Etxean uso, mendian otso

Mendian ibiltzen diren ardiek gero eta txakurren eraso gehiago jasaten dituztela salatu dute artzainek. Azaldu dute kalean ibiltzea ohituta dauden eta zaintzarik gabe ibiltzen diren txakurrak direla errudunak. Aldundiei eskatu diete lehenbailehen hartzeko neurriak.

Artalde osoari egiten diote eraso txakurrek. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Donostia - Eskoriatza
2018ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Otsoaren uluak kendu izan die loa artzainei. Aspaldi honetan, ordea, otsoarena ez ezik, txakurraren zaunka entzutean ere sentitzen dute izua erraietaraino: txakurren erasoak artzain askoren egunerokoaren parte izaten hasiak dira, eta beldurtzekoak dira larreetan egiten ari diren sarraskiak. Egoera horri aurre egiteko nora jo ez dakitela salatu dute asteotan artzainek, eta arazoa konpontzeko exijitu diote administrazioari, egunak joan eta egunak etorri beldurrez joaten baitira euren artaldea ikustera: beste egun batez, artaldea osorik dagoen ala ez ziurtatzera.

Orain dela hilabete inguru, Gorbeia (Araba) mendian etaEskoriatzako (Gipuzkoa) inguruetan izandako sarraskiek jarri zuten txakurren erasoen gaia pil-pilean. Gorbeian, Belen Etxebarriarenak eta haren senarrarenak ziren hogei arditik gora akabatu zituzten hiru txakurrek, elurretan harrapatuta. Etxebarriak adierazi zuen urtebetean izandako bosgarren erasoa zela. Asier Urien artzainak azaldu du gutxigatik ez ziotela bere artaldeari eraso egin: «Nire ardiak ziren hurrengoak». Eskoriatzan, berriz, etxetik ihes eginda zeuden bi txakurrek hamabost artalderi eraso egin, eta 70 arditik gora hil dituzte. Eskoriatzako Udalak eta txakurren jabeak bi txakurrak hiltzeko baimena eman dute, eta hango ehiza talde bati eskatu diote hil ditzan.

Baina horiek ez dira izan gertatu diren eraso bakarrak:«Azken urteotan, asko ugaritu dira txakurren erasoak. Eraso egiten duten txakur gehienak kaletarrenak dira: gauetan solte uzten dituzte, kontrolik gabe, eta larretara igo, eta sekulako triskantzak egiten dituzte». Hala azaldu du egoera Asier Urien artzainak. Urienek Gorbeiako mendiaren magalean izan ohi ditu ardiak, eta aurten eraso «larririk» jasan ez duen arren, 42 ardi galdu zituen iazko kanpainan: «Galera handia izan zen guretzat». Mota horretako erasoak jasan dituzten artzainen moduan, Urienek salatu du ez duela administrazioaren erantzunik jaso laguntza eskatu duenean: «Bakarrik sentitu naiz, bakardadean. Administrazioak ez dit erantzunik eman, eta oso gogorra da mendira joan eta ardiak hilda ikustea, sakabanatuta; gainera, denak hiltzen ez badira ere, askok arkumea bota egiten dute, abortatu».

Basozainen «inplikaziorikeza» ibili da asteotan artzain askoren ahotan, administrazioaren eta aldundiaren «utzikeriarekin» batera. Hori ikusirik, Gipuzkoako Basozainen Elkarte Profesionalak atzo Donostian egin zuen prentsaurrekoa lehenengo aldiz, EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna sindikatuak, ENBA Euskal Nekazarien Batasuna sindikatuak eta zenbait artzainek orain arte egin dituzten akusazioak eta kritikak «faltsuak» direla adierazteko; Antxon Gomez basozainen bozeramaileak hitz egin zuen: «Txakur horiek tiroz botatzeko, prozedura zorrotza jarraitu behar da, ez baitago harrapatzerik; basozainok ezin dugu erabaki hori gure kabuz hartu, eta tiroka hasi». Esan zuen udalak eta aldundiak hartu behar dutela erabakia, eta agindurik jaso ezean ezin dutela ezer egin: erasoa jasan duen artzainak udalera jo behar du laguntza eske, eta udalak jarri behar du harremanetan aldundiarekin, azken horrek basozainei zer egin behar duten zehazteko. Azaldu zuten prest zeudela txakurren erasoen arazoari konponbidea bilatzen laguntzeko, baina «betiere legeak zehaztutako moduan, eta horretarako prozedurak eta baliabideak jartzen badira».

Artzainen inguruan egindako adierazpenez gain, nabarmendu zuten «babesik eza» jasotzen dutela aldundiaren aldetik: «Ez gaituzte aintzakotzat hartzen; baztertuta gaude, eta ez dago inolako komunikaziorik ezta erantzunik ere gure eskaera eta beharrei». 2017. urtean sortu zuten elkartea, hain zuzen, «basozainen formakuntza profesionala sustatzeko helburuarekin». Gainera, salatu zuten oso langile gutxi direla gaur egun —49 baino gutxiago —, eta aldundiari basozainen antolaketa egokia egiteko eta euren lana gizarteratzeko eskatu zioten.

Lantokia eta aisialdi tokia

Urien artzainak argi utzi nahi izan du diru galera suposatzen diola ardi bat galtzeak, baina baita ardi horren arkumea galtzeak ere, normalean arkumea saldu egiten baitu: «Nire ogibidea artzaintza da, eta ardiak dira guztiaren oinarria. Ardiek ekoizten dute esnea, eta nik gazta egiten dut. Ardiak egun batetik bestera galtzeak kalte handiak eragiten ditu gure lanean, galera handiak baitira gure eguneroko gastuetarako». Gainera, Urienek azaldu duenaren arabera, artzainek ez dituzte beti kalte-ordainak jasotzen: «Erasoak jasan ditudanean nire aseguru partikularrak edo erasoa egin duen txakurren aseguruak ordaindu izan dit normalean, baina ardi asko eta asko ez ditut kobratu; ez baduzu ikusten edota ez badakizu ziur zein txakurrek egin duen erasoa, ezin duzu dirua erreklamatu. Bakarrik kobratzen dugu erruduna zein txakur izan den jakiten dugunean».

Aldaketa bat egon da kalte-ordain horiek kobratzeko garaian, Panpi Sainte-Marie ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna sindikatuko idazkari nagusiak adierazi duenaren arabera, kaletarren presentzia mendian handitzearen ondorioz: «Lehen, artzainen artean izaten ziren mota horretako arazoak, eta, orain ere egiten duten moduan, artzain baten txakurrak beste artzain baten ardiei egiten bazien eraso, artzainak ardiak kobratzen zituen, edo aseguruak estaltzen zuen kaltea; gainera, erasoa egiten zuen txakurraren jabeak hiltzen zuen bere txakurra; ohitura zen hori». Baina Sainte-Mariek dio gero eta «kaletar» gehiago joaten direla landa eremuetara, euren aisialdian edota han bizitzera, eta ez dituztela «ohitura horiek barneratu»: «Zinez bada liskar edo muga bat kaletarren eta baserritarren artean. Orain, zailagoa da arazoa konpontzea eta elkar ulertzea, eta, askotan, auzitara joan behar izaten da horretarako. Gainera, kaletarrek ez dituzte euren txakurrak hil nahi izaten, eta, orduan, zaila da salaketa jartzea, probak behar dira, zinez argazkietan hartuak; zailtasun hori badago».

Jendearen artean dagoen kontzientziazio falta ere salatu du: «Hiritik datorren jendea ez da konturatzen. Uste dute munduko txakurrik onena daramatela alboan, eta ez dutela ezer ere egingo. Baina txakur horiek ardiak ikusten dituztenean, batzuetan instintuagatik, erotu egiten dira, eta kontrola galtzen dute. Eta hori nik neuk ikusi dut: txakur batek ardiak ikusi, berezkoa duen instintua atera, eta ardiei eraso egin. Txakurra duenak badaki txakurra zaintzeko erantzukizuna duela, eta bere ardura dela txakurra kontrolatzea, erasorik egin ez dezan». Urienek ere iritzi bera du: «Jendea ez da konturatzen. Jendeak uste du mendira joatean nahi duena egin dezakeela, baina mendia denona da, eta errespetatu egin behar dute».

Gizartearen babesa

ENBAren aburuz, abeltzainek duten babes falta gizartearen inplikazio ezaren fruitua da: «Baserritarrek duten babes txikia gizartearengandik duten aitortza ezaren isla besterik ez da; beraz, araudiaz gain, elkarren arteko ezagutza, elkarlana eta elkarren arteko errespetua landu behar da; hori bai, argi utziaz, mendian batzuentzat lantokia dena, besteentzat, aisialdirako lekua besterik ez dela».

ENBA sindikatuak aipatu bezala, «lantokia» da mendia abeltzain askorentzat, han edukitzen baitituzte ardiak, baina, aldi berean, «aisialdirako lekua» ere bada mendia gustuko duten eta, besterik gabe, denbora-pasa joan nahi duten horientzat. Hortxe dago, beraz, eztabaidaren bi aldeak banatzen dituen arrakalaren muina.

Ane Zabala da mendia aisialdirako erabiltzen duten horietako bat, sarritan joaten baita txakurrak hartuta Arribe (Nafarroa) inguruko mendietara paseatzera, eta eremu horretan ohikoa izaten da abereekin egitea topo: ardiak, behiak, behorrak, eta abar aurki daitezke. Nolanahi ere, Zabalak txakurrak solte eraman ohi dituela esan du: «Normalean, solte eramaten ditut. Elur beti, baina Argi-ren kasuan, ikusten badut arazoak sor ditzakeela eta abereak inguruan dabiltzala, lotu egiten dut». Azaldu du bere oraingo bi txakurrek ez dutela inoiz erasorik egin, baina aurretik izandako txakur batek arazoak sortu izan zizkiola: «Bizilagunaren ardiei egin zien eraso. Ez zien hozka egin, atzetik jarraitu baino ez. Halere, nahikoa da txakur batek ardi bati segika ibiltzea kalteak eragiteko». Arrazoi horregatik txakurrak askatzen dituenean Zabala «presente» egoten dela adierazi du, edozein arazoren aurrean «egoera kontrolatu ahal izateko».

Honako hau pentsatzen du txakurrak solte eramatearen inguruan: «Solte egonda ikusten dut gehiago disfrutatzen dutela. Lotuta ez dute nahi dutena egiten, eta tiraka ibiltzen dira. Solte egonda, pixa egiteko toki bat bilatzen dute, bazterrak usaintzen dituzte, eta abar. Azken finean, gauza horiek egitea da txakur izatea». Aitzitik, argi du Zabalak nola jokatuko lukeen bere txakurren batek abereren bati eraso egingo balio: «Egingo nukeen lehenengo gauza izango litzateke abereen jabeari ordaindu nire txakurrak egindako kalteak. Hortik aurrera, txakurra lotuta eramango nuke, baina uste dut txakurrak ez duela disfrutatzen horrela. Bestela kendu egingo nuke, modu horretan ibiltzea ez baita ona txakurrarentzat».

Aske ibilita txakurrak mendian gehiago gozatzen duela jakin badakite artzainek, baina Euskal Herriko mendietako arauei erreparatuz gero, askotan debekatuta dago txakurra hala joatea. Gorbeiako parke naturalean, esaterako, debekatuta dago txakurra abereak dabiltzan tokietan solte joatea. Gainera, hango langile eta basozainek ikusiko balute txakur bat aske dabilela aipatutako eremuetan, txakurraren jabeari txakurra lotzeko eskatuko liokete, eta isuna jarriko. Dena den, Urienek esan du berak ez duela ezagutzen txakurra solte eramateagatik isunik jaso duen inor. ENBAren ustetan, «ez da oso zaila txakurrak mendian nola ibili behar diren arautzea», eta argudiatu du «behar-beharrezkoa» dela naturagune, parke edo erabilera publikoko mendietako araudietan txertatzea arau hori: «Ez da arautzea, baizik eta araututakoa betearaztea eta baliabideak jartzea; jendea sentsibilizatzen eta hezten lan egin behar dugu, denon artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.