ATZEKOZ AURRERA

Oharkabean igaro dira

Jaurlaritzak itxialdi perimetrala ezarri duenez gero, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako turistez bete dira euskal kostaldeko herriak Aste Santuan. Lekeition, turistei futbolzaleak batu zaizkie.

Jai eta opor egunak aprobetxatuz, mukuru bete dira euskal kostaldeko herriak egunotan. Irudian, Lekeitio, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Lekeitio
2021eko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Bost mutil gazte, bizikleta gainean, Lekeitioko (Bizkaia) autobus geltokira iritsi dira. Kolore ilunak, beltzak, dituzte soinean. Euskal Herriko kostaldetik ibilbidea egin dute opor eta jai egunok baliatuz, eta, helmugara iritsita Bilbora itzuli nahi dute, autobusean, hiriburuko jai giroan murgiltzera. Autobus gidariak ohartarazi die bost bizikletak ez direla autobusean sartzen, eta arazo bat dute begien aurrean: bizikletaz itzuli ala bertan gelditu?

Ez dago Bilbora joan beharrik jai giroan sartzeko. Hain zuzen, Lekeitioko kaleetan murgiltzeanahikoa zen atzo goizean. Batetik, opor eta jai egunetako giroa, eta,bestetik, Athleticek eta Realak gauean jokatu duten Espainiako Kopako finalaren aitzakia. Nabari da ez dela ohiko egun bat. Mukuru daude kale kantoiak, giro apartekoan. Eta bi kolore dira nagusi. Hain zuzen, bost mutil bizikletazaleak sekula baino ardi beltzago sentitu dira herrian sartzean, nabarmen gailentzen diren kamiseta zuri eta gorrien artean.

Bizkaiko kostaldeko herri horrek 7.000 biztanle inguru ditu. Atzo bezalako egun batean erraz hirukoiztu edo laukoizten da kopuru hori. Eguraldia eta egun berezia lagun, herritarrik ez da gelditu etxean, ez dirudi hala denik behintzat, eta horiei egun-pasa edo bisitan etorritako turistak batu zaizkie. Turismo bulegotik adierazi dutenez, jende «asko» ari da gerturatzen kostaldera egun hauetan. Eusko Jaurlaritzakitxialdi perimetrala agindu duenez gero, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak dira denak. Hala, ontzat jo dute: «Faroa da herriko gunerik erakargarriena bisitarientzat». Hala ere, ziurrenik futbolak duen indarraren ondorioz, egon badauden arren, zaila suertatu da hainbeste futbol kamiseten artean bisitariak aurkitzea Lekeition.

Hondartza aldean selfie-ak ateratzen dabiltzan Iker Benito eta Araitz Oskozek, adibidez, urrunetik erakusten dute kanpokoak direla. Aretxabaletatik (Gipuzkoa) etorri dira, eta faroan lo egin dute gauean. «Furgoneta hartuta bidaiatzea asko gustatzen zaigu, baina aurten ezin gara irten Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik, eta Euskal Herriko txoko txikiak hobeto ezagutzeko aprobetxatu dugu», azaldu du Benitok. «Bizitzak egoera desberdin bat jarri digu aurrean, eta moldatu egin gara», gaineratu du Oskozek.

Hondartza inguruan, argazkiak ateratzen ari dira Dani Arizaga eta Ramon Godoy gasteiztarrak ere, beste bi lagunekin. Godoyk lehen aldia du Lekeition, eta gustura itzuliko da etxera. Hala ere, harritu egin du han aurkitu duen jendetzak. «Jende asko dago, eta aparkatzeko arazoak izan ditugu. Azkenean, herritik kanpo utzi dugu autoa, eta baldintza txarretan», adierazi du. Halaber, autokarabanentzat egokitutako bi guneak ere beteta daude herrian.

Orratz bat ere ez

Aparkalekuak zein terrazak daude goraino. «Terrazak garesti daude gaur», esan du Ibai Buruaga atxondarrak (Bizkaia). Ez zaio arrazoirik falta. 13:00 aldera portuan dauden dozena bat tabernatan tokia topatzea «ezinezko misioa» da zenbaiten ustez. «Paseatu egin beharko dugu eseri ordez», entzuten da kuadrilla baten baino gehiagoren elkarrizketetan. Beste terraza bat jartzen dutenerako, bete dira aulki eta mahaiak, eta liskarren bat edo beste ere sortu da ilaran daudenen artean. Prim tabernako zerbitzariak gazte batzuen eta emakume heldu baten arteko eztabaidan esku-hartu behar izan du, eta ilara errespetatzeko eskatu.

Norbere herritik asko ez mugitzeko aholkua eman izan dute agintariek azken asteotan, baina badirudi mugimendua egon badagoela; are gehiago, denak toki berdintsuetara mugitu direla. Nolabait ikur diren herrietara: Lekeitiora, kasurako.

Bost bizikletazaleek Bilborako bidea hartzea erabaki dute herria nola dagoen ikusi dutenean. Batzuek, ausartenek, bizikletaz egingo dute bidea «ahal den tokiraino». Beste batzuek bizikleta autobusean sartzea lortu dute, eta beraiek ere igo dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.