Aulki mugikorra

Mugikorra mantso dabil

Aulki mugikorra tostako arraunaren itzalean dago Euskal Herrian gaur egun, eta, estropadak jokatzen diren arren, oso klub gutxi aritzen dira. Suspertu beharra dagoela nabarmendu dute hainbat entrenatzaile eta arraunlarik, eta azaldu dute oso modalitate egokia dela arraunlariak sortu eta hazteko, besteak beste.

Gazte mailako euskal selekzioa Basileako (Suitza) estropadan, duela zenbait aste. Laugarren egin zuten nazioarteko estropada horretan. ARRAUNEKO ARGAZKIAK.
Aitor Manterola Garate.
2019ko abenduaren 6a
00:00
Entzun
Badabil aulki mugikorra eta badabiltza arraunlariak Euskal Herrian arraunaren olinpiar modalitatean. Baina ikusezinak dira: ez dute oihartzunik. Arraunean, gaur egun, tostakoak du indarra, eta, batez ere, traineruak.

Lehen, ohikoa zen senior mailako hainbat euskal arraunlari punta-puntan ibiltzea; orain, ez. «Orduan, Espainiako Txapelketara zuzenduta egoten zen prestakuntza, baina orain trainerua da garrantzitsuena, horren prestakuntza», esan du Mikel Orbañanosek (Orio, Gipuzkoa, 1973), Hondarribia taldeko arduradunak.

Entrenatzaileek eta arraunlariek garbi daukate suspertu egin behar dela aulki mugikorra. Jon Salsamendik (Orio, 1970) etorkizunean euskal arraunak izan dezakeen mailari egin dio aipamena, kaltea azaltzeko: «Arraunaren mailak behera egingo du, aulki mugikorrak formakuntza integrala emateko aukera ematen duelako». Marcos Morales (Buenos Aires, 1976) Raspaseko entrenatzailearen ustez,«klubentzat onuragarria litzateke modalitate hau sustatzea, etxean bertan arraunlariak sortzeko aukera ematen duelako. Gero, ez lukete hainbeste fitxaketa egin beharko trainerurako». Aulki mugikorrean «giharren %86 erabiltzen dira, eta tostako arraunean, gerritik gorakoak bakarrik», gehitu du; «Osoagoa da». Orbañanos ikasketaz ari da: «Tostako arrauna baino exijenteagoa da, eta arrauna zer den ezagutzeko hobea». «Ontzia sentitzeaz» ari da Morales, teknikaz eta orekaz. Arraunlariei beste zerbait ere kentzen zaiela esan du Salsamendik: «Goi mailako kirolariak izan daitezke, baina asko bidean geratzen dira, seniorretan eten egiten delako bidea, eta, adibidez, Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukera galtzen dute».

Gipuzkoako eta Bizkaiko federazioek antolatzen dituzte estropadak, eta aukera hor dago lehiarako eta modalitate hau sustatzeko, baina «elkarteek ez dute nahi» edo «ezin dute»: «Traineruen lehiak asko irabazi du, eta klubek horri ematen diote garrantzia, irauteko bide ona delako, babesleak-eta erakartzeko», esan du Orbañanosek. Zailtasunak ere baditu aulki mugikorrak: «Tostako arrauna errazagoa da azpiegitura aldetik», esan du Moralesek. Ontziak, erremolkean sartzeko, desmuntatu egin behar dira, lehiatzeko berriz muntatu, eta gero desmuntatu. Ikasgai prozesua ere aipatu du Moralesek: «Tostakoan baino mantsoagoa da. Denbora behar da ondo erakusteko, baita entrenatzeko ere. Tostakoan, egunean ordu eta erdi eginda nahikoa da, baina, mugikorrean, bizpahiru orduko lana behar da egunero, txapelketetan ondo aritzeko».

Egoera ez da ona, eta suspertzeko «gakoa» klubetan dagoela dio Orbañanosek. Egutegian ikusten ditu trabak Salsamendik: «borondatearekin» konpon litezke, baina «denon erosotasuna» aipatu du aulki mugikorraren egoera azaltzeko.

Gipuzkoako estropadetan, lurralde horretako federazioak aukera ematen die bertakoak ez direnei ere parte hartzeko. Baina arau hori ere oztopo bihurtua dago azken urteetan, Joxemiel Urra (Iruñea, 1970) Club Nautico Navarra taldeko zuzendaritzako kideak esan duenez: «Lehen, libre izaten zen, baina, orain, ordaindu egin behar izaten dugu, eta guk, nafarrok, klub bakarra eraman dezakegu estropadetara». 50 urte ditu elkarteak, eta Lodosarekin aritzen dira Nafarroan. Nauticok, gainera, badu beste oztopo bat ere orain: «Entrenatzeko lekua, urtegia, hautsia dago bi urtean, eta ez digute konpontzen. Ezin gara uretan entrenatu», kexatu da Urra. Lodosara joaten dira aldian behin hangoekin aritzera.

Arraunlariak, nahi eta ezin

Ondiz Lekubarri (Santurtzi, Bizkaia, 1993) Galizian dabil Espainiako selekzioarekin datorren urteko Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko estropada prestatzen, eta minduta hitz egin du: «Tostako arrauna eta mugikorra bateragarriak dira, baina ez da hori sustatzen. Gainera, Kontxa omen da arraun munduko olinpiada. Grazia egiten dit, olinpiar modalitatea aulki mugikorra baita».

Ander Zabala (Santurtzi, 1992) Munduko txapeldun izan zen 2004an, eta uste du federazioek ez dutela sustapenik egiten. Telebista ere hartu du jomugan, baina galdera hau egin du: «Klubek interesa dute hau dena sustatzeko?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.