ATZEKOZ AURRERA

Kolore, kolore, eta auzo guztiak

Auzoak plataforma aurkeztu dute Iruñeko Gazteluko plazan. Kalejiran ibili dira, Alde Zaharrean, erraldoiek, dantzariek eta gaiteroek lagunduta. Umeek zein gurasoek gozatu dute besta.

Iruñeko auzoetako erraldoiak, Udaletxe plazan dantzatzen. IÑIGO URIZ / FOKU.
Yasmine Khris.
Iruñea
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Arrotxapea auzoko igogailu urbanotik aurreikusten zen jadanik panorama, guraso batek bertzeari galdetu ziolarik: «Zuek ere erraldoiak ikustera zoazte?». Gazteluko plazara helduta, ageri zen lana ez zutela erdizka egin: erraldoiak zain zeuden, hain zuzen ere, eta bertze hamaika dantzari, gaitero eta konpartsa ere bai, Auzoak plataforma aurkezteko. Atzo, 13:00etan aurkeztu zuten Iruñeko jaien koordinakundea.

11:45 ziren kalejira abiatu zenean, eta lehen dantza Comedia karrikan egin zuten, giro ederrean. Haur bat negarrez zegoen, Txantreako konpartsako Tartalo erraldoiaren begi bakarra ikusi ondoren; bertze batzuk, berriz, dantzan, baina beti guraso baten eskua atxikia.

Ehunka urrats egin ondoren aditu ziren Mendillorriko konpartsako dantzariak, argizarizko pertsonaien erraietatik aterata: «Atseden hartu behar dut, hilabeteak dira egin gabe». Besta falta sumatzen zen berez, egileen zein ikusleen partetik. Minutu bat geroago, gazte berak: «Berriz sartuko naiz, besta geldi ez dadin».

Hutsune hori nabarmendu zuen Polo Gartziak ere, Auzoak-eko antolatzaileetako batek: «Gutako batzuk Gora Iruñea-tik gatoz, baina mugimendua desagertu egin zen. Aspalditik beharra sumatzen dugu. Horregatik sortu zen Auzoak gaur, erantzun bat emateko».

San Nikolas karrikarekiko bidegurutzean, bertze batzuek ere hartzen zuten geldialdia: umeak so, gurasoak trago. Bitartean, musikak segitu zuen, gaitero, fanfarre eta trikitilari artean, Udaletxe plazara ailegatu arte. Azken lerroan, haur kotxeen desfilea, Euskal Herriko bertze mutur batean zegoen oihuari ihardetsiz: «Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, Korrika.»

Hiria auzotik eraiki

Eguzkipean, gogotsu aurkeztu zuten Auzoak, jende aurrean, Iruñea «herrikoiago, feministago eta euskaldunagoa» eraikitzeko. Ekitaldia solasaldi moduan hasi zuten, Txantreako Betixa sorgina eta Piripi artean, Gazteluko plazaren kioskotik: «Zer da Auzoak?», «Gu gara Iruñeko auzoetako jai batzorde berria!». Txalo artean, esaldi bat ozen aditu zen: «Maia, entzun, Iruñea euskaldun».

Alde Zaharreko balkoi borobiletik, baliatu zuten errateko «bi urte luze» egon zirela Iruñeko auzoetan ekitaldirik antolatu gabe, eta auzoen mugimendua berriz martxan jarri zutela. Berriz, eta laster; izan ere, Sanduzelai auzoko bestekin estreinatzen dira urtero Iruñeko auzoetako jaiak. Bi gaztek, zapia lepoan lotua, oihukatu zuten: «Gora Sanduzelai!». Aurten, hilaren 22an hasiko dira jaiak, 24a arte.

Auzoak plataforma hamahiru jai batzordek osatzen dute: Txantrea, Donibane, Buztintxuri, Azpilagaña, Mendillorri, Zabalsantxe, Arrosadia, Iturrama, Etxabakoitz, Ermitaldea, Sanduzelai, Alde Zaharra eta Errotxapeakoek.

Auzoak islatu ditu, baita ere, Mikel Mendibilek, logotipoan.«Hamahiru forma eta kolore ezberdinak, auzoak bezala», azaldu zen. «Ikusi al duzue zein koloretakoa den Txantrea? Urdinez, bai, baina gutxi barru zuriz izanen da berriro!», erantzun zuen Betixak, umorez, Iruñeko Udalak auzoan autoa aparkatu ahal izateko ezarritako TAO sistema aipatuz.

Gartziak, burrunbatik urrun, erran zuen: «Argi dugu Iruñea eraikiko dela auzoak bizirik badira. Eta guk eraiki nahi dugu Iruñea euskaldunago bat». Adierazi zuen udalarekiko harremana «normala» dela oraingoz, nahiz eta penaz onartu zuen sanferminak direla beti «kultur helburu ia-ia bakarra».

«Urduri», «pozik» eta lan asko eginda azaldu ziren Iruñeko bihotzean, publiko ugari eta adin guztietako entzuleen aitzinean. Bitartean, ez zuten itxaron alkatearen proposamena, eta euren txupinazo propioa bota zuten, Gazteluko plazaren kioskotik. Alde Zaharretik, bai, baina hiriburuaren zeru osoan zabalduz, ekitaldia bukatu baino lehen: «Orain, besta egitera goaz; auzoetan elkartuko gara!». Iruñeko azken auzo jaia urriaren 12an amaituko da, Etxabakoitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.