Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Zinez

2016ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Zalantzak ditut zutabe honek inorengan eragiteko izan dezakeen gaitasunari buruz, baina halabeharrez hemen botatako eskakizun bat gauzatu da jada: ETBk zinema saio bat estreinatuko du. Zinez izeneko programan, euskal film labur bat eta luze bat ikusteko aukera izango dugu, eta jarraian, euskaraz bikoiztutako Hollywoodeko film bat.

Atentzioa eman dit adierazi dutenean saio berriak euskaldunok euskarazko filmak ikustera ohitzeko helburua duela, ikusle kopuru txikia izan ohi baitute. Hori da, hain zuzen ere, programaziotik zinema diskriminatzeko beti erabili izan duten argudioa: audientzia eskasa. Telebista publiko batek programak kentzeko sekula erabili behar ez duen aitzakia da hori, batez ere saio horiek funtzio bat betetzen dutenenean, nahiz eta share tasak ez lehertu.

Zabaldu dituzten ETBko ikusleen azken datuek telebista publikoak ikuslez odolgabetzen jarraitzen duela adierazi dute. Odoljario hori antzinakoa da, eta badirudi orain arte ezarritako terapiek ez dutela inongo emaitzarik izan. Herri txiki infernu handi moduko torniketeak—ETB2ko ikusle kopurua gainditzeko gai den euskal saio arrakastatsua— gure kateak duen aurpegi txarra arintzeko ere ez dira gauza.

Honek irteera laukira eraman gaitu. Logikoa da erakunde publiko batek emaitza onak nahi izatea, baina ezin da kosta ahala kosta izan. Kate pribatuen jarduerak ez dira lagungarriak ikuslea zerbaitera ohitzeko, non saio berri batek aldeko ikusle kopurua lortzeko epea emanaldi batetik hirura artekoa duen.

Paradoxikoa bada ere, gure telebista publikoaren saiorik adintsuena La Noche de zinema programa arrakastatsua da. Ez dut esan nahi saio hori erreferente gisa erabili behar dugunik. Nahiz eta sentsazionalista izan, programa kultural bat eratzeko gakoa izan dezake: ahal den eta saio entretenigarriena egin. Kalitate ludikoaren oreka aurkitzea ez da gauza erraza, eta ikusleen ohiturak aldatzea, ia ezinezkoa. Hitz bakar bat bururatzen zait: pazientzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.