urtzi urkizu
ANALISIA

Pribatuen dantzan 30 urte

2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Larunbatean beteko dira 30 urte Antena3 kate pribatuak emisioak hasi zituenetik. Sei aste geroago iritsiko da Tele5ren 30. urteurrena. 1990a baino lehen, TVE eta ETB baino ez ziren ikusten Hego Euskal Herrian. Telebista publikoa zen, zerbitzu publikokoa. Baina Antena3en eta batez ere Tele5ren ereduak kate publikoengan eragin sakona izan zuten. 2020an ere badute.

Las chicas Chin-Chin, Cacao Maravillao, las Mamachichos, Jesus Gil y Gil jacuzzi batean bikinian zeuden emakumez inguratuta. Tele5ren eduki haiek Italiako Canale Cinque katean zuten jatorria. Eta kate horren jabea Silvio Berlusconi politikari eta enpresaria zen eta da —Italiakoa sortu eta gero, Frantzian La Cinq abiarazi zuen—. Ez zuen arrakastarik lortu Frantziako bosgarrenak, baina bai Espainiakoak. Ikusle datuetan liderra da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 21 urte daramatza lehen tokian—ikusle gehien dituzten kateetan bigarrenari, Antena3i, 6,7 puntu ateratzen dizkio—.

2020an, Tele5n ez dira Mamachicho-ak agertzen. Emakume feministen borrokak eta lanak eraginda, gaurko gizarteak ez luke halakorik onartuko. Baina Paolo Vasileren Tele5k —kontseilari ordezkaria da 1999tik, eta aurretik Berlusconirentzat egin zuen lan Italian— reality-etako eta prentsa arrosako pertsonaien amodio eta desamodio gorabeheretan oinarritutako programazioa eskaintzen du egunero: goiz osoan, Ana Rosa Quintanaren saioan aritzen dira gai horien bueltan, politika gaiekin nahasian; arratsaldean, Sálvame saiora eramaten dituzte —Aquí hay tomate 2000ko hamarkadako magazinaren oinordekoa—; eta gauetan, reality-etako galak iristen dira —joan den astean, La isla de las tentaciones eta El tiempo del descuento estreinatu zituzten—. Horrek Big Brother-en betiko formula du ardatz, eta Gran Hermano VIP-eko azken edizioko lehiakideak sartu dituzte etxe berean. Kontua da Gran Hermano Revolution 2017 edizioan gertatu zen bortxaketa baten eraginez, 40 markak baino gehiagok publizitatea kendu zutela iazko azaroan. Horregatik aldatu diote izena, marken boikota saihesteko.

Bestelakoa izan da Antena3en bilakaera. Javier Godo izan zuen buru lehen urteetan —La Vanguardia-ren taldearen presidentea—; 1992an, Zeta taldea bilakatu zen akziodun nagusia; eta 2003an Planeta taldearen esku gelditu zen. Edukiei dagokienez, bilakaera bat izan du: 2000ko hamarkadan, saio sentsazionalisten bidez lehiatzen zen Tele5rekin, baina ikusle datu dezente txikiagoak zituen, eta zuzendaritzak 2010etik 2012ra programazioa eraldatu, eta irudi «zuriago» bat eman zion markari. Fikzioaren aldeko apustu nabarmena egin zuen kateak. Baita familia osoarentzako entretenimenduaren aldekoa ere.

Ekonomikoki oso indartsu daude Tele5 eta Antena3, komunikazio talde sendoak dituztelako: Mediaset eta Atresmedia. Mediaset Españak 157 milioi euro irabazi zituen 2019ko lehen bederatzi hilabeteetan, aurreko urtean baino %6,8 gehiago. Atresmediak, berriz, 80,3 milioiren irabaziak izan zituen epe berean. Bi taldeen artean, Espainiako telebistaren publizitate inbertsioen %84,5 kontrolatzen dute. Duopolioa agerikoa da.

Irabazi horiek ikusita, nekez aldatuko dute ereduz Tele5k eta Antena3ek. Kritikak, isunak eta noizean behin boikoten bat izan arren ere. Enpresa horien helburua dirua egitea da, liderrak dira eta duten xedea bete egiten dute.

Halako indar erakustaldiaren aldean, zaila izan daiteke justifikatzea telebista publikoak lehia berean egotea. TVEk ez du iragarkirik. ETB euskal kultura eta euskara sustatzeko sortu zen. Baina agerikoa izan da zenbaitetan TVEk eta ETBk Espainiako kate pribatuen telebista egiteko modua eta haien formatu berdintsuak erabili dituztela, ikusleak erakartzeko asmotan.

Kontua da ETBko saioek beti izango dutela Tele5koek dutena baino aurrekontu txikiagoa, eta alferrik izango da haien kopia light-ak egiten aritzea. Audimetroen datuetan tematzeak ere ez du ezer onik ekarriko: ikusle gehiago izateak ez du zerbitzu publikoa bermatzen. 200 herrialde baino gehiago daude, gainera, bestelako ikus-entzunezko edukiak egiten. Bada non begiratua, begiratu nahi baldin bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.