Orain Presoak bizikleta martxa hasiko da bihar, urrunketa salatzeko

Mont-de-Marsango eta Zaballako espetxeak lotuko ditu. Marlaska Barne ministroak esan du oraindik ez dutela landu gerturatzeen gaia

2018ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
«Urrunketa politikak senideen kolektiboan eragiten duen sufrimendua aldarrikatzeko». Helburu horrekin egingo da, bihartik astelehenera bitartean, Orain Presoak dinamikaren bizikleta martxa, antolatzaileek ekainaren amaieran egindako aurkezpenean jakinarazi zutenez. Mont-de-Marsango (Okzitania) espetxean hasi, eta Zaballakoan (Araba) amaituko da. Lau eguneko jarduna izango da Euskal Herrian zehar, euskal presoei ezartzen zaizkien «salbuespen neurriak» amai ditzatela eskatzeko.

Mont-de-Marsango espetxean hasiko da tourra, eta aurkezpenean argitu zuten horren zergatia: «Frantziako Estatuan hasiko da ekinaldia, gobernuak gai honekiko aldaketarako duen borondatea erakutsi baitu, eta, beraz, erreferentzia argia bihurtu da». Horretan guztian gizarte zibilaren lanak izan duen garrantzia ere nabarmendu zuten, eta hori dela «jarraitu beharreko eredu argia». Bihar hasiko den martxa «sinbolikoa» izango dela azpimarratu zuten, eta bi espetxe horiek lotzeak baduela zentzua: «Zaballako espetxea politikaren aldaketaren ikur bihurtzea nahi dugulako». Lau etapatan banatu dute bira —Mont-de-Marsan - Baiona, Baiona - Donostia, Donostia - Altsasu, eta Altsasu - Zaballa—; etapa bakoitzak 80 bat kilometro izango ditu, eta zailtasun ezberdina izango du bakoitzak.

Senideek presoak bisitatzeko egin beharreko kilometroak eta bidean dituzten zailtasunak irudikatu nahi dituzte horrela. Nola Sare hala Bagoaz elkarteek bizikleta martxa aurkezteko egindako bi agerraldietan, ontzat jo dituzte gaur arte egindako mugimenduak eta euskal presoen gerturatzeak, konponbiderako lehen pausoak baino ez direla jakitun. «Frantziako Gobernua hasitako bide beretik hastea espero dugu Espainiako Gobernua».

Lau alderdi jakin konpondu behar direla esan dute berriro, eta «lehentasunezkoak» direla: larri gaixorik dauden presoen egoera, lehen graduaren ezarpenaren amaiera, salbuespen legedia indargabetzea, eta beste estatu batean aurrez betetako zigorrak Europako legediak eskatu bezala zenbatzea.

Espainiak mugimendurik ez

Euskal presoen balizko hurbilketez mintzatu zen atzo Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaska ere, RNE irratian egindako elkarrizketa batean. Esan zuen gaia ez dutela landu, eta tratamendu batzordeak ez duela inoren hurbilketa aztertzeko bilerarik egin. Argitu nahi izan zuen ez dutela inor gerturatu, komunikabideetan gai horri buruz asko hitz egiten ari diren arren. Azaldu zuen preso bakoitzaren azterketa «kasuz kasu» egingo dela, eta prozesu erabat «gardena» izango dela. Argi utzi nahi izan zuen gerturatzea ez dela, «inolaz ere», espetxe onura bat. «Espetxe onurak beste gauza bat dira». Eta kontzeptuak argitu nahi horretan, sakabanaketa politika eta espetxe politika ezberdindu zituen. «Sakabanaketa politika terrorismoaren kontrako politika bat izan zen, eta arrakasta izan zuen ETA amaitzeko. Baina ez zen espetxe politika bat».

Bestalde, Sao Pauloko Foroan parte hartzen ari diren alderdiek Euskal Herriari buruzko ebazpen bat onartu zuten atzo, Habanan (Kuba). Han, Sao Pauloko Foroak Espainiako Gobernuari eskatu dio pausoak emateko «benetako bake baterantz», gatazkaren ondorioak konpontzen hasteko, sakabanaketa amaitzeko eta gaixorik dauden presoak eta edadetuak askatzeko.

«Gu ez gara eskatzen ari legedian ez dagoen ezer»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.