HARRI BATEN DANTZA

Azaroaren lehen egunarekin batera, Arantzazuko santutegirako bidea hartu zuen Jorge Oteiza eskultoreak 1968an. Hamalau urtez, bide bazterrean botata egon ziren santutegiaren fatxadarako diseinatu zituen hamalau apostoluak, utzita. Lana bukatzera itzuli zen. Ostegunean beteko dira 50 urte.
Jorge Oteiza.
Jorge Oteiza. OTEIZA MUSEOA / BERRIA

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2018ko urriak 28
Hizkiz eta marrazkiz beteriko ohar liburua. Tituluan, bi hitz: Frisoaren balleta. «Mailuaren eta zizelaren hotsa meza doinuekin batera». Karratu zirriborroak. «14 ate dantzariak ateratzeko». Geziak karratuen azpialdera. «Debekua: sartu egiten dira». Jorge Oteizak idatzitako oharrak dira. Mailua eta zizela kendu zizkioten Oteizari, 1954an, Elizak debekatu egin baitzuen Arantzazuko santutegiaren aurrealderako egiten ari zen frisoa. Apostoluek hamalau urte eman zuten Arantzazurako bide bazterrean. Bukatu gabe, eta bide ertzean botata. Utzita. Galarazpenak sortutako frustrazioak bideratu nahian edo, ballet pieza sortu zuen eskultoreak: Androkantu eta segi: balleta, errepidean dauden apostoluen harriengatik. Poema bana idatzi zien hamalau apostoluei. Hamalau urte igaro ondoren itzuli zen lurrean ziren eskulturak altxatzera. Honela dio 1968ko urriaren 31ko Arantzazuko santutegiaren kronikak: «Oteizak bere lanari ekin dio berriz. [...] Asko eztabaidatu da eta zigortuta ere egon da estatua horiek moldeatzeko erabilitako formaz». Azaroaren lehen egunarekin egin zuen Arantzazura. Berrogeita hamar urte dira ordutik.

1968ko azaroaren 2a, Arantzazuko santutegian. Mahai beraren bueltan, Juan Zubieta frantziskotarra eta Oteiza eskultorea. Kontratu bat dute aurrean, hamalau urte lehenago diseinatutako Apostoluen frisoa behin betiko bukatzeko baldintzak jasotzen dituena. Ez batak, ez besteak ez zuten sinatu dokumentua. Sinadurarik gabe gorde da, hutsik, Arantzazuko artxibategian. Hutsunearen zergatiak 1983an Oteizak argitaratutako Ejercicios espirituales en un tunel. En busca y encuentro de nuestra identidad perdida (Gogo jardunak tunel batean. Gure nortasun galdua bilatuz eta topatuz) idazlanean ageri dira. Honela dio: «Nik, ahal dudan guztietan, ez dut sinatzen, eta azaltzen dut eskuan dudala nik hitza. Arantzazun, bete ez ziren bi kontratu sinatu izanaz nekatuta, uko egin nion hirugarrena sinatzeari, eta nire hitza ematen nuela esan nuen».

Minduta itzuli zen eskultorea Oñatira, Elena Martin Oteiza Museoko ikertzailearen arabera. «Ulertu beharra dago artistak zuen frustrazioaren neurria. Urteak igaro ahala, bere lana bide bazterrean utzita eta bukatu gabe dagoela ikusten baitzuen». Jon Etxeberria ikerlaria bat dator. «Ez zuen itzuli nahi. Santutegiaren fatxada zegoen bezala utzi nahi zuen: hutsik». Oteizaren lagun min Miguel Pelay Orozkok ere eskultorearen ezinak idatzi zituen: «Horrenbeste urtez itxaron izanak sakon samindu zuen haren ilusioa, eta ez zuen ezer jakin nahi Arantzazura itzultzeari buruz. [...] Jorgek zioen, hutsunea, estatuarik ez jartzea, ederragoa eta esanguratsuagoa zela orduan; [...] betirako amaitutzat jo zuen bere eskultura zikloa».

Zeri eutsi ez zuten burdinazko euskarri herdoilduak besterik ez zuen basilikaren fatxadak 1968an. Metro batzuk beherago, Azkartzako biribilgunearen bazterrean, berriz, hamalau marmol zati lurrean botata. Markina-Xemeindik eramandako harriak ari zen Oteiza lantzen. Honela azaldu du Martinek: «Hamalau apostoluetatik, lau landuta zeuden; beste bat erdi leunduta zegoen, baina gainontzeko bederatziak harri blokeak besterik ez ziren».

Artelana behar zuena haurren parke bihurtu zela zioen Joseba Longartek, auzoko Zelai Zabal ostatuko tabernariak. «Haurrek eguzkia hartzen zuten harrietan, igeltsuarekin margotzen zituzten, eta ostendu egiten ziren [...]. Harriak zituzten hutsuneetan eseri, eta salto ere egiten zuten, apostoluetara igota». Artelanaren bukaeraren hasiera izan zen 1968ko azaroa: orduan hartu zuten harriek tailerrerako bidea, berriz.

Erresistentziaren ikurra

Oteizaren apostoluak bide bazterrera nola heldu ziren ulertzeko, nazioarteko testuinguruari erreparatu behar zaiola uste du Etxebarriak: II. Mundu Gerraren ondoren hondakin artean zegoen Europari, alegia. Elizak berreraikitzeko eta zaharberritzeko lanek sortutako eztabaida izan du Etxebarriak hizpide. «Artea erlijioaren eraginetik askatzearen aldekoen eta aurkakoen arteko eztabaida zegoen orduan». Elizak ez zuen onartu modernitatea, eta arte berriaren ibilbidetik urrundu zen horregatik.

Horra eztabaidaren gakoa: Elizaren adar aurrerakoiek arte garaikidearekin eta artista modernoen lanekin eraiki nahi zituzten eliza berriak, eta kontserbadoreak aurka azaldu ziren. «Deabruarekin alderatzen zen arte berria; komunismoaren Troiako zaldia zela zioten». Erdi Aroko eraikuntza patroiak erabilita eraiki ziren garai horietako hainbat eliza. «Monumentalismoa bilatzen zen. Elizaren nagusitasuna azaltzeko, eraikuntza erraldoiak egin zituzten». Ordukoak dira, adibidez, Frantziako Lourdesko katedrala eta Madrilgo Erorien Haraneko monumentua. « Eliza eginahaletan ari zen gizartean zuen boterea berreskuratzeko».

Erresistentzia guneak ere izan ziren, ordea. Domingotarrek gidatu zuten mugimendua. besteak beste, Assyko Notre Dame de Toute Grace eliza eta Venceko Arrosarioaren kapera aipatu ditu Etxebarriak —biak Frantzian—. «Langile auzoetan daude gehienak. Auzorik eta elizarik pobreenak artista onenen lanekin eraiki zituzten». Irudi paradoxikoak utzi zituen orduko egoerak, hainbat katolikok elizak erre baitzituzten, arte berriarekin dekoratuta egote hutsagatik.

Erresistentzia gune horietako bat izan zen Arantzazu. Eta Pablo Lete frantziskotarra funtsezkoa izan zela nabarmendu du Etxebarriak. 1950eko hamarkadan, santutegi berria egiteko proiektua geldiarazi zuen Letek, «berritzaileagoa» zen beste egitasmo bat egin zedin. «Hasieran, arkitekto klasikoek eraiki behar zuten, baina eraikin berritzaileagoa egitea beharrezkoa zela iritzita, egitasmoa bertan behera utzi eta lehiaketa irekia antolatu zuen».

1950eko irailaren 9an jarri zuten Arantzazuko basilika berriko lehen harria, Francisco Javier Saenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoen gidaritzapean, eta bitarte horretan adjudikatu zituzten eraikinaren dekorazio lanak: Oteiza eskulturaz arduratuko zen; Nestor Basterretxea, kriptako margoez; Carlos Pascual de Lara, absideaz; Xabier Alvarez de Eulate, beirateez, eta Eduardo Txillida, ateak egiteaz. Arantzazuko taldea esan zion artista taldea osatu zuten.

1954ko azaroan iritsi zen Vatikanoaren debekua: deabruaren lanak ziren Arantzazukoak ere. «Eztabaida nagusia zen Eliza gizarte modernora egokitu behar zen edo ez, eta ezaugarri horiek guztiak arteak biltzen ditu: norbanakoaren askatasuna, sekularizazioa, subjektibitatea... Eliza gizartearekin batera garatu eta erdiguneko posizioan mantendu edo ez». Orduko erradikalismo guztiak biltzen zituen Oteizaren lanak, eta galarazi zen elementu bakarra izan ez bazen ere, haren lanean irudikatu zen auzia.

Eskulturatik idazkuntzara

Debekuaren zergatiak artistikoak eta erlijiosoak direla azaldu du Martinek, baina Euskal Herriko testuinguru politiko, sozial eta kulturala aintzat hartu behar da, haren ustez. «Oteizak bazekien egitasmoak zer esanahi zuen; bazekien egitasmo komuna zela, eta arkitekto, eskultore eta margolari talde baten interakzioaren emaitza zela, eta horrek proiektuari dimentsio kolektiboa, sinbolikoa eta soziala ematen ziola». Frankismoak ere izan zuen zerikusirik, euskal abertzaletasunaren sinboloa baitzen Arantzazu. Time egunkariak erresistentzia gune gisa aurkeztu zuen basilika, 1952ko irailaren 22an argitaratutako erreportaje batean.

1955eko abuztuaren 30ean inauguratu zen Arantzazuko basilika berria, dekoraziorik gabe. Eta hala segitu zuen, harik eta 1965eko Vatikanoko II. Kontzilioak arte modernoa onartu zuela erabaki zuen arte. Ia hamar urteko prozesuaren ondoren itzuli zen Oteiza lana bukatzera.

«Murru bat kendu digute eta beste bat ipini digute / hauxe da zure bihotzaren sarreran ipini duten murrua». Lurrean zen harri bakoitzari poema bat eskaini zion Oteizak debekuaren ondoren. Sentitzen zuen minaren erakusgarri dira olerkiak Martinentzat: «Oztopoen aurrean sentitzen zuen frustrazioa erakutsi zuen», eta ballet pieza bat ere sortu zuen, olerkiekin batera, galarazpena irudikatzeko helburuarekin. Idazketan bilatu zuen eskulturan lortu ez zuen babesa.

Oihartzun nabarmena izan zuen galarazi izanak, eta asko izan ziren gaiari buruz idatzitakoak. «Antigoalean / profetak / harrika / hiltzen zituzten. Gaur egunean / arbuioz, / desamodioz / eta / desprezioz». Gabriel Aresti idazleak Q izeneko poema eskaini zion Oteizari, Harri eta Herri liburuan. «Nik eztut Jurgi Oteitza eskultorea ezagutzen, / baina hainbeste bider ikusi ditut haren harriak, / haren apostoluak, / bularretik eginikako baten ttua / edo gurdi batek zapaldurikako arratoiaren hilotza balira bezala / kamino gaitz horretako bazterretan / eroririk / ezen / oraindik ez naizen fariseoekin akort /geratzen».

Oteiza apostoluetatik haragoko lana egiten ari zen, Etxebarriaren hitzetan. «Artelana baino gehiago sortzen ari zen: marko teoriko oso bat ari zen garatzen». Arantzazuko gertakarien harira idazten duen guztia Quosque tandem liburuaren (1963) oinarri teorikoa dela dio ikertzaileak.

Prozesuarekin batera aldatu zen artista: 1950eko hamarkada hasierako Oteiza eta 1968koa ez baitziren Oteiza bera. Hala uste du Martinek. «Oteiza idazkuntzan zentratu zen debekuaren ondoren, eta, 1959an, eskultura ikerketak bukatutzat eman zituen. Arantzazura hamalau urte igaro ondoren itzuliko da, eta denboraren joanak eragina du fatxadan». Apostoluen frisoa-ren ideia bere horretan utzi zuen, baina zentzua aldatu zion Pietatea-ri.

Egin ez zena: gakoa

Txabi Etxebarrieta ETAko kidearen hilketak eragina izan zuen Oteizarengan. «Txabi Etxebarrieta artista eta intelektual euskaldunentzako manifestua prestatzen ari zen, eta nirekin eztabaidatu nahi zuen. Ni Irunen nengoen, eta Arantzazura azaroan igotzea nuen buruan, basilikako aurrealdeko nire eskulturak bukatzeko. Baina Madrilera joan behar izan nuen. [...] Hor nengoela jo ninduen haren heriotzaren berriak [...]. Azaroaren 1ean Arantzazura igotzean, erabakita daukat murruaren goiko aldean seme hila jarriko dudala, amaren hankaren azpialdean, begira, zeruari eskean, hitz eginez».

Ez zen aldaketa bakarra izan, ordea. «Ikusten ez den hori da aldaketarik nabarmenena: hutsunea». Hamalau apostoluekin osatutako frisoaren eta goian kokatutako Pietatea-ren arteko hormetan erliebeak egitekoa zen Oteiza. «Horma hutsik uztea erabaki zuen, egitasmoaren hasieran aurreikusitako erliebe horiek kenduta». Irudirik gabeko murrua gakoa dela azaldu du Martinek. «Oteizarentzat funtsezkoa da hutsune hori, sakratua, non ikusleak bere burua aurkitu behar duen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ainhoa Larrabe Arnaiz

Informazio osagarria