Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Zinemira

Bila dabiltzanak

Uxue Arzelus Lasa.
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun

'El doble más quince'



Zuzendari eta gidoilaria: Mikel Rueda Sasieta. Aktoreak:Maribel Verdu, German Alcarazu . Herrialdea: Euskal Herria - Espainia. Iraupena: 103 minutu.

Anak 45 urte pasatxo ditu. Bi seme eta senarra. Etxea eta lan on bat. Ericek 15 urte ditu. Amarekin bizi da, eta arazo ekonomikoak dituzte. Sexu-txat batean ezagutuko dute elkar, eta, zer nahi duten ondo ez badakite ere, elkar ikusteko geldituko dira. 24 ordu pasatuko dituzte elkarrekin, honetaz eta besteaz hitz egiten, bata bestearen beldur eta kezkak ezagutzen.

Mundu desberdinetatik datozen bi pertsonaia elkartu dizkigu Mikel Rueda bilbotarrak bere hirugarren film luzea den honetan. Anak bizitza egina duela dirudi, lortu beharreko guztiak lortu dituela: familia, etxea, lana. Ericek bizitza guztia du aurretik, eta dena du lortzeko. Eta guztiz desberdinak diruditen pertsonaia hauek badute zerbait amankomunean: galduta daude, zerbaiten bila dabiltza, gehiago nahi dute. Bilaketa horretan topatuko dute elkar, eta ezezagun bati bakarrik kontatzen dizkiozun gauzak kontatuko dizkiote elkarri, inongo epaiketaren beldurrik gabe, biharamunean bakoitzak bere bidea hartuko duela jakitearen lasaitasunez.

Richard Linklaterren trilogiaren antza duen film luze honek bizitzari eta maitasunari buruzko galderak planteatuko dizkigu. Eta hasiera batean nekez sinestekoa dirudien bikoteak zentzu guztia edukitzea lortuko du Ruedak. Izan ere, adin, maila sozial eta jatorri desberdinetatik badatoz ere, bakoitzak duen hutsune eta nahi horrek batuko ditu. Gogoeta eta une txikiez beteriko istorio honek pixkanaka irabaziko du ikusleria, elkar ezagutzen ari diren pertsonaien antzera, beldurrik gabe irekitzea lortzen dugunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.