Raquel Marti. UNRWAko Espainiako burua

«Finantzaketa murriztuz doa, eta errefuxiatuen beharrak, berriz, handituz»

UNRWA.
arantxa elizegi egilegor
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko Espainiako zuzendaria da Raquel Marti. Azken egunetan eskuak bete lan dabiltza bulegoan, diru bilketa kanpainak egiten; izan ere, nazioartearen babes ekonomikoa nabarmen murriztu da azken urtean eta horrek ondorio larriak ditu euren eguneroko lanetan.

Zuek aspalditik zenekiten egoera hau helduko zela, ezta?

Guk urte hasieran jakin ohi dugu NBE Nazio Batuen Erakundeko herrialde bakoitzak zenbateko ekarpena egingo duen, eta horrekin aurreikusten dugu errefuxiatuen beharrak asetzeko gai izango ote garen. Aurtengo ezustekoa izan da Golkoko hainbat herrialdek ez dutela egin iazko ekarpen bera, 27 milioi euro eman dituzte, eta aurreko urtean 167 milioi euro eman zituzten. Baina azkenean, 2012ko diru kopuru bera eskuratu dugu, eta noski errefuxiatu palestinarrek egun ez dituzte duela zortzi urteko behar berak.

Gure finantzaketa murriztuz doa, eta errefuxiatuen beharrak handituz, ez bakarrik pandemiaren ondorioz, baita gatazka asko denboran luzatu direlako. Dela Israelen okupazioaren ondorioz, dela Siriako gerrarengatik, edo Libanoko leherketaren osteko egoeragatik, errefuxiatuek gero eta behar handiagoak dituzte.

Arazoa da, beraz, NBEren menpeko bulegoek ez dutela aurrekontu zehatz bat.

Hori da. NBEko kide diren herrialdeen borondatezko ekarpenei esker egiten dugu lan. Baina kontuan izanik, UNRWAren misioa hiru urtetik behin berritzen dela, eta azken aldiz, iazko abenduan bozkatu zuten bulegoak lanean jarraitzearen alde. 170 herrialdek bozkatu zuten alde. Modu horretan herrialde horiek konpromiso bat hartu zuten, baina ez dute hitza bete eta ez dute erakundea diruz lagundu.

Zer gertatuko da egungo testuingurua aldatu ezean?

Momentu honetan langileei azaroko soldataren zati bat ordaintzeko lain soilik geratzen zaigu; hurrengo hilabetean hori ere ezingo genieke ordaindu. Ez da ahaztu behar kudeatzen ditugun 700 eskolak, 144 erietxeetan eta janaria banatzeko guneetan lanean ari diren 28.000 lagun horietatik asko errefuxiatuak direla, eta maiz familia ugaritako kideak. Haiek soldatarik jasotzen ez badute, familia osoaren bizi baldintzei eragiten die. Errefuxiatu palestinarrei laguntzen dien agentzia bakarra gara; guk lan hori egiten ez badu inork ez gaitu ordezkatuko.

Esaterako une honetan, urtarrileko janari banaketa egiteko milaka tona janari erosten ari beharko genuke. Gazan 1,2 milioi palestinarren artean banatzen dugu janaria eta Siriako kanpalekuetan 430.000 errefuxiaturen artean. Palestinar horiek ez dute beste alternatibarik, eta guk une honetan ezin diegu lagundu dirurik ez dugulako.

Irakurri gehiago: UNRWAk lanak eten beharko ditu nazioarteak dirurik eman ezean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.