Albistea entzun

ATZEKOZ AURRERA

Arima sutan biziberritzeko

San Joan bezpera ospatu dute Euskal Herriko auzo, herri eta hiri ugaritan. Donostiako Konstituzio plazan, udal agintariek esku dantza dantzatu dute lizarraren inguruan.
Donostiako Udaleko alkateak eta zinegotziek Goizaldi taldeko gazteekin batera egin zuten dantza atzo, Konstituzio plazan.
Donostiako Udaleko alkateak eta zinegotziek Goizaldi taldeko gazteekin batera egin zuten dantza atzo, Konstituzio plazan. URTZI URKIZU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2018ko ekainak 24 - Donostia

Eskutik helduta, Donostiako Udaleko zinegotziak eta alkatea Konstituzio plazari buelta ari dira ematen, txistu doinuari jarraituz. San Joan bezperako agintarien esku dantza 2011n hasi ziren egiten Gipuzkoako hiriburuan. Goizaldi taldeko —70 urte bete ditu aurten— bederatzi dantzari dituzte lagun. Agurra behin eta berriz dantzatu du Eneko Munarrizek; zenbaitetan, Ana Ibargoienekin. Munarrizek aipatu du egun berezia dela beraientzat San Joan bezperakoa: «Guretzat urteko emanaldirik garrantzitsuena da». Azaldu du plazaren erdian dagoen lizarra bitan bedeinkatzen dutela: urarekin eta suarekin.

Jon Insausti EAJko zinegotziak urez bedeinkatu du lizarra. Mikroa hartu, eta honela esan du: «Luzeagoa da eguna gaua baino. Bizitza berri bat bizi dezagun, gora uda!». Agurra dantzatu dute Insaustik eta beste zinegotziek, Eneko Goia alkateak egindakoaren ostean.

Begira daudenen artean, gipuzkoarrak eta kanpotarrak daude. Poloniatik iritsi berri da Jacek Jakubicki turista. Lagun onak ditu Donostian, eta esan du bere herrian bestelako tradizio bat dutela udari ongietorria emateko. «Ibaiaren inguruan biltzen gara, baina ez da surik izaten». Renokoak (AEB) dira Christina Barr eta Alan Deutshcman, eta azaldu dute beren herrian uda partean ez dutela su festarik izaten. Bertakoen artean, iritziak askotarikoak dira: Pilar Matillari «pobre samarra» iruditu zaio ekitaldia. Arantxa Arrietarentzat, aldiz, «oso polita» izaten da.

Su txiki bat piztu dute lizarraren behealdean, azalekin —ikusten ari direnetako batzuei zuhaitz azalak ematen dizkiete gero—. Usaintzen da sua. Eskuak askatu, eta dantza sueltoan jarri dira denak. Erromeria hasi da gero, Udaleko Txistulari Taldearen eskutik. Kalean egoteko giroa dago. Su txikia da Konstituzio plazakoa, baina su txiki ala su handi, edozein txinparta bizi izan daitezke sendagarri sanjoanetan.

Lore sortak banatzen

Parte Zaharrean bezala, Donostiako auzoetan ere suaren bueltan ospatu dute San Joan bezperako gaua. Bagera euskaltzaleen elkarteko kideek 800 lore sorta prestatu dituzte, eta bost auzotan banatu: Antiguan, Egian, Aieten, Bidebietan eta Saguesen. Azken horretan, eguzkia itsasotik sartzen ikusi dute gerturatutakoek, eta suaren txinpartaren bat Zurriola hondartzara iritsi da.

Ohiturak dioenez, San Joan sortak naturaren indarra jasotzen du, eta, etxean gordez gero, sorgin eta espirituengandik babesten du gizakia. Urteko osasuna ziurtaturik omen dago lore sorta etxean izanda. Hurrengo urteko sanjoanetan, sorta zaharra hartu, eta sutara bota behar da; erretako sorta beste batekin ordezkatu, eta, hala, hurrengo urtean ere etxea eta etxekoak babestuko ditu.

Etxeak babesteaz gain, komeni izaten da arimak babestea. «Arima bakoitzak bilatzen du bere geriza», idatzia du Martxel Mariskalek Berriro esnatzerakoan olerkian. Arimaren garbiketarekin ere badu lotura loreak erretzeak. Eta badira urteko kontu malapartatuak sutara botatzen dituztenak, arima biziberritzeko xedez. «Suak dena du garbitzen / soilik da gelditzen hautsa», dio Luzien Etxezaharretak Xoxo beltzaren koplak izeneko lerroetan. Donostian bezala, hamaika txokotan egin dute herritarrek jauzi suaren gainean, eta sanferminetako erasotzaile taldearen irudiak erre dituzte su bat baino gehiagotan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©OIER ARANZABAL

«Audio plataforma bat sortuko dugu datozen hilabeteetan»

Urtzi Urkizu

Ikus-entzunezkoetarako Primeran iritsiko den moduan, irrati eta audioetarako beste plataforma bat sortuko dute, Goñik iragarri duenez. «Kolaborazioak sustatuko ditugu euskalgintzarekin».
 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Guztiok gatoz leku beretik: guztiok gara afrikarrak»

Unai Etxenausia

'Geu, afrikarrok' aurkeztu du Arrosagaraik, zenbait gazteren istorioak biltzen dituen erakusketa bat, Gasteizko Montehermoso kulturunean. Otsailaren 26ra arte egongo da ikusgai.
Madrilgo komentu batean

'Marten' hegaldia

Enekoitz Telleria Sarriegi

Francoren erregimenak, Eliza katolikoarekin batera eta Australiako Gobernuarekin tratua eginda, ehunka euskal emakumezko bidali zituen Australiara, 1960ko hamarkadan. Han lana eginaraztea eta aurretik hara bidalitako gizonezkoekin ezkonaraztea zen bidaia haien benetako helburua. 'Marta plana' deitu zioten, eta 'El avión de las novias' dokumentalean jaso dute.

«Misiolari gisa bidali nahi gaituzte»

«Misiolari gisa bidali nahi gaituzte»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Natalia Ortiz ikerlariak, besteak beste, Josefina Erezuma bizkaitarraren istorioa jaso du bere ikerketan, Jaime Aberasturi senargaiarekin izan zuen eskutitz trukearen bidez.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.