ATZEKOZ AURRERA

Egunerokotasunetik landara

Hiriburuetan ez ezik, landa eremuan ere turista anitz hartu dituzte. Baztanen oso agerikoa izan da Aste Santuko lehenbiziko egunetan. Kanpinak beterik daude, eta karrikan jende anitz dago.

Baztanera joandako turistak, atzo, Elizondoko Txokotoko zubian argazkia ateratzen. Egunotan bisitari anitz biltzen ari da zubi hartan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Elizondo
2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Pedro Axular karrikako etxe bateko balkoian gazte batzuk daude eguzkitan trago bat hartzen. Ibaia dute aurrean, eta, ertzetik, tantaka baina etengabe pasatzen dira bisitariak. Halako batean multzo bat agertu da, gida bati jarraikiz. Dolores Redondoren trilogiako pasarte bat irakurri die ahoz gora. Elizondon eta Baztan osoan (Nafarroa) ohiko irudia da dagoeneko; aspaldi turista anitzek aukeratzen dituzte inguru haiek egun batzuk pasatzeko. Aste Santuan are gehiago izan dira, eta, Ernairen gazte martxarekin elkartuta, Baztango herri askotan autoa aparkatzea ez da lan erraza izan. Amaiurren, esaterako: ostegun arratsaldean, herriko sarreran dagoen aparkalekua lepo bete zen, monolitoa ikustera eta ekitaldi politikora joandakoak elkartu baitziren.

Erratzuko kanpina beterik dago egun hauetan. Atzo goizean goiz lasai antzean ziren inguruak. Baten batek paseo txikia egiteko aprobetxatu zituen lehenbiziko orduak; beste batzuk bungalowen edo kanpadenden aitzinean ziren gosaria patxadaz hartzen. Oporrak dira, eta presarik ez dago. Bizikletak eta mendiko zapatilak pilaturik ziren lotarako tokien atarietan. 11:00etan aparkalekuan ez zen auto askorik gelditzen: txangoak egitera joanak ziren gehienak. Ateratzen azkenak, familia bat, Baztan abentura parkeko liburuxka eskutan.

Euskaldunak eta katalanak

Kanpineko harrera gelan zegoen Ana Ramirez. Esan zuenez, egoera ez da ezohikoa: Aste Santuan, normalki, kanpina beteta izaten dute. Aurten ere hala da. «Apartamentuak eta bungalowak beti betetzen dira; kanpalekua, eguraldiaren arabera». Iaz inoiz ez bezala bete zuten: «Ezin baitzen Nafarroatik atera, eta Erriberako jende asko etorri zen honat: Cintruenigo, Tutera...». Hura bai, hura ezohikoa izan zen, baina aurten bizitzak beste norabide bat hartu du, pandemia hasi aurrekotik oso gertu.

Nieves Alargunsorok harrera gelako atea zabaldu zuen; furgoneta han uzteko asmoa zuen. Ibarrakoa da (Gipuzkoa), eta senarrarekin batera egun batzuk kanpoan pasatzea deliberatu zuten, semearen furgonetarekin. «Hendaian egon gara, eta gaua Donibane Lohizunen pasatu dugu [Lapurdi]. Gaur hemen geratuko gara», azaldu zuen. Ez zuten lehenbiziko aldia Baztanen; egon izan dira Baztandarren Biltzarrean ere inoiz: «Beti gustatzen zaigu hona etortzea. Eguraldi ona non egingo zuen begiratu genuen, eta etorri gara, batez ere gertu dagoelako».

Bisitarien artean euskal herritarrak aurkitzea erraza da. Erratzuko kanpinean ikusi dutenez, ez dira sobera urrutitik etortzen turistak: «Euskaldun anitz ditugu, eta aurreko egunetan Aragoi eta Kataluniakoak etorri ziren, oporrak baitzituzten». Erratzun ez ezik, Baztan osoan sumatzen da hori: euskara, gaztelania eta katalana aditzen da nagusiki Elizondoko karriketan barrena.

Etorri, argazkia, joan

Azoka egunak izan ziren, eta saltzaileak kontent, herrian giroa zenez gero. Taloak hartzeko ilaran kanpotar anitz, txistorra edo xingarra ahoratzeko gogoz. Ostatuetako terrazetan tokia lortzea, odisea bat; batez ere eguerdian, txibierro frijituen lurrinak plazak hartzen dituenean.

Txokotoko zubia izaten da turisten bilgunea, bisitariendako photocall bihurtuta. Jendearen joan-etorria etengabea zen han: etorri, argazkia atera, eta joan. Han zen Tina Balboa, Bartzelonatik Baztanera joandakoa. Semea Erriberan bizi dela-eta, Nafarroan egun batzuk ematea pentsatu zuten. «Leizeak ikustera etorri gara, eta, bidenabar, herria. Ez da Nafarroara etortzen naizen lehenbiziko aldia, eta inguru hau ederra iruditzen zait, nire sorterria gogorarazten baitit: mendiak, berdea...». Bartzelonakoa bada ere, Galizian sortua da Balboa.

Deskonexioa bilatu dute askok: Gartzainen landetxea hartu duten gipuzkoarrek hala esan zuten. Urrutira joan gabe opor egunak landa eremuan pasatzeko plazera. Errutinatik ihesi, egunerokotasunetik landara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.