ATZEKOZ AURRERA

Brolyk ere badaki euskaraz

Son Gokurekin,Vegetarekin eta, oro har, 'Dragoi Bola'-rekin euskaraz hazitako jende ugari joan da zinemara asteburuan. Izan ere, 'Dragoi Bola Super: Broly' filma estreinatu berri dute: aurki iritsiko da areto gehiagotara.
Zinema Euskaraz programari esker estreinatu dute <em>Dragoi Bola Super: Broly</em> euskaraz, jatorrizkoa estreinatu eta bi hilabete eta erdira.
Zinema Euskaraz programari esker estreinatu dute Dragoi Bola Super: Broly euskaraz, jatorrizkoa estreinatu eta bi hilabete eta erdira. BERRIA

Maialen Unanue Irureta -

2019ko otsailak 3
Ama, hemen dago!», egin du oihu haur batek zinemako leihatilara iritsi berritan. Kartel txiki bat ari da seinalatzen behatzarekin: Dragoi Bola Super: Broly filmarena da. Bada beste kartel bat, handiagoa, Donostiako Principe zinemaren ate ondoan, beiratean: sarreraren gainean erakusleiho modura dagoen egitura altuari begiratuz gero, ordea, badirudi ez dagoela karteldegian. Haurra kabitu ezinik dago, lagun bati besarkatuta: «Azkenean ikusiko dugu!».

Jatorrizkoa japonieraz estreinatu eta bi hilabete eta erdira iritsi da filma Euskal Herriko aretoetara: Zinema Euskaraz programari esker, euskaraz ere ikus daiteke. Bikoiztaile Euskaldunen Elkartearen planto betean iritsi da, ordea: lan baldintzak duindu artean, ez dute besterik bikoiztuko. Lego 2 filma ere euskaraz ikusi ahal izango da programa horrekin, baina ez dago argi zer gertatuko den gero.

Belaunaldi bat baino gehiago hazi dira Dragoi Bola Z ETB1en ikusita: haur zirela ikusten zuten, eta, dozena bat urteren baino gehiagoren ondoren, zineman topatu dituzte Son Goku, Bulma, Vegeta, Trunks, Freezer... Eta Broly: saiya ezezagun bat, hori ere euskalduna. ETBrako ekoiztutako bikoizketan lan egindako aktore berberek hartu dute parte oraingo bikoizketan.

Haurrak hartuta joan dira asko Brolyri buruzko istorioak ikustera, baina ez da hori Iñigo Gastesiren, Iker Painoren eta Mikel Lopezen kasua. «Asko gustatzen zaigu, eta txikitako garaiak gogoratzeko etorri gara: ea zer moduzkoa den», azaldu du Gastesik. Ez zuten hutsik egiten haur zirenean, eta, orain, 38 urterekin, ez dute hutsik egin estreinaldian.

Horixe da Haitz Zamoraren kasua ere: txiki-txikitatik ikusi izan du Dragoi Bola. Gaur egun, 34 urte ditu, eta jada ikusia du azkena ere: «Beste hizkuntza batzuetan ikusi dut, baina nahiago dut euskaraz ikusi: beste hizkuntzetan ez du emozio bera, galdu egiten du». Zinemazale amorratua da, eta ondo ezagutzen ditu Principe zinemako aretoak: harritu samar dago, beste zenbait areto baino handixeagoa delako Dragoi Bola Super: Broly euskaraz emateko aukeratu dutena. Idoia Urtizberea eta Aitor Izagirre ere zale amorratuak dira, eta oso gustura atera dira aretotik. «Txikitan ikusten genuen, eta geroztik ere ikusi dugu: japonieraz ikusi ohi dugu, baina, euskaraz jarri dutenez, etorri egin gara».

Dragoi Bola ETB1era iritsi zela 30 urte betetzear dira, eta horixe da, hain zuzen, Nerea Aizpuruaren eta haren lagunaren adina. Biak ere, besteak beste, Dragoi Bola euskaraz ikusiz haziak dira, eta haientzat horixe da arruntena: Son Gokuk eta enparauek euskaraz hitz egitea. «Txikitan, ETB1 ikusten genuen batez ere, eta, hortaz, beti ikusi izan dugu Dragoi Bola euskaraz: inoiz, beste kateren batean, beste hizkuntza batean ikusita, arraroa egiten zitzaigun», azaldu du Aizpuruak. Bitxikeria gisa, Brolyri ere arrotza egiten zaio ingelesa filmean: beste pertsonaia batek thank you (eskerrik asko) esan, eta burua okertu du, ezin ulertuta.

Bilboko Golemen, amaituta

Bi alabekin joan da zinemara Eider Gogorza. Dragoi Bola-rekiko zaletasun handiagoa du Gogorzak alabek baino. «Normalean ez dute telebistan ikusten, ez dute askorik ezagutzen, baina oso pelikula gutxi izaten dira euskaraz, eta batez ere horregatik animatu gara Dragoi Bola ikustera; dena den, uste dut gustatu zaiela». Eta alabek, baietz, buruarekin.

Ivan Matas bikotekidearekin eta seme-alabekin joan da zinemara. Txikitatik gustatu izan zaio Dragoi Bola, eta hari bezainbeste gustatzen zaio orain, batik bat, semeari: poz-pozik zegoen irteeran. «Berandu samar botatzen dute telebistan; asteburuetan, behintzat, ikusten dugu».

Izatez, Donostiako Principe da filma estreinatu duen zinema gutxietako bat, baina datozen egunetan estreinatuko dute areto gehiagotan. Hala ere, ekoizleek badituzte pozik egoteko motiboak: Bilboko Golem Alhondigan, esaterako, amaitu egin ziren atzo arratsaldeko saiorako sarrerak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna