Frantziako lan erreforma. Zentsura mozioa

Ahul, baina aurrera

PSko kritikoek ez dute babestu Vallsen gobernuaren aurkako zentsura mozioa, eta huts egin du. Lan erreforma onartuta geratu da, eta Senatura doa orain
Nuit Debout mugimendukoak Frantziako Asanblearen atarian, atzo, lan erreformak eragindako zentsura mozioa bozkatzen ari zirela.
Nuit Debout mugimendukoak Frantziako Asanblearen atarian, atzo, lan erreformak eragindako zentsura mozioa bozkatzen ari zirela. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE

Iker Aranburu -

2016ko maiatzak 13
Kalkulu politikoa ongi atera zaio Manuel Valls Frantziako lehen ministroari. Apustu egin zuen lan kodearen erreforma trabatu nahi zuten PS alderdi sozialistako frondeur edo suminduak ez zirela ausartuko gobernua botatzera, eta asmatu egin du. Hauteskundeetarako urtebete falta dela, PStik kanporatua izateko mehatxuak ere izango zuen zeresana, haietako bakar batek ere ez zuelako bat egin eskuinak aurkeztutako zentsura mozioarekin. Aldeko 288 behar zituen, baina 246 bakarrik izan ziren. Horrenbestez, aurrera doa arlo ekonomikoan Frantziako Gobernuak egindako erreforma liberaletan sakonena. Haren bidez, enpresako lan itunek lehentasuna izango dute, kaleratze objektiboak erraztuko dira, eta lanaldia luzatzeko aukerak zabaldu. Vallsen gobernuak bere ahultasuna erakutsi du, beste behin, baina bizirik irten da.

Duela urtebete hainbat lanbide eta sektore liberalizatu zituen legearekin bezala —Macron legea—, gutxiengoan aurkitu du bere burua Vallsen gobernuak, eta trikimailu konstituzional baten bidez egin dio izkin ahultasunari. Frantziako Konstituzioaren 49.3 artikuluak legegai bat botorik gabe onartzeko aukera ematen dio, baina trukean zentsura mozio bat jaso ahal du, oraingoan bezala.

Eskuineko zein ezkerreko oposizioaren eta sindikatu gehienen salaketa eragin duen ihesbide hori ez da, ordea, Vallsen esklusiba. Atzokoarekin, 85 aldiz erabili dute 1958. urteaz geroztik. Michel Rocard sozialistak profitatu du gehien, 28 aldiz 1988-1991ko epean. Vallsek, atzokoarekin, lau, baina bosgarrena aurki iritsiko da, El Khomri legea Senatutik Asanbleara itzultzen denean. Senatarien artean eskuindarrak dira nagusi, eta atzera botako dute.

Pentsatzekoa da Vallsek berriro 49.3 artikulua baliatuko duela Asanbleako bigarren eztabaidan. Hala egiten badu, Christian Paul frondeur-en bozeramaileetako batek iradoki du ezkerreko diputatuak saiatuko direla orduan beren zentsura mozio propioa aurkezten. Oraingoan, hori egiteko atarian geratu dira. 58 sinadura behar zituzten, eta 56 bildu zituzten. Haien artean PSko 28, Ezkerreko Frontekoak, ekologista batzuk eta Jean Lasalle, Ipar Euskal Herriaren barnealdearen zati handi bat eta Biarno mendebaldea biltzen dituen barrutiko diputatua.

Protestak kalean

Espero zitekeen gobernuak 49.3ra jotzeak erreformaren aurkakoak amorrarazi eta kalera aterako zituela. Baina atzokoa bosgarren protesta eguna zen, eta nekea sumatzen ari da protestarien artean. Manifestazio jendetsuak izan ziren atzo ere, baina martxoan edo apirilean ikusitakoen azpitik. Baionan, esaterako, 1.200 lagun elkartu ziren, poliziaren arabera. Parisen istilu txiki batzuk izan ziren, manifestariak Asanbleara gerturatu zirenean.

Giroa ez zen bare egon Asanblearen barruan ere. Erreformaz «harro» zegoela aldarrikatu zuen Vallsek, eta justifikatu egin zuen legegaiaren eztabaida eten izana. «Ohartu gara kontrakoen aliantza batek lege proiektua trabatuko zuela: langileei babes handiegia ematen zaiela uste dutenak eta erreformak langileen eskubideak auzitan jartzen dituela uste dutenak».

Mozioaren aurkezleak, Christian Jacob Errepublikanoak eskuineko alderdiko buruak, gobernua kanporatzen laguntzeko eskatu zien PSko kritikoei; «Frantziarren %84k uste dute Hollanderen politikaren bilana txarra dela. Suminduei deitzen dizuet arduraz joka dezazuen […] Zentsurak porrot egiten badu, frantziarrei soilik gertatuko zaie botere aldaketarako falta diren egunak zenbatzea». Hurrengo bozetan, «frantziarren etsipenaren neurriko uhin batek» PS hondoratuko duela iragarri zuen.

Eskuinaren eta Medef patronalaren arabera, legegaia motz geratu da, batez ere kaleratzeen kalte-ordainak legez finkatzeko neurria erori delako. Doi-doi kontrakoarengatik azaldu dira aurka sindikatu gehienak eta ezkerreko taldeak. «Medefen eta Bruselen deiei men egitea», egotzi zion Vallsi dio lehen ministroari Andre Chassaigne PCFko diputatuak. Enpresako lan itunei lehentasuna emanda, «globaliza- zioaren aurka langileek duten azken harresia kendu diezue».

PSren izenean, Bruno Le Rouxek «egin beharreko iraultza kulturaltzat» jo zuen erreforma. «Azken hogei urteotan, ezer aldatu izan ez balitz bezala jokatu dugu. Geure herriak langabezia masiboa hautatu du. Lan merkatuaren arazo berriei erantzun nahi die lege proiektuak».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: