Pentsioak. Hego Euskal Herriko pentsiodunen protesta

Pentsiodunek beren eskariak legez babesteko eskatu diote legebiltzarrari

Lege proposamen bat onartzea galdegin diete alderdi politikoei, eta ostean Madrilera eramatea

Milaka manifestari bildu ziren, atzo, Gasteizen, legebiltzarra inguratzeko pentsiodunen protestan. JUANAN RUIZ / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2019ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Pentsiodunek Eusko Legebiltzarrera eraman dute protesta oraingoan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako milaka lagun elkartu ziren, atzo, Gasteizen, politikariei eskatzeko legez babestu ditzatela beren eskariak. Talde parlamentarioentzako idatzi bat aurkeztu zuten legebiltzarreko erregistroan, pentsio publikoen sistema defendatzeko lege proposamen bat onar dezatela eskatzeko, eta hura ondoren Espainiako Diputatuen Kongresura eraman dezatela. Urte berriarekin batera, alderdi politikoekin biltzen hasiko dira proposamena lantzeko.

«Ez dugu hitz onik nahi, ez aitzakiarik, ez eta atzerapenik ere. Pentsiodun gisa eragiten diguten arazoei amaiera ematea nahi dugu», adierazi zuen Jesus Maria Soubiesek, Arabako Pentsiodunen elkarteko kideak, milaka manifestariren aurrean, Gasteizko Katedral berriaren inguruetan. Hilabete barru beteko dira bi urte pentsiodunek asteleheneroko protestak hasi zituztenetik, eta atzo beste ekintza handi bat egin zuten urtarrilaren 30eko greba orokorraren atarian. Bi zutabetan banatuta, Katedral berriaren parean bildu ziren guztiak, eta ondoren legebiltzarreraino joan ziren hura inguratzeko asmoz.

«Lege proiektu bat egiteko eta hura tramiterako onartzeko eskatzen diogu Eusko Legebiltzarrari, ondoren Madrilgo diputatuen kongresuan defenda dezan», adierazi zuen Marian Esnaola pentsiodunen mugimenduko bozeramaileak, idatzia erregistratu ondoren egindako agerraldian. Pentsio sistema publikoa eta haren finantzaketa bermatzeko eskatzen dute, eta hala jaso beharko luke lege proposamenak ere, Esnaolaren hitzetan.

Protestak hasi zituztenetik ez dituzte eskariak aldatu: pentsioak gutxienez 1.080 euro izatea nahi dute, eta horiek aurrekontuekin finantzatzea kotizazioak nahikoak ez direnean; pentsioak legez KPIaren arabera eguneratzea; banaketa solidarioan oinarritzen den pentsio sistema bermatzea; gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izatea; eta emakumeen eta gizonen arteko pentsio zein soldatetan dagoen arrakala desagerraraztea.

Bermerik ez

Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren ekinaldi eza salatu zuten pentsiodunek atzoko protestan. «Gaur (atzo), abenduaren 12an, oraindik ez dakigu urtarrilean zein izango den gure pentsioa». Izan ere, pentsiodunen arabera, haien eskariak berehala onar daitezke, «baita jarduneko gobernu batekin ere».

Eta, pentsiodunen hitzetan, Pedro Sanchezen gobernuak izan du horretarako aukerarik 2018ko maiatzaz geroztik, baina ez du neurririk hartu.«2010eko eta 2012ko lan erreformak, eta 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformak indargabetu ahal izan ditu; gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igo; gutxieneko soldata 1.200 euroan ezarri, Europako Gutun Sozialaren eskakizunetara hurbilduz; soldatetan eta pentsioetan dagoen genero arrakala desagerrarazi; edota, 40 urterekin erretiro aurreratuaren zigorra ezabatu. Baina ez du halakorik egin».

Hori gutxi ez, eta beren aldarrikapenak onartuko dituztelako «berme nahikorik» ez dute ikusten ez Jaurlaritzaren aurrekontuetan, ez eta PSOE eta Unidas Podemosen Espainiako Gobernua osatzeko aurreakordioan ere. Hori horrela, konpromiso zehatzak galdegin dizkiete politikariei. «Ezin dugu itxaron minutu bat gehiago».

Eskaerak onartu ezean, protestan jarraitzeko prest daudela adierazi zuten, eta ohartarazimobilizatzen segituko dutela behar diren astelehen guztietan. «Prest gaude behar den denboran kalean jarraitzeko. Astelehenero, Euskal Herriko gero eta herri gehiagotan manifestatzen jarraituko dugu», adierazi zuen Esperanza Ferran pentsiodunen mugimenduko bozeramaileak. Astelehenean Iruñeko parlamentura eramango dute protesta, hain zuzen.

Protestaren amaieran, halaber, elkartasuna eta babesa adierazi zioten Ipar Euskal Herrian Macronen pentsioen erreformaren aurkako grebari. «Ozen eta garbi esan nahi dugu mobilizazioa dela hemen eta han gure helburuak lortzeko bermerik onena», esan zuen Ferranek.

Urtarrilaren 30erako Eskubide Sozialen Gutunak deitutako greba orokorrera batzeko deia ere egin zuten pentsiodunek, nahiz eta denak ados ez egon. Izan ere, atzoko mobilizazioarekin bat egin bazuten ere, greba orokorra babesten ez duten pentsiodunen zenbait kolektibo ere izan ziren Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.