ATZEKOZ AURRERA

Bakardade sasoiotarako irudia

Arreta handia piztu du Bilboko Areatzan jarri duten emakume edadetu baten eskultura hiperrealista batek. Hainbat edadeturen bakardadea bistaraztea da kanpainaren helburua.

Ruben Orozco artistak 89 urteko benetako emakume bilbotar bat oinarri hartuta sortu duen erreplika zehatza jarri dute Bilboko Areatzan. M. DEL VALLE / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Bankuaren ertzean eserita, kristalezko aterpe baten babesean, burumakur eta begirada esku artean darabilen erlojuan galduta, bakardade uharte bat dirudiRuben Orozco artista mexikarraren eskultura hiperrealistak Bilboko Areatza inguratzen duen Gabonetako zuhaitzen, salmenta postuen eta argi koloretsuen itsasoaren erdian. Bakardadean hildako azken pertsona deitzen da artelana eta Zazpikaleetan bizi den Mercedes izeneko 89 urteko andrearen erreplika zehatza da, erretxinaz, silikonaz, zurez eta giza ilez egina. Adineko zenbait jenderen bakardadea bistarazteko helburuz jarri du bertan BBK banku-fundazioak, eta jakin-min handia piztu du hirian. Ostegunean jarri zutenetik hona, milaka dira jadanik eskultura ikustera gerturatu diren herritarrak.

«Argi printzek jotzen zuten zuzenean, eta oso ongi ikusten zitzaion azalaren kolorea, ilea, aurpegiko keinua; izugarria zen aurreko egunean nola zegoen». Zazpikaleetan bizi da Nekane Etxaniz, eta, jarri zutenetik, bitan ikusi du jadanik eskultura: eguzkitara ostiralean, eta aterkipetik bigarrenez. Inpresio handia egin diola dio. «Edozeinek ulertzen du lanaren atzean dagoen mezua». Eta ez da hori bakarrik. «Denok dugu bakarrik bizi den bizilagunen bat ondoan, baina normalean ez dugu enbarazu egin nahi izaten, eta, azkenean, ez zara ausartzen atea jotzera. Igual lagundu dezakezu, baina...».

Ingeles irakaslea zen Etxaniz erretiroa hartu aurretik, eta beti izan du zaletasuna The Guardian eta bestelako egunkari ingelesak kontsultatzeko. Gogoan du inpresio bereziki handia egin zion albiste bat. «Emakume edadetu batek kontatzen zuen egunero joaten zela supermerkatura, baina kutxan inor behar ez duten makina automatiko batzuk jarri zituzten dendan, eta norbaitekin egoteko zuen aukera bakarra kendu zioten». Amarekin bizi da bera egun, eta, dioenez, auzoko dendetan erosketak eginez, egunkariak irakurriz eta kultur ekitaldietara joanez saiatzen da bakardadetik urrun mantentzen.

Bakoitza bere aterkiaren babespetik, eskulturari adi begira daude Naiara Blanch eta Telmo Ruiz. «Instagramen ikusi nuen norbaitek bideo bat igo zuela, baina ez nuen ulertu zergatik grabatu zuen emakume hura. Gero konturatu nintzen eskultura bat zela, eta ikustera etorri gara». Artelanari begira, ordea, aita da Blanchek ikusi duena. «Duela urtebete hartu zuen erretiroa, eta bakarrik bizi da. Beti dabil zerbait egiten, neba eta biok ere hemen gaude eta baditu lagunak, baina gero, etxean, bakarrik egoten da jatorduetan. Hasieran ez zara horretaz konturatzen».

Hilda bezala bizitzea

Argazki ikastaro bat egiten dabil Yasmine Trueba, eta kamera eta guzti joan da Areatzara eskolako kideekin. Euriarekin ezin ganorazko ezer egin, ordea, eta sakelakoarekin ateratako irudiekin konformatu behar. «Zalantza sortzen dit honen atzean BBK dagoela jakiteak, eta jakin nahi nuke zenbateraino diren koherenteak, baina polita iruditzen zait proiektua».Amama alboan zeukala ikusi zuen eskulturaren albistea telebistan. «Bakarrik bizi da, eta oso eroso dagoela dio, baina bakardade hori sentitu egiten da, batez ere gauez, eta eguraldi txarrarekin askoz gehiago».

Ikerketek diotenez, haziz doa bakarrik bizi diren 65 urtetik gorakoen kopurua. Egoera horretan bizi diren 60.000 pertsona zenbatu dituzte, adibidez, Bizkaian bakarrik. Eta haien artean dago Mercedes bera. Erretxinazko bere erreplikaren ondoan jarrita eman zuen bere lekukotza inaugurazio ekitaldian. «Hiltzen doaz lagunak eta senideak, eta ikaragarria da hori. Bizirik egon arren, hilda bazeunde bezala da».

Eta, bitartean, euriak dena bustitzen jarraitzen du, jendea, bakoitza bere aterkiari helduta, eskultura aurretik pasatu ahala. Korrikalari bat ziztuan. Emakume bat txakurra paseatzen. Bikote bat isilik nonbaitera bidean. Bazkaria inoren etxe atariraino eramateko motora igo berri den banatzaile bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.