ATZEKOZ AURRERA

Ibilaldi intimo eta gogoangarria

Maider Usabiagak jaso du BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketako irabazlearen saria. Alpeetako Cervinora egin zuen bidaia kontatu du, eta, hain justu, hara joateko bidaia irabazi du.

Martxelo Otamendi, Maider Usabiaga eta Felipe Uriarte, Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketako sari banaketan. BERRIA.
Mikel O. Iribar.
2020ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Bakardade hutsean Italia eta Suitzaren arteko Cervino mendi magalean bizi izandako esperientziarekin maiteminduta eta senarrari kontatzeko irrikaz itzuli zen etxera Maider Usabiaga. Burua oraindik Val Veny haraneko natura izugarrian zuela, BERRIAk urtero antolatzen duen Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketan parte hartzera animatu zen. Parte hartu, eta baita irabazi ere, Aosta bakardadeko konpainia kontakizunarekin. Aste honetan jaso du saria, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariaren eta Felipe Uriarte Mendiak eta Herriak elkarteko kidearen eskutik: Cervino inguruko ibilaldia.

Saria zein izango zen jakin zuenean, senarrari argi esan zion irabazten bazuen norentzat izango zen: «Zu joango zara, Felix». Ametsa egia bihurtu, eta Olentzeroren opari gisa jaso zuen.

Mendizale amorratua da Usabiaga. Urtero tarte bat aprobetxatzen du familia osoarekin Pirinioetara joateko. Perun egonak dira, eta Europako txoko batzuk bisitatu dituzte. Mendiak erakartzen du gehien familia. 2018. urteko urrian, lan kontuengatik, Turingo (Italia) egonaldia baliatu zuen Usabiagak Alpeetara joateko. «Mont Blanc mendiaren inguruan ez nintzen inoiz egon, eta aukerari ez nion muzin egin nahi». Hasieran, aitarekin joatekoa zen Usabiaga, baina, azken unean, hark etxean geratu behar izan zuen. Hala, aita buruan presente zuela ekin zion hiru eguneko bakardadeko bidaia «ahaztezinari».

Cervinon izandako bizipena testuan islatzeko orduan «ongi» moldatu da. Hasieran, ordea, idatzi beharreko karaktere kopurua ikustean, errespetua eman zion Usabiagari. Idazteari ekin zionean, ohartzerako, eskatutakoa baino gehiago zuen idatzia. «Lanik zailena esperientziak aukeratzea izan da». «Bonsai» baten moduan laburtu zuela dio. Alpeetan bizi izandakoa idatzira ekartzeko formatu literariora moldatu duen arren, benetako bizipen horiek bere horretan idaztea berezia izan dela nabarmendu du.

Zirrara gehien sortu zioten hiru parajeak sentimentu ezberdinez jantzi zituen kronikan: Val Veny haranak zuen udazken itxura, Miageko glaziarraren indarra eta edertasuna, eta Cervino mendiak zuen dotorezia eta iragana. «Oso ibilaldi intimoa izan zen. Egia esan, zorte handia izan nuen, oso jende gutxi topatu bainuen mendian».

Kronikaren hasieran, txanponaren bi aldeak ondo baino hobeto deskribatu zituen: batetik, Turin hiriko egoera kaotiko eta estresagarria; bestetik, naturaren ispilu gardena eta erabateko isiltasuna. Usabiagak aurrez imajinatuko ez lituzkeen zenbait paisaiarekin egin zuen topo bidaian.

Alpeetako mendiek, lakuek eta bereziki glaziarrek duten dimentsioek harritu dute gehien Usabiaga. «Dolomitetan egonda nago, eta Pirinioekin alderatuz gero ikaragarria da. Cervino ingurua, ordea, oraindik eta ikusgarriagoa da». Meageko glaziarra, esaterako, AHTaren lanen tamainarekin konparatu zuen kronikan. «Hain da handia». Bestalde, izotzezko masa handiaren pitzadurek sortutako soinuak ondo gordeta dauzka buruan. «Mendiarekin izan nuen kontaktua erabatekoa eta zuzena izan zen. Bestalde, klima aldaketa han ikusi eta entzun egiten da».

Usabiagak Alpeetara egindako bidaian, Italia aldetik so egin zion Cervinori. Mendiak eta Herriak elkarteak antolatu eta senarrak egingo duen ibilaldia, ordea, Suitzatik hasiko dute, eta mendi tontorra iparraldetik begiratzeko parada izango dute, alde zorrotzetik. «Aitortu behar dut inbidia apur bat ematen didala».

Urtea hasi berri da, eta Usabiaga gogotsu dago egutegiaren aurrean jartzeko, eta ametsen bat ipintzeko. «Oraingoz, Herbehereetara joatea darabilkigu buruan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.