ATZEKOZ AURRERA

Altxorrarentzat, sustrai berriak

Euskal Herriko Hazien Sareak dozenaka fruta arbola banatu ditu, guztiak 60 urte baino gehiagoko zuhaitzen kimuak, 80 pertsonaren artean, espezie horien etorkizuna bermatzeko.

Bertaratutakoek fruta arbolen landaketari buruzko zalantzak argitu zituzten, Sareko kideekin. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Jon Rejado.
Gasteiz
2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Orain jasoko dituzuen fruta arbolek gauza asko dituzte kontatzeko; harribitxiak eramango dituzue etxera». Horrela mintzatu zaie Pedro Lizarralde Euskal Herriko Hazien Sareko kidea Olarizuko etxaldean (Gasteiz) bildu direnei. 80 lagun inguru dira, denak Lizarralderen azalpen eta argibideei adi. Hain zuzen ere, bertaratu diren guztiek munta handiko eginbeharra dute, atzoz geroztik: Euskal Herriko fruta arbola zaharren zaindari izangodira.

Sagarrondoak, madariondoak, gereziondoak... Goizeko hamarrak dira, eta, dagoeneko, dozenaka fruta arbola gazte daude pilatuta Olarizuko etxolaren atarian. Askotariko zuhaitzak dira, baina guztiek ezaugarri bat dute: 60 urte baino gehiago dituzten Euskal Herriko fruta arbolen kimuak dira. Hala azaldu du Guillermina Garciak, Sareko kideak. «Zuhaitz zahar horiek bilatzen ditugu, aztertu, eta ugaldu egiten ditugu, gerora zaindarien artean banatzeko, haiek landa ditzaten; hartara, gure herrialdearen bioaniztasunaren etorkizuna bermatuko dugu».

Azken-aurreko pausoa eman zuten atzo Gasteizen: kimuak zaindarien artean banatu. «Aurrez gugana jo duten 80 pertsonak eramango dituzte kimuak; beste 120 daude oraindik itxaron zerrendan», argitu du Joseba Ibargurengoitia Sareko kideak. «Ez genuen horrenbeste pertsona espero», gehitu du. Aurten alerik ez dutenek datorren urtean jasoko dituzte, sareak Araban dituen hiru haztegietatik aterata: Aramaiokotik, Bergondakotik eta Murgiako Baso Eskolakotik.Fruta arbola zaharren zaindariak ez daude bakarrik prozesu horretan. Sareko kideen laguntza izango dute prozesu osoan. Horien laguntza, eta horiekiko konpromiso bat ere bai.

Ituna, lotura bermatzeko

Zuhaitzak hartzerakoan, itun bat sinatu dute zaindariek, oinarrizko arauak zehazteko: ezin izango dituzte hartutako barietateak erregistratu beren izenean, ezin dituzte genetikoki eraldatu, Sareari baimena eskatuko diote horiekin ikerketarik egiten bada... Halaber, kokapena ezagutarazi beharko dute. «Inoiz zuhaitz horren ama hiltzen bada, haren ondorengoak non dauden jakingo dugu», azaldu du Garciak.

Ana Baroja Lagrango (Araba) bizilaguna pozik dago ekinbidearekin. Sareko kideek emango dioten formakuntza eskertuko duela nabarmendu du: «Fruta arbola batzuk baditut, baina zalantza asko ditut; horiek argitzen saiatzen naiz, baina, emaitzak ikusi arte, urteak pasatu daitezke, eta urte asko-asko ez zaizkit geratzen».Nabarmendu du halako ekinbideak baliagarriak direla eskualde batzuk biziberritzeko, Arabako Mendialdea, kasurako. Dena den, gaineratu du administrazioek ez dutela horretan inolako laguntzarik ematen.

Aurrez izena eman zutenek, ituna sinatu, eta beren aleak eraman dituzte, poliki-poliki. Zuhaitzak banatu bitartean, ekinbidearekin zerikusirik ez duten zenbait pertsona gerturatu dira. Mahaietara hurbildu dira, argibide eske. Irratian entzun dutela fruta arbolak banatu behar zituztela bertan, eta ea hori nola egin behar den. Sareko kideek proiektuaren nondik norakoak azaldu ondoren, zuhaitzik gabe alde egin beharko zutela ulertzean, kexaren bat edo beste entzun da. Azkar isildu dira, ordea: zuhaitzak eraman ez arren, horien fruituak dastatzeko aukera ez dute galdu.

Plateretan hamaika fruta mota daude, zuhaitz zaharrek eta haien ondorengoek emandakoak. Zukuak eta sagardoa ere ez dira falta. Fruten artean, sagar eskaintza bereziki handia da. «Aniztasun handia dago, batez ere Euskal Herrian sagarraren kultura handia egon delako», azaldu du Garciak. Bertaratutakoak sagarrak zatitzen hasi dira, eta elkarri probatzeko ematen. Ikusmin handiena piztu dutenetako bat Arabako Mendialdeko sagar-madaria da. «Garai bateko zaporea» dutela esan dute batzuek. Bakarren batek, disimuluz, sagar batzuk sartu ditu patrikan, eramandako zuhaitzak fruituak eman arteko itxaronaldia arintzeko edo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.