Orbeak 175 urte

MALDA GORA, MALDA BEHERA

Orbeak 175 urte bete ditu aurten. Eibarren armak ekoizten hasi zen enpresak bizikletak ekoizten ditu orain Mallabiko lantegian. 1998an nazioartekotzeko apustua egin zuen, eta izen handiko bizikleta markekin lehiatzea lortu du.
1
1 ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

Arnaitz Lasarte -

2015eko urriak 4
Pistolak egiten hasi zen 1840. urtean eta bizikletak egiten ditu orain. Horixe Orbea kooperatibaren bilakaera esaldi batean laburbilduta. 175 urte bete ditu aurten, eta bere ibilbidean gorabehera asko izan ditu. Gehiegi, esaldi batean azaltzeko. Aroz aro egokitzen joan da Orbea. Malda gora, malda behera bizikleten sektoreko erreferente bihurtu da.

Orbea anai-arrebek 1840an Eibarren (Gipuzkoa) abiarazitako arma lantegi txikia hazten joan zen urtez urte, Lehen Mundu Gerran goia jo zuen arte. XX. mendearen hasiera oparoa izan zen arma ekoizleentzat. Gerra bukatuta krisialdia iritsi zen eta beste sektore batzuetara igaro behar izan zuten. Besteren artean bizikletak egiteari ekin zion Orbeak.

Urte onak ezagutu zituen, baina motordun ibilgailuen agertzearekin salmentak makaldu ziren. 1969an, kiebra jotzear, kooperatiba sortu zuten langileek eta Mondragon taldean sartu zen 1971n. Eibarko lantegia itxi, eta Mallabira (Bizkaia) lekualdatu zen enpresa 1975ean. Txirrindulari taldeak sortu zituen datozen urteetan. 1990eko hamarkadan mendiko bizikletaren boom-a iritsi zen. Zailtasunak, gero. Merkatu berriak bilatu beharra. Nazioartekotzearen aldeko apustua egin zuten, besteak beste, AEBetan pausoak emanez. Karbonozko lehen bizikletak merkaturatu zituzten. Euskaltel-Euskadi taldeak markaren izena zabaldu zuen nazioartean. Gako asko esaldi bakar baterako.

ABIAPUNTUA, 1840. URTEAN

Orbea Hermanos enpresa 1840an sortu zuten Eibarren Juan Martin, Mateo, Casimiro eta Petra Orbea Murua anai arrebek. Herriko beste hainbat lantegi bezala armak ekoizten hasi ziren; pistolak eta errebolberrak, batez ere. Apurka-apurka hazten joan zen enpresa: 1895. urterako 50 langile zituen eta 80.000 errebolber inguru egiten zituzten urtean. Urte horretan hil zen bazkide sortzaileetako azkena eta hurrengo belaunaldiaren esku gelditu zen enpresa. Orbea y Cia izena hartu zuen eta berehala bihurtu zen arma txikien ekoizle nagusienetakoa.

PIXKANAKA, HAZTEN

XX. mendearen hasieran esportazioek nabarmen egin zuten gora —ekoizpenaren %90 esportatzen zuten—. Ondorioz, enpresak hazten jarraitu zuen. 1906. urtean, esate baterako, 406 langile zituen. Kartutxoen sektorean ere sartu zen, gainera; egunean 25.000 kartutxo egiten zituzten Orbean. Eskaerei erantzuteko, 1907an kartutxoak ekoizteko lantegi bat ireki zuten Buenos Airesen. 1912. urtean, ordea, ekoizpenaren monopolioa galdu zuen Orbeak eta Eibarreko kartutxoen lantegia itxi behar izan zuen. Armen sektorean segitu zuen buru-belarri.

I. MUNDU GERRAN, GOIA

Lehen Mundu Gerrak iraun zuen bitartean (1914-1918), oparoaldia ezagutu zuen Eibarko ekonomiak. Tartean, Orbeak berak ere bai. 1916an, adibidez, 700.000 armatik gora saldu zituen. Beste aldea agudo iritsi zen, hala ere. 1918an gerra amaitu ondoren, Eibarko fabriketako biltegi asko errebolberrez eta pistolaz beteta gelditu ziren. Eta Orbea ez zen krisialdi horretatik kanpo gelditu. 1924an, familiaren zati batek Eibarko lantegia utzi, eta kartutxo enpresa bat ireki zuen Gasteizen. Beste zatiak Orbea Hermanos izena hartu zuen berriz, eta armen negozioarekin segitu zuen. Horrez gain, makina erreminta sektorean ere egin zuten urrats bat edo beste. Hala, 300 laguneko lantaldea zuen 1924an, 40.000 errebolber egiten zituen urtean eta 40 tona makina erreminta.

BESTE SEKTOREETARA JAUZI

1930eko hamarkadan, Eibarko lantegia armen ekoizpenetik urruntzen hasi zen pixkanaka, Esteban Orbearen zuzendaritzapean. Orbea y Cia S.A deitu zuen enpresa berriz. 36ko gerraren aurretik, fresagailuak, zulagailuak eta bestelako erremintak ekoizten zituzten bertan, eta lehen bizikletak ere garai hartan egin zituzten. Gerraren ondoren, mila laguneko lantaldea zuen eta 50.000 bizikletatik gora ekoizten zituen urtean. Garraiobide gisa bizikletak ospe handia hartu zuen urte haietan eta ospe hori igarri zuen Orbeak. Urte oparo horiek ez zuten asko iraun, ordea. Gero eta ibilgailu motordun gehiago erosten zituzten herritarrek eta bizikleten salmentek nabarmen egin zuten behera. Ondorioz, negozio bide berriak topatu behar izan zuen Orbeak. Besteak beste, aitzindaria izan zen motozikletaren zabalkundean, Frantziako Velosolex markaren eskutik.

KOOPERATIBAREN SORRERA

1960ko hamarkadan larriagotu egin zen bizikleta industriaren egoera. Bizikleten salmentak izugarri jaitsi ziren eta sektoreko enpresek gorriak ikusi zituzten aurrera egiteko. Orbearen egoera ere oso kezkagarria zen. Ordainketak egiteko arazoak zituen eta kiebra jotzeko zorian zegoen. 1.500 langileek beren etorkizuna kolokan ikusirik, 1969an enpresa beren esku hartzea erabaki zuten. Ordura arte buru zen Esteban Orbeari marka erabiltzeko baimena eskatu zioten eta kooperatiba bat sortu zuten. Garai berriak ziren Orbearentzat. 1971n, Mondragon Taldean sartu zen eta 1975ean Eibarko lantegia utzi, eta Mallabira lekualdatu ziren.

IRAUPEN URTEAK

1970eko eta 1980ko hamarkadak ez ziren errazak izan enpresarentzat. Salmentak beheraka egiten zuten erritmo berean, langile kopurua ere murriztuz joan zen —200 ziren 1980an—. Orbearen Yovana, Gua gua eta Furia bizikletek ospea hartu zuten aisialdirako bizikleten artean, baina produktu horiek irabazi marjina txikia zuten. Hori dela eta, 1980ko hamarkadan lasterketetako bizikletetan jarri zuen arreta.

TXIRRINDULARI TALDEAK

Kirolera hurbiltzeko ahaleginean, txirrindulari taldeak martxan jarri zituen: Seat Orbea, Gin MG Orbea, Orbea Danena... Izen handiko txirrindulariak pasa ziren talde horietatik: Pedro Delgado, Peio Ruiz Cabestany, Marino Lejarreta... Delgadok Espainiako Itzulia irabazi zuen 1985ean. Geroztik Orbea beti egon da kirolari oso lotuta. Euskadi Fundazioari batik bat. Euskaltel-Euskadik, esaterako, sona handia eman zion aurreko hamarkadan.

MENDIKO BIZIKLETEK, GORA

Sektorearen bilakaeran, 1990. hamarkada garai garrantzitsua izan zen. Mendiko bizikletaren boom-a iritsi zen AEBetatik, eta horri gehitu behar zaio Migel Indurainek bost Tour irabazi zituela. Bizikletaren salmentek nabarmen egin zuten gora. Orbeak, adibidez, bikoiztu egin zuen ekoizpena. Tsunamiaren ondoren, ordea, barealdia etorri zen. Eskaerak jaitsi ziren eta hainbat enpresak bizikletak ekoizteari utzi zioten: Ravassak Katalunian, Torrotek Euskal Herrian...

1998TIK, MUNDURA BEGIRA

Atzera edo aurrera egiteko garaia zen Orbearentzat ere, eta aurrera egitea erabaki zuen. Inbertsio handiak egin zituzten produktua garatu eta marka nazioartera zabaldu asmoz. Izan ere, ordura arte Euskal Herrian eta Espainian saltzen zuen, batik bat. Geroztik, hainbat herrialdetan filialak sortu dituzte, eta AEB bihurtu da Orbearen merkatu nagusiena Europarekin batera —salmenten %80 merkatu horietan egiten dituzte—. Egun, 280 langile ditu kooperatibak, eta bi lantegi nagusi: Mallabian bat, eta Portugalgo Aveiron bestea. Aurten arte beste lantegi bat ere bazuen Txinan, Kunshanen, baina udaberrian planta itxiko zuela iragarri zuen ez zitzaiola errentagarri argudiatuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna