ATZEKOZ AURRERA

Txokolatea, memoria astintzeko

Marcel Prousten 'Denbora galduaren bila' eleberrian inspiratuta, txokolatea eta madalena bat eskaini ditu Memoria Gara ekinbideak Martxoaren 3ko oroitzapen baten truke.
Memoria berreskuratzeko esperientzia gozoarekin nahastu ziren atzo 1976ko oroitzapen garratzak Gasteizen, Memoria Gunearen atarian.
Memoria berreskuratzeko esperientzia gozoarekin nahastu ziren atzo 1976ko oroitzapen garratzak Gasteizen, Memoria Gunearen atarian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Edurne Begiristain -

2019ko otsailak 10
Txokolate beroa eta madalena goxoa bidaide hartuta, iraganeko oroitzapenetan murgiltzeko gonbita jaso dute. Usaimenaren, ukimenaren eta dastamenaren bidez egin dute atzerako bidea, eta gosariaren gozotasunak lagunduta hustu dituzte barruak. Memoria Gara ekinbidearen deialdiari erantzunez, hamabost idazlek 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertakari lazgarrietako bizipenak kontatu dituzte: Patxi Zubizarretak, Bernardo Atxagak, Karmele Jaiok, Toti Martinez de Lezeak, Rosa Plazaolak, Edu Zelaietak... Nork bere modura astindu ditu oroitzapenak: bertatik bertara kontatu dituzte batzuek, eta bertaratu ezin izan direnek idatzita utzi dituzte euren gogoetak.

Txokolate usainak erakarri ditu dozenaka herritar Gasteizko Zaramaga auzoko Memoria Gunera, eta madalena edari goxoan bustita bete dute sabela. Marcel Proust idazlearen Denbora galduaren bila eleberrian inspiratuta egin dute ekitaldia. Tean bustitako madalena bat dastatzen du protagonistak istorioan, eta keinu horrek bere haurtzaroko oroitzapenak dakarzkio. Hain zuzen ere, esperientzia sentsorial hori baliatu du Memoria Gara ekinbideak Gasteizko jazoeren memoriari eusteko. Tearen ordez, txokolatea zerbitzatu dute, «bertakoa delako», Juan Ibarrondo idazleak zehaztu duenez. 1976ko sarraskia gertatu zen eliza memoriaren eta giza eskubideen gunea izan dadin abiatutako dinamiken barruan egin da ekintza.

Saminez oroitu dute

«Garai hartatik hona, gauzak aldatu dira. Funtsezko gauzak. Eta gauza asko ez dira aldatu. Funtsezko gauzak». Joxean Sagastizabal idazleak bideo batean utzi ditu bere sentipenak, mezu labur batean. Juako Escasok eta Juanjo Garciak ere grabatu egin dituzte berenak. «Ezinbestekoak gara memoria aldarrikatzeko, botereak ez baitu sekula aldarrikatuko», nabarmendu du Garciak.

Barrutik mintzatu dira Memoria Gunera bildu diren idazleak. Hunkituta asko. «Sirena eta tiro hotsak. Borrak. Odola. Lasterketak. Uniformeak. Babesgabetasuna. Borroka. Nire zainak beldurrak geldiarazita zeuden». Poliziak Gasteizen erabilitako indarkeria gordintasun osoz deskribatu du Rosa Plazaolak. Eta gogoratu du borroka oraindik bizirik dagoela: «Baina noiz arte? galdetzen diot nire buruari».

Edu Zelaieta mutil koskorra zen Gasteizko gertakariak izan zirenean, baina laster ikasi zuen data hori «berezia» zela Gasteizko egutegian. «Gogoan dut, behin, 12-13 urterekin, beldurrak erabat geldiarazi ninduela kotxe baten azpian, galtzak pixka bat bustitzeraino. Argi dut nire memorian: orduan ere Martxoaren 3a zen». Bestelako oroitzapenak idatzita utzi ditu Karmele Jaiok: etxean jaisten ari zen pertsiana baten hotsarekin lotutakoak. Egun kontrakoa egiteko garaia iritsi dela uste du Jaiok: «Pertsianak igo behar ditugu, pasadizo ilun eta mingarri honetan argia behingoz sartzeko».

Gotzainei eta kardinalei mezua igorri die, berriz, Bernardo Atxagak Mnemoteknia izenarekin idatzita utzi duen testuan. San Frantzisko elizan tiroz hil ziren bost langileak gogoratuta egin die eskaria: «Jar ezazue elizaren eraikina bera oroigarri; jar itzazue, haren barruan, beste gurutzeen ondoan, bost gurutze berri, Gasteizko martirienak».

Amparo Lasherasek, ostera, saminez oroitzen du data hura, eta Gabriel Garcia Marquezen hitzak baliatu ditu bere sentimenduak azaltzeko: «Hain handia da nire oinazea, ezen beldur naiz oroiminak ez ote didan tranparik egingo». Txabi Arnalek, Xabier Izagak, Elisa Ruedak eta Antonio Altarribak ere garai hartan bizitako beldur eta amorruaren berri eman dute euren lekukotzekin.

Ekitaldia amaitzeko, norberaren oroitzapenak kontatzera animatu dituzte bertaratutakoak, gogoratuta «gizarte zibil antolatuaren» parte hartzea ezinbestekoa dela giza eskubideen gunea martxan jartzeko. Batzuek egin dute urratsa, eta, txokolate eta madalena baten bueltan, barruak sendatzeko ariketa egin dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna