Bakea eta elkarbizitza. Euskal presoak

«Jauzi kualitatiboa» eman nahi du Orain Presoak herritar dinamikak

Olatz Iglesias bozeramaileak dio Hegoaldeko gehiengo zabal batek bat egiten duela euskal presoen auziko oinarrizko aldarrikapenekin

Enekoitz Esnaola -

2018ko urriak 14
Datorren larunbatean Donostiako kaleetan jendetza batzeko helburua du Orain Presoak herritar dinamikak, baina, «batez ere, jauzi kualitatiboa» eman nahi du, Olatz Iglesias bozeramaileak (Deustu, Bilbo, 1995) BERRIAri azaldu dionez. Uste du alde horretatik pausoa emateak onurak ekarriko dituela aurrerantzean, euskal presoen oinarrizko eskubideen alde gero eta jende multzo pluralagoa ariko delakoan.

Gizarte zibileko sektore askotako 46 herritar ezagunek aurkeztu zuten, joan den ekainean, Orain Presoak, eta oinarrizko eskaerak egin dizkiote Espainiako Gobernuari: urruntze politika bukatzea, gradu progresioa ahalbidetzea, larri dauden presoen arta bermatzea eta Frantziako Estatuan presoek betetako kartzela urteak zenbatzea. «Horiek dira gaur-gaurkoz lehentasun modura joak ditugun eskaerak. Eskaerok ardatz hartuta batu gara gu. Hego Euskal Herrian herritarren, alderdien, instituzioen eta sindikatuen gehiengoak ere bat egiten du aldarrikapenokin. Lau puntuok bete ostean etorriko lirateke beste pausoak», esan du Iglesiasek. «Azken batean, legedia betetzeko eskatzen diogu Espainiako Gobernuari. Beti aritu izan dira euskal presoei legea betetzeko esaten. Gobernuak berak bete, eta Euskal Herriratu ditzala presoak, baldintzapean aska ditzala gaixorik daudenak eta ahalbidetu dezala gradu progresioa».

Dinamikako bozeramaileak nabarmendu du ETAren biktimen elkarte batzuek PPri eta Ciudadanosi esan dietela eurak ez ditzatela erabili tresna modura gobernuaren aurka egiteko euskal presoen auzian. «Eta elkarteek azaldu dute gerturatzea legezkoa dela. Pauso bat izan da». Baina PSOEren gobernuak ez du aski urrats egin, Iglesiasen arabera. «Gutxi eman ditu. Badaude baldintza politikoak, sozialak eta legezkoak pauso gehiago emateko».

Madrilen «exijentziak»

Iglesiasek ikusten du eragozpen garrantzitsu bat bide orri bat osatzeko: euskal presoei jarritako trabak. «Presoek urrats berriak egin orduko, Madrilek exijentzia berriak jartzen dizkie. Hori ez da bide zuzena, ezta zintzoa ere». Gobernuari «borondatea eta zehaztasuna» galdegin dizkio. «Presoek eta auzi honetan lanean dabiltzan mugimenduek ez dakite zein den Espainiako Gobernuaren bide orria egun. Argitasuna eta zintzotasuna ere eskatzen dizkiogu». Laguntzeko luke dinamika. «Guk ez dugu presioa egin nahi, lagundu baizik. Bultzada soziala eman nahi dugu Madrilek legea bete dezan».

Ekainean dinamika aurkeztu zutenetik harremanak izan dituzte euskal alderdiekin, sindikatuekin eta bestelako eragileekin. Lan horren uzta bat jaso nahi dute hilaren 20ko manifestazioan. «Orain arte inplikatu gabeko herritarrak eta eragileak erakarri nahi ditugu. Luzera begira emaitza garrantzitsuak lortu gura ditugu manifestazio hau plurala izanda». Gero ere lanean segituko dute, «behetik gora arituz».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Enekoitz Esnaola

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna