Albistea entzun

Sarajevoko setioak 25 urte

Itzalita ere irauten duen sua

Duela 25 urte utzi zuten Sarajevo Bosniako serbiarren tropek, Daytongo Akordiotik gutxira. 11.000 lagun inguru hil zituzten lau urtean. Gerrako zauriek eta etnien arteko ezin ulertuek herritarren bizitza eta herrialdearen egitura zeharkatzen dituzte oraindik. Bideoa albistearen barruan.

Sarajevoko eraikin bat zeharo suntsituta, hiria setiatu zuten garaian.
Sarajevoko eraikin bat zeharo suntsituta, hiria setiatu zuten garaian. EFE Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2021eko martxoak 2

Joan den mendearen hondarrean, gerrako irudiek ezagutarazi zuten Sarajevo, eta irudi horiei iltzatuta dago oraindik hiria askorentzat. Srebrenicako sarraskiarekin batera, Bosnia eta Herzegovinako gerraren gordintasunaren sinbolo bihurtu zen Sarajevoko setioa. Bosniako serbiarren tropek lau urtez hartua izan zuten hiria. Duela 25 urte amaitu zen. 11.000 lagun inguru hil zituzten lau urte pasatxoan; horietatik 1.500 inguru, adingabeak.

 

Jugoslaviaren desegite gatazkatsuaren barnean, arorik odoltsuena ordezkatzen du Bosniako gerrak. 1992an lehertu zen, errepublikako gobernuak independentziarako erreferendumera deitu eta gero. Baietzak irabazi zuen, eta Jugoslaviarekiko independentzia deklaratu zuen Bosnia eta Herzegovinak.

Arrazoi politikoak etnikoekin korapilatuta zeuden aspalditik, eta Jugoslaviaren desegiteak azkartu egin zituen etnia eslaviarren arteko tirabirak. Serbiarren, bosniaken eta kroaziarren arteko bereizketa giltzarria izan zen lurraldearen banaketan, eta horren ondorioak gordinen pairatu zituzten lekuetako bat izan zen Sarajevo, gehiengo musulmanekoa.

Bosniako serbiarren tropek independentzia adierazpenetik hilabetera hasi zuten Sarajevoko setioa. Europako Batasunak independentzia adierazpena onartu zuen egun berean, frankotiratzaile serbiar batek tiro egin zion manifestari talde bati. Ordurako, hiriaren inguruko muinoak hartuak zituzten serbiarrek, eta handik egin zituzten lehen erasoak, artilleria erabilita.

Bakartu egin zuten hiria, inguruko errepide nagusiak blokeatuta nahiz elikagaien eta sendagaien iritsiera galaraziz, besteak beste. Blokeo horri aurre egiteko, 800 metroko tunel bat egin zuten 1993an. Pasabide horrek hiria kanpoaldearekin lotzen zuen. Herritarrak hiritik ateratzea eta hornigaiak iritsaraztea lortzen zen modu horretan.

Posizio militar estrategikoen jabe azkar egin ziren Bosniako serbiarrak, eta intentsifikatu egin zituzten bonbardaketak, hiria kontrolatu eta hurrengo hilabeteetan. Hilketa masiboak egin zituzten. Markaleko merkatukoak izan ziren sonatuenetakoak. 1994an, 68 lagun hil zituzten, eta, handik hemezortzi hilabetera mortero bidez egindako bonbardaketa batean, beste 43 lagun hil zituzten.

Militarki, bosniar musulmanen baliabideak urriak ziren, Bosniako serbiarrenekin alderatuta. Egoerari buelta ematea lortu zuten, hala ere, bi arrazoi nagusirengatik: batetik, AEBen bitartekaritzaren bitartez kroaziarrekin bakea sinatu zutelako eta horrek serbiarren aurka indarrak batzeko modua eman zielako; eta, bestetik, NATOren hegazkinek esku hartu zutelako gatazkan.

1995ean izenpetu zuten Daytongo Akordioa Serbia eta Montenegro, Bosnia eta Herzegovina eta Kroaziako presidenteek. Herrialdeari gaur duen egitura administratiboa eman zitzaion: subiranotasuna aitortu zitzaion, bai, baina bi entitate politiko konfederatutan banatu zuten; Bosnia eta Herzegovinako Federazioa —Federazio Kroaziar-Musulmana ere deitzen diote— batetik, eta Bosniako Serbiar Errepublika bestetik.

Hiru politikarik osatzen dute herrialdeko presidentetza, etnia bakoitzak bere ordezkaria baitu, eta zortzi hilabetetik behin txandakatu egiten dira ordezkari serbiarra, kroaziarra eta bosniaka. Horrek baldintzatzen du giro politikoa, eta baita eztabaida ere, elkarri bizkarra emanda bizi diren komunitate finkoak baitituzte hirurek.

Belaunaldi berriak eta etnien arteko liskarrez gaindiko auziak hasiak dira ikuspegi zurrunak arrakalatzen, ordea, eta Sarajevon ere ari dira horren eraginak sumatzen.

LEKUKOTASUNAK

Oliver Dujmovic, tabernaria.

«Telebistan amaitu zela esan zutenean, denek jaitsi zituzten armak. Inork ez zuen jarraitu nahi, luzeegia izan zelako».

Edvin Avdic, eraikuntzako langilea.

«Gazteok gero eta gehiago aldentzen ari gara nazionalismoaren ikuspuntu primitibotik».

Adela Jusic, artista eta gerrako haurra.

«Frankotiratzaileak saihesten ikasi genuen, oraindik heriotzaren kontzeptua ulertu gabe».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sabinasko meategiko erreskate lanak, abuztuaren 12ko irudi batean. ©MEXIKOKO BABESGO ZIBILA

Mexikon, hamar meatzari erreskatatzeko lanak eten behar izan dituzte

Mikel P. Ansa

Ekaitz bat dela medio, bertan behera utzi behar izan dituzte erreskate lanak. Coahuilako estatuko meategi batean istripu bat gertatu zen abuztuaren 3an, eta ura sartu zen barrura. Hamar meatzari daude harrapatuta, eta, ura ponpatu ostean, atzo hasi zuten erreskatea. Iaz beste zazpi hil ziren, antzeko moduan, estatu bereko beste meategi batean.

Bi emakume Irango banderaren aurretik igarotzen, abuztu hasieran, Teheranen. ©ABEDIN TAHERKENAREH / EFE

Itun nuklearraz EBk proposaturikoa onargarritzat jo du Teheranek

Arantxa Elizegi Egilegor

Egitasmoaren arabera, Iranek IAEAren «kezkak» argitu beharko lituzke, eta, trukean, itxi egingo lukete haren programa nuklearrari buruzko ikerketa. Azken eskaintza dela ohartarazi dute AEBek

SOS Artic espedizioaren haizezko lera bat, joan den ekainean, Groenlandian. ©EFE

Artikoa gainontzeko eremuak baino lau aldiz azkarrago ari da berotzen

Lide Iraola

Izotzak eguzki izpiak islatzen ditu, baina, behin urtuta, ozeanoak xurgatzen du izpien beroa, eta, ondorioz, gora egiten du tenperaturak
Iragan ekainean su etena adostu ondoren matxino huthiek egindako protesta bat, Sana hiriburuan. ©Yahya Arhab/ EFE

Gutxienez 80 lagun hil dira Yemenen borroketan

Zuriñe Iglesias Sarasola

Miliziano talde batek, Saudi Arabiako koalizioak babestuta, Poliziaren eta armadaren kuartelei eraso diete. Probintziako gobernadoreak komandante bat kargutik kendu izanak eragin ditu liskarrak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...