalariak. Oldarkotasunik gabe aritu ziren zuri-gorriak.

Eta hala, Griezmannek gola egin arte. Ordura arteko eskemak hautsi, eta hegaletik egindako jokaldian, gainera. Golarekin batera hautsi zen Athletic. Akabo harresia. Erdiraketa batetik heldutako beste gol batean, bigarrena egin zuen Bartzelonak. Ez Messiren jenialtasun, ez metro koadroko jokaldi. Athleticen kamustasuna kontutan, ordu erdia soberan zuen Bartzelonak. Eta hirugarrena heldu zen gero; laugarrena, ondoren. Athleticen atzeko lerroa zulatua zegoen zen ordurako. Koemanen estiloan hasi, eta Rijkaard eta Cruyff herrikideen eran amaitu zuen Bartzelonak. Larajondoaren itzalaren gerizpean gozo dira katalanak, eta hori izaten da kontrarioaren gazia. Atzokoan, Athleticena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.