ATZEKOZ AURRERA

Otarre bete hats euskararentzat

Aurtengo kanpaina aurkeztu du Errigorak Mendigorrian, D eredua eskatzen duten familiek lagunduta. Tokian tokiko proiektuak sustatuko dituzte, 'Agerraldia' izeneko egitasmoaren bidez.

Errigorako kideak eta Mendigorriko familiak, atzo, kanpaina berriaren aurkezpenean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Mendigorria
2020ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Haurrek hartua dute Mendigorriko frontoia (Nafarroa). Jostailuzko autoak, pilotak, trizikloak, boloak... Gustura ari dira jolasean, gurasoekin. Euskarazko hitz eta esaldi batzuk tikili-takala ateratzen dira gaztetxoen nahiz helduen ahotik: «Bota!», «segi, segi!», «gola sartu duzu!». Euskaraz hazitako lagun taldetxo bat, euskararen aurkako hizkuntz politikaren basamortuan. Hori nabarmendu dute Errigorako kideek, aurtengo uztaren aurkezpenean.

«Ez dugu gaurko plaza ausaz hautatu, Mendigorria zonifikazioaren burugabekeriaren ikurra baita», aitortu du Mikel Mutilvak, Errigorako kideak: «Herriko eskolan D ereduari betoa jarrita, administrazioak milaka herritarren hizkuntza eskubideen aurka aplikatzen duen politikaren isla da. Baina, zorionez, Mendigorria herri ekimenaren sinboloa ere bada, guraso talde batek euren haurrak euskalduntzeko hartu duen konpromisoaren ikur».

Hain zuzen, herriko haur eta guraso euskaldunei arnasgune bat eskaintzeko xedez, euskarazko ludoteka bat antolatuko dute Errigorakoek, Agerraldia izeneko egitasmoaren barruan: «Gure aletxoa jarri nahi izan dugu», esan du Mutilvak. Mendigorrian eginen dute, baina baita inguruko beste zortzi herritan ere.

Ez da, ordea, eskualdean eskainiko duten jarduera bakarra izanen. Ezta hurrik ere. Nafarroako hegoaldean eta erdialdean eragin nahi du Agerraldiak: erromatarrek ager vasconum esaten zioten eremuan, alegia. Hortik izena. «Gure xedea da euskararen alde ari direnak saretzea eta indarrak batzea», azaldu du Haizea Lizarbek, Agerraldia ekinbideko arduradunak.

Horretarako, «ekintza-agenda bat» proposatuko dute urtero. Aurtengoa prest dute jada: «Abizenak euskarazko grafiaz jartzeko kanpaina, hizkuntza paisaia aldatzeko proposamenak, kirol jarduerak, tailer feministak, azterketa soziologikoak, euskara egunak, bertso eskolak, haurren aisialdirako ekintzak...».

Proiektu «zehatzak» eta «praktikoak» garatzeko asmoa agertu du Lizarbek, eta adibidetzat jarri ditu inguruko enpresetan sustatu nahi dituzten euskara planak. Horietako bat da, Emun kooperatibarekin elkarlanean, Arronizko Conservas Iturri enpresan martxan jarritakoa: «Asmoa da egun gazteleraz dagoen guztia euskaraz ere eskaintzea: produktuen etiketak, errotulazioak, fakturak eta arreta zerbitzua, besteak beste».

Laguntza gehigarria

Proiektu horiek guztiak gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa dute Errigorak 2013tik egiten duen lana. Aurten ere, martxan jarri dute Euskarari puzka kanpaina eta, horren barruan, hiru saski eskainiko dituzte: Nafarroa hegoaldeko produktuekin osatutako saski beltza, produktu ekologikoak dituen saski berdea eta «gutiziak» dituen saski zuria. Beti bezala, irabazien %25 erabiliko dute euskalgintzako proiektuak diruz laguntzeko.

Aurten, baina, koxka bat harago eraman nahi dute laguntza, COVID-19ak eragindako kalteei aurre egiteko: «Pandemiak eragindako nahas-mahasa dela eta, ikastolen jaialdiak eta Sortzen-en jaia ezin izan dira egin eta Korrikarik ez dugu izango datorren udaberrian. Egoera honen aurrean ardura hartu nahi izan dugu, eta, beraz, saski bakoitzeko bost euroko ekarpen gehigarria eskatuko diegu herritarrei», adierazi du Mutilvak.

Horren ondorioz, saski beltzak 55 euroko salneurria izanen du; saski berdeak, 65 eurokoa; eta saski zuriak, azkenik, 75 eurokoa. Horren truke, opari bat jasoko dute saski bat erosten dutenek: saski beltzarekin batera, Korrikaren katilu bat; saski berdearekin, Seaskaren egutegia; eta saski zuriarekin, D ereduaren aldeko haziak. «Bost euro gehigarri horiek zuzenean emanen zaizkie AEKri, Seaskari eta Sortzen-i, beren jaiak ez egiteak eragin dizkieten diru galerak arintzeko».

Kanpainarekin bat egiteko deia egin diete Errigorako kideek euskaltzale guztiei, «euskara izurriaren biktima izan ez dadin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.