ATZEKOZ AURRERA

Gaztaren aniztasuna dastagai

Euskal Gaztaren Azoka egiten ari dira Idiazabalen asteburu honetan. Idiazabal nahiz Ossau Iraty jatorri izeneko gaztak dastatzeko aukera dute bisitariek. 29 gaztagile elkartu dira azokan.

Idiazabalen, sasoi berriko lehen azoka esanguratsua da Euskal Gaztaren Azoka. GOTZON ARANBURU / FOKU.
Idiazabal
2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Ez da larunbat arrunta Idiazabalen (Gipuzkoa), eta herrira ailegatu orduko antzematen da hori: herri hasieran autoak daude aparkatuta, ilaran, eta beste hainbat lagun errepidean aurrera eta atzera, autoa non utzi ez dakitela. Zenbait autoa espaloian uztera ausartu dira. Musika entzuten da kalean: trikitia Plaza Nagusitik heldu da. Eta plazan, egurrezko etxolatxoak, bakoitza bere izenarekin: Mausitxa, Atekoa, Baztarrika, Goiburu... Argazkiekin eta ardi produktuekin apainduta daude denak. Protagonista bakarra da: gazta. Euskal Gaztaren Azoka aukera paregabea izan ohi da gaztagileek euren produktuak erakusteko eta saltzeko, urtero jende andana elkartzen duen topagunea baita. Gaur arte egongo da.

Baserritar jantzia dute soinean Aizpea gaztandegiaren etxetxoan gazta saltzen ari diren hiru neskek. Argazki handi bat ikus daiteke atzeko paretan: artalde bat ageri da, mendian, txabola baten parean, eta bi gizon-emakume alboan. Mikel Etxezarreta eta Elixabete Arrillaga dira argazkian ageri direnak. Arrillaga ari da gazta saltzen, bi neskek lagundurik. Olaberrikoa (Gipuzkoa) da, eta Urbian duten Ttonttor txabolan egiten dute gazta udan. Bi motatako gaztak dituzte salgai: «Honako hau mendian egindako gazta da, eta beste hau etxekoa», adierazi die Arrillagak hurbildu direnei. Bi moten arteko desberdintasunak ere azaldu dizkie: «Mendian ondutakoa fuerteagoa izaten da, eta etxekoa, berriz, suabeagoa». Idiazabal sor-markako gazta egiten dute, baina gazten artean badago aldea: «Hauek etxekoak dira, baina batzuk gazta ketuak dira; hori ja gustuen arabera da, zenbaitek hala nahiago baitute». Hurbiltzen diren gehienek mendiko gazta eraman ohi dutela dio Arrillagak.

Bestelako gazta saltzen dute plazaren ezkerraldean dagoen Xedarria etxolan: Ossau Iraty sor-markakoa. Janbattitt Duhalde gaztagilea ari da gazta saltzen, semearen laguntzaz. «Pixka bat laguntzen dit, baina ez sobera, pixka bat baino ez», dio aitak. Aiherrakoak dira (Nafarroa Beherea), eta Duhaldek azaldu du aldea dagoela haiek egiten duten gaztaren eta Idiazabal sor-markaren artean: «Guk egiten dugun gazta hemengoa baino onduagoa da. Denbora gehiago du gure gaztak». Hamar hilabete ingururen arteko aldea dago bi gazta moten artean: «Hemen dugun gazta honek 23 hilabete ditu, eta beste honek hamar inguru. Idiazabal gaztak bi edo hiru hilabete baino ez ditu izaten».

Berrikuntzarako proiektua

Elizaren atzeko plazan ere badaude egurrezko etxolak. Innolact deituriko proiektuaren parte dira horietako asko: esnegintza sektorea berritzeko eta dibertsifikazioa lantzeko proiektua, Europako Batasunak eta Euskal Herriko nahiz Kataluniako beste hainbat eragilek sustatutakoa. Gaztagile horiek, halaber, beste mota batzuetako gaztak eskaintzen dituzte: ahuntz gazta, behi gazta, Katalunian egindako gazta, baita gazta ekologikoa ere.

Azken mota horietako produktuak saltzen ditu Ama Txo gaztandegiak (Antzuola, Gipuzkoa). Txomin Alberdi ari da horretan. Gainontzekoek eskaintzen ez dituzten produktuak ere badituzte, eta bisitari ugari hurbildu dira postura, produktuengatik galdezka. «Feta gazta oliotan» irakur daiteke karteltxo batean, eta bata bestearen gainean pilatuta dauden pototxo batzuk daude ondoan. Olioa gazta kontserbatzeko ote den galdetu dio batek: «Ez, ez da kontserbatzeko. Hau gazta freskoa da, entsaladari-eta botatzeko. Pote honek, adibidez, albaka dauka, eta beste horrek erramua. Ezkaia, baratxuria... dute besteek», azaldu du Alberdik.

Gero eta jende gehiago dago azokan gazta erosten eta jaten, eta gaztagileak pintxoak prestatu eta prestatu ari dira etengabe. Haatik, zerbait gorde beharko dute, gaur gazta eske joaten direnak esku hutsik gera ez daitezen. Erakustaldiak, jolasak, sari banaketak, omenaldiak eta abar antolatu dituzte gaurko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.