Migrazioak

«Arazoa ez da desagertuko»

Migratzaileentzako «harrera duina eta integrala» eskatu dute berriro Irungo eta Hendaiako sareek. Gogoratu dute etorkinen iritsiera ez dela eten. Protesta nazionala egingo dute urtarrilean, Irunen

Santiago zubian elkartu ziren atzo Iparraldeko eta Hegoaldeko herritarrak migratzaileen eskubideak aldarrikatzeko. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2018ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Urrunekoa zirudien krisia Euskal Herriko kaleetara ekarri zuten ehunka migratzailek udan: jaioterrietatik ihesi doazen gizon-emakumeak hezur-haragizkoak bihurtu dira; euren minak, beldurrak eta aldarrikapenak interpelazio bihurtu dira herritarrentzat eta erakundeentzat. Elkartasun sareak sortu dira han eta hemen: etxeetan, lokaletan, kiroldegietan eman diete ostatu herritarrek, eta urratsak egitera behartu dituzte instituzioak. Uda igarota, lerroburuetatik desagertu da auzia, baina interpelazioa ez da eten: «harrera duina eta integrala» eskatzen dute oraindik eragileek. Migratzaileen nazioarteko eguna da gaur, baina atzokoa da argazkia, punturik beroenean egina: Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan elkartu ziren Hendaiako eta Irungo herritarren harrera sareak, Santiago zubian, eskaerak bateratzeko.

Oinarri-oinarrira jo zuten sareek leloan: Zirkulazio askatasuna! Eskubide berdinak!. Izan ere, dozenaka lagun iristen dira egunero Irunera muga gurutzatzeko, baina poliziak izaten dituzte zain bestaldean: migratzaileetako batzuk Hendaiako atxikitze zentrora eramaten dituzte, eta besteak Irunera itzularazten dituzte —atzo bilera egin zuten Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak eta Fernando Grande Marlaska Espainiako Barne ministroak, eta mugako itzulketa horiek izan zituzten hizpide—. Auzia globala dela adierazi du Malen Garmendia Irungo sareko kideak: «Hau ez da Irungo arazoa; Euskal Herri osoari eta estatuari dagokio. Eta ez da migratzaileen arazoa: gizartea aktibatu egin behar da arazoen aurrean, denok borrokatu behar dugu oinarrizko eskubideak errespeta daitezen».

Udatik hona gutxitu egin da Irunera iritsitakoen kopurua, baina jarioa ez da eten, Garmendiaren arabera: «Espero genuen gehiago nabaritzea jaitsiera abenduan, ez hainbeste hemengo eguraldiagatik, baizik eta itsasoaren egoeragatik. Baina, jaitsiera izan arren, oraindik asko iristen dira». Ion Aranguren Irungo sareko kideak erantsi du auzia kronifikatu egin daitekeela: «Neguan gaude jada, eta ez du ematen heltzeari utziko diotenik; eta, utziz gero, ez du luze iraungo: udaberrian berriro egingo du eztanda. Arazo hau ez da desagertuko».

Migratzaile gutxiago iritsi arren, Irungo harrera sarea San Juan plazan biltzen da egunero, udaletxe aurrean. «Aldarrikapen batekin gaude hor, ikus gaitzaten», berretsi du Garmendiak. Halere, udako protestek emaitza izan zuten: Martindozeneko aterpetxea —Gurutze Gorriak kudeatua— egunez ere zabalik dago egun, eta ez dago ordutegi mugarik bertan sartzeko.

Halere, arazoren bat izan dute aterpetxean, gaueko txandan batik bat. Ostegunean, goizaldeko 02:00 aldera iritsitako hamar laguni agiri bat sinatzeko eskatu zieten, konpromisoa hartuz hurrengo egunean Poliziarengana joateko. Kanporatze agindurik gabe iritsi ziren; Espainia hegoaldera heltzean ematen diete agiri hori, adierazteko hilabeteren buruan estatua utzi behar dutela; identifikazio gisa erabiltzen dute, baina migratzaile askok galdu egiten dute bidean. «Ez zaigu onargarria iruditzen ordu horietan leher eginda eta galduta iristen diren pertsona batzuei eskatzea ulertzen ez duten paper bat sinatzeko, eta hori izatea aterpetxean gaua egiteko baldintza», esan du Garmendiak. «Botere gehiegikeria bat da; identifikatzeko arazorik badago, hurrengo goizean konpon daiteke», berretsi du Arangurenek. «Beste egun batean, lau gazte ez zituzten hartu adingabeak ematen zutelako, eta soilik adindunak har ditzaketelako. Adina ere biharamunean egiazta zezaketen».

Urtarrilaren 26an, protesta

Interpelazio lana ez denez eten, mobilizazioak ere ez dituzte bertan behera utziko. Manifestazio nazional bat antolatzen ari da Irungo harrera sarea datorren urterako: urtarrilaren 26an egingo dute, 17:00etan, Ficobatik abiatuta. Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez ari dira leloa zabaltzen, euren aldarrikapenen isla: Euskal Herria, harrera herria. Duintasuna, eskubideak eta alternatibak. Zirkulazio askatasuna eta eskubide berdintasuna.

Izenburu bereko manifestuak 1.300 sinadura baino gehiago bildu ditu jada. Oso kritiko mintzatu dira bertan erakunde publikoekin: «Ez diote egoerari aurre egin nahi izan». Bestelako migrazio politika bat eskatu diete, eta errespetua galdegin dute etorkinentzat, Garmendiak laburtu duenez: «Lortu nahi genuke harrera sarea desagertzea; hau da, instituzioek hartzea erantzukizuna euren gain, eta eskaintzea harrera duin eta integral bat, migratzaileen beharrak eta eskubideak kontuan hartuko dituena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.