Durangoko 51. Azoka. Gune askotako azoka

Landakoko orbitan biraka

Kulturaren alor ezberdinei eskainitako guneek osatzen dute Durangoko Azoka, baina Landako da oraindik erdigunea. Antolatzaileek uste dute espazio anitzeko eskeman sakondu behar dela
Durangoko Azokako Landako aretoak erakartzen ditu bisitari gehienak: %97,9ak ezagutzen du gunea. Irudian, Huntza taldeko kideak, diskoak sinatzen, atzo.
Durangoko Azokako Landako aretoak erakartzen ditu bisitari gehienak: %97,9ak ezagutzen du gunea. Irudian, Huntza taldeko kideak, diskoak sinatzen, atzo. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS

Ander Perez -

2016ko abenduak 4
Ireki dute Durangoko Azoka bigarren egunez, eta berehala bildu da jendea Erein argitaletxearen erakusmahaien mutur batean. Han da Toti Martinez de Lezea, azken lanaren aleak sinatu eta sinatu. Atzean ditu argitaletxearen poster eta afixak, eta inguratu dute alde batetik eta bestetik jarraitzaileek, sinadura bat oparitu diezaien. Luzeak dira ilarak, Durangoko Azokako luzeenak, zalantzarik gabe.

Larunbata da Durangon, eta nabari da aurreko egunean baino jende gehiago. Ez da jende gehiegi, halere, edo hori darabilte ahoan behintzat batzuk eta besteek. Lasai pasea daiteke Landakoko kaleetan barrena, itomenik gabe. Eguraldi eguzkitsua izango da, akaso, horren arrazoi nagusia.

Huntza taldekoek ez dute Martinez de Lezearen eskarmentu bera, baina ari dira halere han-hemenka autografoak banatzen, azokaren beste muturrean. Handik ez urrunegi, elkar sorbaldetatik hartu, eta eutsi diote argazki zaparradari Igelak filmeko zuzendariak, aktoreek eta Alex Sardui Gatibuko abeslariak. Arreta guneak dira horiek denak, eta inguruan ibiltzen dira gainerakoak. Orbitan.

Durangoko Azokan, Landakoko eraikina da erdigunea. Erakusmahai artera egiten dute lehen bisita Durangoko Azokara doazenek, eta hainbatentzat, are, hori baino ez da Durangoko Azoka. Landakoren inguruan, ordea, kulturaren alor ezberdinei eskainitako guneak eta proposamenak hazi dira azken urteetan. Biraka dabiltza nukleoaren orbitan, panoraman leku bat egin nahian.

Ahotsenea orain bederatzi urte ireki zuten lehenbizikoz, sortzaileentzako gunea izan zedin. Egun, formatu eta kokapen ezberdinetan ibili ostean, bi espaziotan banatutako gunea da. Landako barruko txoko batean, solasaldientzako aretoa atondu dute; han egiten dira, batik bat, literatur aurkezpen eta emanaldiak. Landakoren kanpoan paratutako karpan, bestalde, musika taldeen kontzertuak ikus daitezke. Bi agertoki ditu karpak, alde banatan, eta talde batek bukatu ahala hasten da bestea, berrogei minutuko tarteetan. Osotara, Durangoko Azokak irauten duen bost egunetan, 70 emanaldi izango dira han, eta, halere, egitarautik kanpo geratu behar izan dira hamabi talde, leku faltagatik.

Goizeko hamaikak jo berriak dira, baina gau giroa dago Ahotseneko karparen bazter batean: oholtza gainean dago Gatz taldea, eta dantza arinetan aurrean hamarnaka batzuk, garagardoak eskuetan hainbat. Bukatu du emanaldia taldeak, eta orduan hasi da karparen beste ertzean Belarminak taldearen emanaldia. Saioa bukatutakoan mintzatu da Joxi Ubeda taldekidea, pozik: «Dena oso ondo antolatuta dago: ordutegia, gauzak noiz ekarri, noiz probatu... Oso gustura jo dugu». Ahotseneak sortzaileei bere lana erakusteko ematen dien aukera azpimarratu du berak: «Diskoan kantak daude, baina pixka bat hotza da. Talde bat benetan ezagutzeko, kantuak entzuteaz gain, zuzenean ikusi behar da. Honek [Ahotseneak] aukera ematen du diskoan dagoena jendeari erakusteko, taldearen benetako esentzia, edo mamia».

Karpatik atera da Lander, ume txikiaren orgari tiraka. Askotan egon da Durangoko Azokan, baina ez zuen gaur arte Ahotsenearen berririk. Eta pozik hartu du aurkikuntza: «[Landakotik] buelta guztia eman eta gero, eta, umeekin ibilita, beste alternatiba batzuk ere bilatzen ditugu. Oso ondo dago hau, gauza berriak entzuteko interesgarria da».

Belarminak bandaren emanaldia bukatu baino pixka bat lehenago bukatu da Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia liburuaren aurkezpen elkarrizketa ere, Ahotsenearen solasaldietarako gunean. Maite Artolaren galderei erantzun die idazleak, aretoa bete dutenenen aurrean. Handik ateratakoan, txalotu du Urretabizkaiak egitasmoaren ekarpena: «Zure lana aurkezteko beste atari bat da». Zerbait hobetzekotan, entzuleari hitza ematea nahiko luke idazleak —«balizko irakurleak ez du ahotsik»—, nahiz eta kontziente den horrek saioen iraupena «luzatuko» lukeela. Baina, oro har, pozik mintzo da Ahotsenearen inguruan: «Oso ideia ona da, eta batzuetan, ideia onak ez dira ondo garatzen. Hau ondo garatua dago».

Lutxo Egia da ideia horren garapenaren erantzuleetako bat. Ahotseneko arduraduna da azken urteetan, eta ezagutu ditu Durangoko Azoka guneez aberasteko erabakiak ekarritako ondorioak. «Azokaren eredua bera aldatu da. Lehengo eredua batez ere Landako zen, eta hori aldatuz joan da pixkanaka. Kulturaren azoka izatera pasatu da: agian, azokak berak ez dio bere buruari izen hori emango, diskoaren eta liburuaren azoka da. Baina nik uste dut pasatu dela kulturaren azoka izatera». Horrek Durangoko Azokari «beste dimentsio bat» eman diola uste du Egiak, eta bide horretan sakondu behar dela uste du, egitasmoa «sendotze» eta «gorpuzte» aldera.

Inertziak badirau, halere, eta zentralitatea Landakok biltzen du oraindik. Hark dauka erakarpen ahalmenik handiena. Eta normala ere bada hori, Egiaren ustez, Durangoko Azoka oraindik ere azoka bat den heinean. «Musikaren eta literaturaren sistemek honen inguruan orbitatzen dute. Ez da bakarrik udazkenekoa; urte osoko produkzioa dago hemen. Salmenta oso inportantea da, batez ere argitaletxe eta diskoetxe txikientzat, bitartekaririk gabe, eta salmenta zuzenaren bitartez funtzionatzen dutenentzat».

Ez da pertzepzio hutsa: Gerediaga Elkarteak berriki enkargatutako inkesta batek berretsi du Landakoko erreferentzialtasuna. Horren arabera, Durangoko Azokara biltzen diren ia guztiek (%97,9) ezagutzen dute erakusmahaiez betetako eraikin handia. Ahotsenea eta Plateruena kafe antzokia hamarretik bederatzik ezagutzen dituzte. Kabi@, Saguganbara, Szenatokia eta Irudienea guneak dira txanponaren ifrentzua: bisitarien %40ek baino ez dute haien berri.

Erdigunea eta periferia

Landakoko eraikinaren albo batean kokatutako kupula garden eta ikusgarri batek biltzen du Kabi@ gunea. Eraikinaren kanpoaldetik erraz ikus daiteke, eta arreta erakartzen du berehala. Gorka Julio guneko arduradunak dioenez, «ikusgarritasuna» irabazte aldera eman zuten azpiegitura berezi hori jartzeko pausoa, «baina, gero, Landako barrura sartuta, zaila da topatzea»; barrutik bakarrik sar daiteke gunera.

Barruan, halere, bada jenderik. Pantaila baten aurrean daude bi gazte, aretoaren erdian zutik, bideo joko batean jolasean. Oin azpian daukate jostyck berezia, eta alde batean edo bestean zapaldu, halako mugimendua egingo du pantailan ageri den pertsonaiak. Barrez ari dira ingurukoak, dibertituta.

«Kultura digitalaren plaza» da Kabi@, Julioren hitzetan. Teknologia eta kultura libreari buruzko gaiak lantzen dituzte, batik bat. Eta sarrera Landako barrutik bertatik izanagatik ere, ezezaguna dute gunea bisitari askok: «Kuriosoa da, baina zailtasuna dugu oraindik egunerokotasunean hainbeste erabiltzen ditugun teknologiak kulturari lotzeko. Hori hautsi behar dugu, nolabait, eta kultura digitala ere badela esan».

Desorekak, beraz, «egon badaude» guneen artean oraindik. Neurri batean, «Landakok duen indar historikoaren» ondorioz, baina baita periferian dauden guneen ikusgarritasun eta komunikazio gabeziengatik. Eta hor sakondu behar dela uste du Juliok.

Edonola, «ezinbestekoa» iruditzen zaio gune ezberdinez osatutako azokaren eskema: «Duela ia hamar urte sortu zen Ahotsenea. Sortu izan ez balitz, agian, azokaren gainbeheraz hitz egiten egongo ginateke, edo auskalo zertaz. Uste dut gune bakoitzak bere xarma eman diola azokari. Bakoitzak bere lekua topatzeko aukera eman dio jendeari, kultura era ezberdinetan ulertzeko aukera, eta arrazoi batengatik edo besteagatik, Durangora etortzeko aitzakia».

Bada beste ondorio bat Gerediaga Elkarteak azokaren inguruan egindako ikerketan: Durangoko Azokara biltzen diren bisitariek, batez beste, 65 euro gastatzen dituzte. Eta harrigarria zaio datua Juliori. «65 euro jende gutxik gasta ditzake. 65 euroko batez besteko gastua egoteak esan nahi du sektore zehatz batzuentzako harrera positiboa dugula, baina falta dira beste sektore batzuk». Eta horren inguruan gogoeta egin behar dela uste du Kabi@-ko arduradunak.

Hausnartu beharko dela, alegia, nortzuk dauden barruan, eta nortzuk geratzen diren kanpoan. Nor dauden erdigunean, eta nortzuk periferian, nukleoaren orbitan biraka.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna