Juanja Iturralde. Orreaga fundazioko kidea

«Euskarak sanferminetan duen tokia aldarrikatu nahi dugu»

LANDER F. ARROIABE / ARP.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2015eko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Musikariei oharrak eman, lagunak agurtu, kantutegiak banatu, hedabideen galderei erantzun... Gora eta behera dabil Sanferminetan Kantari egitasmoaren arduraduna, lanpetuta. Galtzak bete lan, baina «pozarren» dago Juanja Iturralde, deialdiaren arrakasta ikusita.

Noiz hasi zineten kantu jiraren kontzeptua sanferminetara eramateko ideia garatzen?

Bederatzigarren aldia da honako hau. Euskal hiriburuetan sortutako egitasmoak hartu genituen oinarri gisa: Baiona Kantuz, Donostiako Kantu jira, Iruñea Kantuz... Orreaga fundazioan pentsatu genuen euskal kantagintzak tokia izan behar zuela sanferminetan, eta horrelaxe hasi ginen.

Pozik al zaudete emaitzarekin?

Bai, oso pozik. Guk Iruñerriko kantu taldeen artean egiten dugu deialdia, baina Bertsozaleen Elkartea arduratzen da mezua Euskal Herri osora zabaltzeaz, eta horri esker, gero eta jende gehiagok parte hartzen du. Aurten, adibidez, Gernikako 50 bat lagun etorri zaizkigu; Gasteiztik, 70 inguru; Miarritzeko Arroka elkarteko 75 kide ere heldu dira; eta Donostiatik, berriz, 134.

Jendetza hori guztia kontuan izan beharko duzue ibilbidea prestatzeko garaian, ezta?

Bai, ahal dugun neurrian, behintzat. Adibidez, saiatzen gara toki lasaietan barna ibiltzen. Garai batean, Estafeta karrikatik abiatzen ginen, baina berehala ikusi genuen hori ez dela batere praktikoa, kale hori bolo-bolo egoten baita egun hauetan; beste hainbat aukera ere probatu genituen, abiapuntua Donejakue plazan finkatu arte. Eguna ere aldatu dugu azken urteotan: hasieran, igandez egiten genuen, baina kanpotik etorritako askok nahiago dute eguna probestu eta gaupasa pixka bat egin. Horregatik erabaki genuen kantu jira igandetik larunbatera pasatzea.

Kantu jira luzea egiten duzue. Zeintzuk dira zure unetxorik kutunenak?

Niretzat, unerik hunkigarrienak dira, alde batetik, San Saturninoko eskaileretan kantatzen dugunekoa eta, bestetik, Zapateriakoa. Karrika osoa hartzen dugu, eta Pozo Blancoko putzutik dena kantariz beteta ikustea izugarria da.

Abesten gozatzeaz gainera, euskal kultura aldarrikatzeko parada ere ematen du Sanferminetan Kantari egitasmoak, ezta?

Bi helburu horiek ditu, bai. Festetako giroa kantuz berotzea eta euskararen presentzia handitzea. Izan ere, azken 20 urteetan, euskara eta euskal kultura baztertzeko joera izan du Iruñeko Udalak, eta guk, noski, aurre egin nahi genion horri, euskara karrikara ateraz.

Beharrezkoa al da ongi abestea halako egitasmo batean parte hartzeko?

Ez, ez. Kantatzen dakiten pertsonek parte hartzea ederra da, baina ez da bete beharreko baldintza, inondik inora. Beldur guztiak kantuaren bitartez uxatzea eta, finean, gozatzea da gure asmoa. Nik neuk, adibidez, ez dut ahots ederrik eta nire eztarri zaharra ez dago bere onenean, baina ez dut batere lotsarik!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.