Albistea entzun

Orain Presoak bizikleta martxa hasiko da bihar, urrunketa salatzeko

Mont-de-Marsango eta Zaballako espetxeak lotuko ditu. Marlaska Barne ministroak esan du oraindik ez dutela landu gerturatzeen gaia

Iraitz Mateo Gogorza -

2018ko uztailak 19

«Urrunketa politikak senideen kolektiboan eragiten duen sufrimendua aldarrikatzeko». Helburu horrekin egingo da, bihartik astelehenera bitartean, Orain Presoak dinamikaren bizikleta martxa, antolatzaileek ekainaren amaieran egindako aurkezpenean jakinarazi zutenez. Mont-de-Marsango (Okzitania) espetxean hasi, eta Zaballakoan (Araba) amaituko da. Lau eguneko jarduna izango da Euskal Herrian zehar, euskal presoei ezartzen zaizkien «salbuespen neurriak» amai ditzatela eskatzeko.

Mont-de-Marsango espetxean hasiko da tourra, eta aurkezpenean argitu zuten horren zergatia: «Frantziako Estatuan hasiko da ekinaldia, gobernuak gai honekiko aldaketarako duen borondatea erakutsi baitu, eta, beraz, erreferentzia argia bihurtu da». Horretan guztian gizarte zibilaren lanak izan duen garrantzia ere nabarmendu zuten, eta hori dela «jarraitu beharreko eredu argia». Bihar hasiko den martxa «sinbolikoa» izango dela azpimarratu zuten, eta bi espetxe horiek lotzeak baduela zentzua: «Zaballako espetxea politikaren aldaketaren ikur bihurtzea nahi dugulako». Lau etapatan banatu dute bira —Mont-de-Marsan - Baiona, Baiona - Donostia, Donostia - Altsasu, eta Altsasu - Zaballa—; etapa bakoitzak 80 bat kilometro izango ditu, eta zailtasun ezberdina izango du bakoitzak.

Senideek presoak bisitatzeko egin beharreko kilometroak eta bidean dituzten zailtasunak irudikatu nahi dituzte horrela. Nola Sare hala Bagoaz elkarteek bizikleta martxa aurkezteko egindako bi agerraldietan, ontzat jo dituzte gaur arte egindako mugimenduak eta euskal presoen gerturatzeak, konponbiderako lehen pausoak baino ez direla jakitun. «Frantziako Gobernua hasitako bide beretik hastea espero dugu Espainiako Gobernua».

Lau alderdi jakin konpondu behar direla esan dute berriro, eta «lehentasunezkoak» direla: larri gaixorik dauden presoen egoera, lehen graduaren ezarpenaren amaiera, salbuespen legedia indargabetzea, eta beste estatu batean aurrez betetako zigorrak Europako legediak eskatu bezala zenbatzea.

Espainiak mugimendurik ez

Euskal presoen balizko hurbilketez mintzatu zen atzo Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaska ere, RNE irratian egindako elkarrizketa batean. Esan zuen gaia ez dutela landu, eta tratamendu batzordeak ez duela inoren hurbilketa aztertzeko bilerarik egin. Argitu nahi izan zuen ez dutela inor gerturatu, komunikabideetan gai horri buruz asko hitz egiten ari diren arren. Azaldu zuen preso bakoitzaren azterketa «kasuz kasu» egingo dela, eta prozesu erabat «gardena» izango dela. Argi utzi nahi izan zuen gerturatzea ez dela, «inolaz ere», espetxe onura bat. «Espetxe onurak beste gauza bat dira». Eta kontzeptuak argitu nahi horretan, sakabanaketa politika eta espetxe politika ezberdindu zituen. «Sakabanaketa politika terrorismoaren kontrako politika bat izan zen, eta arrakasta izan zuen ETA amaitzeko. Baina ez zen espetxe politika bat».

Bestalde, Sao Pauloko Foroan parte hartzen ari diren alderdiek Euskal Herriari buruzko ebazpen bat onartu zuten atzo, Habanan (Kuba). Han, Sao Pauloko Foroak Espainiako Gobernuari eskatu dio pausoak emateko «benetako bake baterantz», gatazkaren ondorioak konpontzen hasteko, sakabanaketa amaitzeko eta gaixorik dauden presoak eta edadetuak askatzeko.

«Gu ez gara eskatzen ari legedian ez dagoen ezer»

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©MARISCAL / EFE

«EAJk 40 urtez egin duen politikan dabil EH Bildu orain»

Xabier Martin

Kupoaren bost urterako akordioa da EAJren legegintzaldiko mugarri nagusietako bat, Sagastizabalen arabera. Nafarroako trafiko eskuduntzari ongietorria egin dio.
Maria Txibite Nafarroako lehendakaria. ©VILLAR LOPEZ / EFE

Foru Hobekuntza: osatu edo berritu

Jon O. Urain

Txibitek uste du ez dela garaia Nafarroako Foru Hobekuntza moldatzeko, hura «garatzeko» baizik. Barkosek dio legea «bete gabe» dagoela eta «itun politiko berri bat» beharrezkoa dela
Tellez, 2008ko ekaineko mobilizazio batean, Managuan. ©Mario Lopez / EFE

Dora Maria Tellezi emango diote Rene Cassin saria

Jon O. Urain

«Giza eskubideen sustapenean, defentsan eta zabalkundean duen konpromisoagatik» sarituko dute.

IAren mobilizazioa, martxoaren 24ko greba zela-ta, Gasteizen. ©Iñigo Uriz / Foku

Mugimendu Sozialistako bi kidek «jazarpen poliziala» salatu dute

Berria

Esan dutenez, «kolaboratzeko» eskaintza egin diete telefonoz zein zuzenean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.