ATZEKOZ AURRERA

Ganbarako lanerako hornitzen

Hiru egunez ehunka lagun hartu eta gero, gaur du azken eguna BECen egiten ari diren eskulanen azokak. Ehuna eta papera eskuz lantzeko behar diren materialak eta ikastaroak eskaintzen ditu.

Ehuna eskuz lantzeko edozer material aurkitu daiteke azokako 60 salmahaietan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Barakaldo
2020ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Oihal zorroen mahaira joan da zuzenean Ana Rosa Agirre. Urdin ilun bat hartu du, laztandu, lodiera haztatu. «Kolore hau oso polita da udaberrirako». Buelta eman dio ehunari. «Garrantzitsua da bi aldeetatik kalitate onekoa izatea». Prezioa galdetu du, eta erantzunak muturra okerrarazi dio. «Izugarri garestia. Goazen». Eta eskulanen azokan aurrera egin du, BECen (Barakaldo, Bizkaia) egunotan ikusgai dauden 60 erakusmahaiak arakatzeko prest.

Legorretatik (Gipuzkoa) etorri da Agirre, beste hiru emakumerekin. Salmahai batean enkargatuta dauzkate helduleku batzuk, eskuko zorroei jartzeko. Izan ere, arropak eta osagarriak, bitxiak edota dekoraziorako apaingarriak eskuz egiteko lehengaiak eta materialak daude salgai azokan; izan oihalak edo hariak, botoiak, patchwork plantillak, kremailerak, betegarriak, orratzak, eskuliburuak... Eta horrekin guztiarekin zer egin erakusgai izaten da. «Ideiak hartzera ere etortzen gara».

Baina erosketa batzuk egiteko asmoa du. Oihalak, batik bat: «Ez dut jakiten zertarako. Jendeak, normalean, ideia bat dauka, eta horren arabera erosten du, baina nik alderantzizko bidea egiten dut: gustukoa dudana eramaten dut; eta gero, denbora daukadanean edo norbaiti opari bat egin nahi diodanean, ganbarara igotzen naiz, eta han daukadanarekin zer egin pentsatzen hasten naiz». Euskal jantziak egiten ditu, eta mantalak, diru zorroak, poltsak... Berak egindako motxila bat darama soinean: «Ingurura begiratuz gero, ikusiko duzu jendeak eskuz egindako gauzak daramatzala».

Oihalekin eta hariekin lan egiteko teknika guztiez hitz egiteko gai dira lau andreak. Lourdes Lasak, adibidez, kaiku «zoragarri» bat amaitu berri du, sakelako telefonoko argazkietan harro erakutsi duenez. Arantxa Arrieta, aldiz, ehoziri asko egindakoa da: «Hori bai lana!». Liluraz begiratu diete afrikar oihalei, lihoz egindako poltsei eta dekoraziorako botoiei. «Aurten, gurutze puntu gutxi ikusten ari gara; beste batzuetan sekulako lanak ekarri izan dituzte», esan du Mari Jose Urretabizkaiak.

Izan ere, urteak dira emakumeok azokara etortzen direla. «Sei edo?», galdetu du Agirrek. Hala, ezagunak dituzte salmahai askotan. Inmaculada Rodriguezengana joan dira, bere mahaian erakusgai dituen patchwork lanak ikustera: forma geometrikoak eta kolore biziko oihalak uztartuz egindako arte obrak dirudite. «Honekin nahi duzuna egin dezakezu: poltsak, ohazalak, kuxinak... Baina erakusgai ditugunak ez daude salgai; zein prezio jarri behar diot egun osoko lanari? Plantillak eta bestelako materiala baino ez dugu saltzen». Logroñokoa da (Espainia) Rodriguez, baina asteak egiten ditu etxetik kanpo: urtean 25 azoka ingurutan parte hartzen du. «Zahartu ahala, burua eta zentzumenak bizi mantentzeko balio du; terapia baten antzekoa da patchwork-a. Depresio baten ostean hasi nintzen ni, eta ordutik ez dut pilula bat ere hartu».

Beste mundu batzuk ikusgai

Rodriguez agurtu, eta beste korridore batean sartu da Legorretako laukotea. «Lehen, ehungintza zen nagusi azokan, baina, azken urteetan, asko garatu da papera, adibidez», esan du Agirrek. «Beste mundu bat da hau; scrap deitzen diote». Eta hala da: argazki albumak edo paperezko koadroak ez ezik, egurrezko altzariak, kafe kapsulak, kandela ekologikoak, gominolak, abanikoak edota panpinak egiteko osagaiak ere aurkitu daitezke. Eta nola egin jakiteko ere, dozenaka ikastaro antolatzen dituzte postuetan: akuarelan pintatzeko, kuxinak dekoratzeko, bufandak teknika jakin batzuen arabera egiteko...

Salmahaietatik lehen buelta egin eta gero, erosketa bakarra egin dute: makramerako hari batzuk.«Arropak pasaratzeko eskatzen didatenean, nik brodatzeak egiten ditut», esan du barrez Lasak. Bazkaltzeko ordua iritsi zaiei andreei, eta esertzeko leku bila hasi da Agirre. «Goizean, prezioak alderatu ditugu... Erosketak arratsaldean egingo ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.