ATZEKOZ AURRERA

Absurdoaren abusuaren kafea

Urtebete da pandemiak zinema aretoak mututu zituela Zuberoa, Lapurdi eta Nafarroa Beherean. Atalante zinema aretoak kafea eskaini dio publikoari, elkarren arteko loturak eten ez daitezen.

Atalante zinema aretoak kafearen ordura eta filmen afixa salmentara deitu du bere publikoa; ehun inguruk ihardetsi du, hetsi eta urtebetera. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Baiona
2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Aturriren ur gizenak duda izpirik gabe doaz itsasora buruz, naturaren lege logikoari naturalki jarraikiz .

Hegian, harrizko murru gainean bada mugimendua: Atalante zinema areto independentearen atarian. Egun beteko du urtea osagarri krisiak Ipar Euskal Herriko zinemen bortak zerratu zituenetik. Kari horretara, elkarteak kafea eskaini nahi izan dio bere publikoari.

Aturrik bezala, duda izpirik gabe erantzun diote gomitari Atalanteren erabiltzaileek: «Elkartasunez jin naiz, eta salatzeko museo eta zinemen zerratzea. Egoera absurdoa da: higiene neurriak errespetatzea baita manera zinemak irekitzeko», erran du Annie Muthular elkarteko kideak.

Ehun lagun inguru bildu da, bakoitza bere txandaren beha, giro lasaian, bai salgai dauden filmen afixen ikusteko barnean, bai ere kafearen hartzeko, kanpoan.

Megafonia iratzarri da tanpez: Jean-Pierre Saint-Picq Atalante elkarteko lehendakariaren bozak bete du soinu espazioa, egoera are absurdoa agerian ezarriz: «Metroan edo supermerkatuetan jendea metatzen da egunero, baina zinemak zerratuak dira. Absurdoa da. Finean, hautu politikoak dira. Alta, zinema eta kultura gure osagaien parte dira». Ez ditu bere arrangurak gorde: «2020a afrusa izan da, baina gutxienez estatuak lagundu gaitu. Makurrena jitekoa da, datozen bizpahiru urteak oso latzak izanen baitira: kezkatuak gara hartzen ari diren neurriekin».

Oraino ikustekoa dena

Dena den, lehendakariak azpimarratu du dekoratu ilun horrek baduela izpi airosagorik: Atalanteren elkartasunezko sistema ekonomiko «xumeari» esker ez baita «Multiplex» horiek bezain «gaizki».

Ahoan bilorik gabe aitortu du jin direnak hunki nahiko lituzkeela, birtualitateak okaztaturik.

Peio Duhaldek liburu denda utzi du kafe bat hartzeko: «Elkar aspalditik Atalanten kide da, baina ene izenean jin naiz, edo, hobe erranik, gure seme-alabendako, nik ez baitut astirik zinemarat joateko». Bere buruari irri egin dio: ez baitu une hobeagorik hautatu, zinema hetsirik egotea baino kide kartaren erosteko.

Sartu eta atera, ez du kafe baten hartzeko astirik ere Sylvie Larroque Atalante zinemako zuzendariak. Absurdoaren ebidentzia azpimarratu du berak ere: higiene baldintza guziak errespetatzeko ahalmena dutelako, eta arduratsuak izan direlako. Gainera, frogatua izan da zinemak ez direla kluster eragile. Publikoa berriz ikusteak bihotza «berotu» dio, eta baikor da; zabaltze eguna jinen denerako jendea berriz ere itzuliko delakoan dago: «Gure publikoa gure kapital preziatuena baita».

Irekiera horri begira ari da jadanik lanean: «Zabaltzea urgentea da, zinema ekosistema baten parte baita. 400 film daude ateratzearen zain, ikaragarria da. Irekieran kolapso bat egonen da, eta film ahulenek dute pairatuko. Hitzartutako egutegia nahiko genuke, haustura oso handirik ez dadin egon».

Afixak fitxatzen.

«White Riot ikusi nahiko nuke bai», aipatu dio gizonak bikotekideari, filmaren afixa eskuetan. Trumilka dira salgai. Table du Soir elkartearen aldeko diru bilketa da, zeinak behartsuei jana eta aterpea antolatzen baitie.

Okre koloreko pare bat erosi ditu Mathieu Bengoetxeak: «Usu jiten naiz filmen ikustera; izugarri maite dut. Ez da batere aise, denbora luze da, eta zinema ments dugu, bai, ziur. Plazer egiten dizu jendearen ikusteak, denbora ederrarekin».

Haize kontra igerika egitea bezala, absurdoaren elikagai eta logikari muzin eginez, momentuz, ez da zinema aretoak zabaltzeko neholako iragarpenik hiru probintzietan.

Larroquek ez du baztertzen etorkizunean ekintza konkretuak antolatzen hasiko ez direnik: «Egun ez dugu desobedientziara deitu, baina ikusiko ekintza haboro eginen dugunetz».

«Faltan zaituztegu» ezarria dute banderolan, frantsesez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.