Goulven Pennaod

2022ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Goulven Pennaod (Saint-Malo, 1928), bretainiar abertzalea. Gazterik ikasi zuen bretoieraz. Fañch Eliè Abeozen idazlearen zelula abertzaleko kide izan zen. Okupazio garaian, eta agintaritza alemanaren azpian, Abeozenek bretoierazko Radio-Roazhon sortu zuen, kultur edukizkoa, guztiz gehiena. Liberazioari segitu zitzaion errepresioaren biktima izan ziren bretainiar abertzale ez guti. Abeozen, oroz lehen, eta haren dizipulu gazteak, ondotik; Goulven Pennaod, besteak beste.

Bost bretainiar departamenduetan bizitzea galarazi zioten Pennaodi baina, adingabea izaki, Bretainia barnealdeko Rennesko lizeo batean barneko ikasle izaten utzi zioten. Ipurterre, laster zen Parisen, banketxe batean lanean. Urtea egin zuen Galesen, batean behizain, bestean apez katoliko baten laguntzaile… harik eta ihesari eman behar izan zion arte, Scotland Yard atzetik zebilkiolarik, «terrorismo»-z akusaturik. Soldadutza egin eta gero, armadan berean eman zuen izena. Karrera egin zuen, Indotxinan, oroz gain, non hainbat borrokatan esku hartu baitzuen. Gerla fini, Pennaod goi mailako ofizial itzuli zen Parisera. Hantxe bizitu zen, hantxe hil —2000. urtean—, gure Miranderen adiskide eta lagun bretainiarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.