ATZEKOZ AURRERA

Memoria astintzeko pedalkadak

Zientziaren Arloko Emakumeen eta Nesken Nazioarteko Egunaren harira, bizikleta martxa bat egin dute Bilboko itsasadarrean barrena, andre zientzialariak omendu eta haien lana ezagutarazteko.

Emakumeen Azaroaren 25eko Plazatik abiatu zen bizikleta martxa, eta zazpi emakume zientzialariren lanak azaldu zituzten ibilbidean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Ziur naiz ez nauzuela sekula testuliburu batean ikusi. Areago, ezagutu ere ez nauzue egingo. Ni Maria Telkes naiz». Fisikari hungariarraren larruan aritu da Esther Muñoz Alonso hizketan, eta, antzezpena eginez, haren bizitzaren berri ematen jarraitu du. «Eguzkiaren erregina ezizenez naiz ezaguna». Eguzki energiaren bidezko berogailua du aldamenean, eta bertan dagoen lapikoaren tapakia zabaldu du. «Nik asmatutakoa da hau», azaldu die Bilboko Emakumeen Azaroaren 25eko Plazan bildutako lagunei. «Oraindik ere ikusezinak gara zientzialari emakumeak, eta eskaera bat egin behar dizuet gaurkoan: ez nazazue ahaztu».

Zientziaren Arloko Emakumeen eta Nesken Nazioarteko Eguna izan zen astelehenean; eta, egun hori baliatuta, emakume zientzialariak omentzeko eta ezagutarazteko bizikleta martxa bat egin dute MTB Andreak, Sorkin eta Bizizbizi elkarteek Bizkaiko hiriburuan. Zazpi geldialdi egin dituzte itsasadarra inguratzen duen bidegorrian, eta andre zientzialari bat azaldu dute geldiune bakoitzean. Talkes fisikaria izan da agertzen lehena; baina, besteak beste, Rosalind Franklin, Sara Josephine Baker eta Virginia Apgar ere izan dira Bilbon.

Interesez entzun dituzte azalpenak parte hartu duten herritarrek. «Oro har, emakumeen lana ez da ezagutzen; eta are gutxiago zientziaren eremuan. Gaia oso interesgarria iruditzen zait, eta, gainera, oso gustuko dut bizikletan ibiltzea», aitortu du Bea Madrano bilbotarrak. Ondoan du alaba, eta hari begiratu dio. «Gutxitan egiten ditugu halako planak elkarrekin, eta aukera ona iruditu zait». Baiezko keinua itzuli dio alabak. «Gustuko dut zientzia, baina, batez ere, Martxoaren 8aren testuinguruan lantzen ditugu emakume ezagunei buruzko edukiak». Ildo beretik jo du Idoia Garatek ere: «Emakumeak, zientzia eta kirola biltzen ditu ekitaldiak. Osagai bikainak dira, eta horregatik gaude hemen». Zuzenketa egin dio Ana Martin lagunak, umorez: «Ez ahaztu eguraldiaz: zoragarria dago».

'Matilde efektuaz'

Ikusgaitasunaren garrantzian egin du indar Gema Sandonis MTB Andrak elkarteko kideak. «Beharrezkoa da erreferenteak sortzea». Zientzialariz mozorrotuta dago bera ere: Ana Maria Lajusticiaren azalean jarri da, zehazki. «Badakizue zer?», zuzendu zaie bizikletak eskuetan dituzten entzuleei. «Bilbotarra naiz, eta oraindik ere bizirik nago». 95 urte ditu Lajusticiak, eta magnesioak osasunean duen garrantziari buruz egindako ikerketengatik da ezaguna. Youtuberra ere bada, eta, antzezpena eginez, bere bideoak ikusteko deia ere egin du Sandonisek. «Astero-astero, osasunarekin zerikusia duen bideo bat sareratzen dut».

Pasieran doazen herritarrek harriduraz begiratzen diote txirrindulari multzoari; jakin-minez. «Bizikletak hiriburuan izan beharko lukeen tokia aldarrikatzeko ere balio du ekitaldi honek. Berez, txirrindulari multzo batek lehentasuna du autoen aurrean, baina oso jende gutxik daki hori», azaldu du Sandonisek. «Autoek erabateko lehentasuna dute hiriburuan, eta bidegorriaren egoera ere oso txarra da».

Bidean aurrera egin eta berehala egin dute topo Viki Ojea Cubillorekin, zeina Rosalind Franklinen rola jokatzen ari baita. DNAren argazkia erakutsi du Ojeak, eta Matilde efektua zer den azaldu du jarraian. «Emakumeek zientzian egindako ekarpenen ukazioa azaltzen du; andreek egindako lana gizonezko bati aitortzen baitzaio sarritan». Franklinen kasua da: DNAren argazkia hark egin arren, haren lankide izan ziren Watson eta Crick ikertzaileek jaso zuten, 1962. urtean, Fisiologia eta Medikuntzako Nobel saria.

Zazpikaleetako Izar albaitari klinikan egin dute azken geldialdia. Hango langile Begoña Antonek hartu du hitza. «Ehun urte igaro dira lehen emakume albaitaria lizentziatu zenetik, eta matrikulazioa egiten dutenen artean %70 dira emakumeak orain. Hala ere, albaitari jauna non dagoen galdetzen didate oraindik bezero askok».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.