Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea Asko PISAtzen du

Publizitatea

Gizartea

Hezkuntzako ebaluazioa. PISA azterketa

Asko PISAtzen du

Zeresan handia jartzen du nazioarteko PISA probak. Areago aurten, emaitza txarragoak izan baitituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Babesleak eta kontrarioak dauzka PISAk, baina bat datoz bi aldeetan: garrantzitsuena ez da rankinga.
Ikasle talde bat, azterketa bat egiten. Artxiboko irudia da.
Ikasle talde bat, azterketa bat egiten. Artxiboko irudia da. EMILIO NARANJO / EFE

2017-02-19 / Garikoitz Goikoetxea

Kezka handia sortu zuen segituan. «Autokritika» egitea ezinbestekoa zela ohartarazi zuen Iñigo Urkulluk, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Joan den abenduaren 6an kaleratu zituzten 2015eko PISA azterketaren datuak, eta aurrekoetan baino emaitza kaskarragoak izan ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Emaitzak «zer pentsa» emateko modukoak zirela esan zuen egun hartan bertan Hezkuntza sailburuak, Cristina Uriartek. Legebiltzarrean izan da asteon, eta PISAko emaitzen azterketa xeheagoa aurkeztu du. Baita neurriak ere; adibidez, sarbide proba jartzea irakasle ikasteko. Emaniko erantzunak berak erakusten du nolako kezka sortu duten emaitzek. Norainoko pisua duen PISA probak.

Nazioartean egiten den halako proba handiena da PISA. Hezkuntza sistemak ebaluatzen ditu, ez eskolak edo ikasleak. «Oso erabilgarria izan daiteke hezkuntza sistema ororentzat. Nork ez du jakin nahi zer egiteko gai diren bere 15 urteko ikasleak munduko besteekin konparatuz, eta bere sistemaren ezaugarriak konparatu besteekin? Edo zer egiten duten zientzietan emaitzarik hoberenak dituzten ikastetxeetan?». Josu Sierra mintzo da; ISEI Irakats Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko erakundeko zuzendaria izana da, eta bete-betean aritu da PISArekin lanean. Aitortu du azterketak badauzkala muga batzuk. Batetik, sistemak ebaluatzen dituela, «eta ikastetxeak ez dira inplikatuak sentitzen». Bestetik, zer aztergai dauzkan: «Gako diren konpetentzietara mugatzen da».

Muga horri heldu dio, hain justu, Enrique Javier Diezek; Leongo Unibertsitateko irakaslea da, eta hezkuntza antolakuntza du ikergai. Uste du PISA ez dela erreminta ona: «PISAk neurtzen dituen gaitasunak ez dira eskolaren araberakoak, ezta PISAk proposatzen dituen aldaketa pedagogiko eta politikoen araberakoak ere. Oso gaitasun orokorrak neurtzen dira; ikasleak bizitza osoan pilatu duen esperientziaren araberako gaitasunak». Hor ikusten du hutsa, PISAk aztertzen duena ez dagoela zuzenean eskolarekin lotua.

Zer eta nola neurtu

Hiru aztergai nagusi ditu PISAk: irakurmena, matematika eta zientziak. Azken azterketan, 2015ekoan, zientzia izan zen gai nagusia, nahiz eta beste esparruak ere neurtu zituzten. Aztergaiak zabalagoak direla azpimarratu du Antonio Cabrales Goitia irakasleak —Londresko College Unibertsitateko Ekonomia irakaslea da, probaren defendatzaile sutsua—. «PISAk gaitasun asko neurtzen ditu. Gaitasun artistikoak kenduta, ez dio ia ezerk ihes egiten; gogoratu ez dela ezagutza azterketa bat. Gaitasun ez-kognitiboak neurtzeko ere erabili izan da; iraunkortasuna, esaterako».

Ariketen oinarriaz aritu da Sierra ere. «Horren atzean kontzeptualizazio lan izugarria dago. Irakurtzen duzuna ulertzea, matematikak aplikatzea edota zientzietako ezagutzak praktikan jartzea ez al dira garrantzitsuak 15 urterekin?». Horrek ikasgaien arteko bereizkuntza dakarrela salatu du, ordea, Diezek: «PISAk ez du ikasleen jarraipenik egiten, ez du aztertzen beste gai batzuei buruz zer dakiten edo zer gaitasun dituzten: historia, filosofia, sorkuntza, artea... Areago, bigarren mailako edo bazterreko bihurtzen ditu ezagutza horiek. Arreta kendu egingo balute bezala». Ez dago horrekin ados Sierra: «PISAk ez dio: 'Nireak balio du, eta kito'. Interpretazio okerrak eta murriztaileak jendeak egiten ditu, arduradunek, kritikoek... ez PISAk».

LOMCE Espainiako hezkuntza erreforma jarri du adibide Diezek: PISA eta halako probak aitzakiatzat jarrita, murriztu egin dutela beste ikasgai batzuetarako tartea —filosofia eta arteak, esaterako—. Esanguratsua izan zen Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministro ohiaren iritzia: «arreta galaraztea» dakartela halako ikasgaiek, eta enborrekoak indartu behar direla. «Horrelako azterketa estandarizatuetarako prestatzeko obsesioarekin, pisu gehiegi ematen zaio jarraibideak betetzeko gaitasunari, eta horrek kalte egiten die benetako gaitasunei: berrikuntzari eta sorkuntzari», esan du Diezek.

Azterketa helburu?

Arrisku hori ba ote dago? Alegia, hezkuntza hobetzeko erreminta baino gehiago, helburu bihurtzea PISA. «Ez dut arrisku hori ikusi, eta 2003tik 2009rako PISA guztiak aplikatu ditut ISEIn», erantzun du Sierrak. «PISA ez da iristen ikastetxeetara, eta, ikastetxeen eta irakasleen eguneroko jarduna aldatu ezean, ezer gutxi aldatuko da sisteman». Gobernuek har ditzaketen neurriak mugatuak direla azaldu du Sierrak: arauak aldatu eta prestakuntza eman. «Praktikoki ez dago askoz gehiago egiterik irakasle eta ikastetxeak inplikatzen ez badituzu».

Pixkanakako aldaketen beldur da, ordea, Diez irakaslea. «Aldaketa sotila izan daiteke, baina garrantzitsua, eskolaren xedeetan. PISA txosten bat ateratzen duten bakoitzean sortzen den arriskuetako bat da indarra emaitzan jartzea, ez heziketa prozesuan: ikaslearen errendimendua neurtzea, ez hark dituen beharrak asetzea». Cabrales Goitiak, berriz, ez dio arazorik ikusten PISA xede izateari: «Ez litzateke txarra. PISAn ondo ari bazara, gaitasun onak dauzkazun seinale. Non eta ez dugun pentsatzen herrialde batzuk besteen gainetik daudela berez-berez, baldintza sozioekonomiko berberak izanda. Herrialde batek emaitza onak badauzka PISAn, litekeena da hezkuntza sistema ona izatea». Halere, Sierraren iritziz, PISA ez da aski. «Horregatik sortu genituen nire garaian ebaluazio diagnostikoak, PISA nahikoa ez zelako. PISA ez da izan behar ebaluazio bakarra; beste batzuk ere erabili behar dira ezinbestean. Bakoitzak bere balioa du».

Rankingaren pisua

PISAren balioa aipatzerakoan, bi adibide aipatu ditu ISEIko zuzendari ohiak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak gogoan. Batetik, zientzietako hutsunea: «Jakin dugu zientziak gure punturik ahulena direla 2003an ebaluatzen hasi ginenetik. Salbuespen bakarra 2012ko emaitza izan da, baina joera oso garbi uzten du: ez gaude dagokigun tokian». Bestetik, aldeak: «PISAri esker badakigu gure maila sozioekonomiko altuko ikasleria hartzen duten ikastetxeak gaizki ibili ohi direla PISAn, OCDEko parekoekin alderatuz. Baina emaitza hori ez da interesgarria inorentzat, dirudienez». Rankingetik haragokoa dela, alegia. «PISAn emaitza onak izatea testuinguruak ematen dizu. Zuk erabaki beharko duzu zer den ona eta zer erdipurdikoa. Emaitzak ontzat ematea eta hobekuntza saihestea da problema».

Gehienetan, sailkapenetan urtzen dira PISAko emaitzak. Hedabideetan ematen den mezuarekin kritiko da Londresko irakaslea: «Interpretazioan pisu gehiegi dauka rankingak, eta, estatistika ikuspegitik, ordena aldatzea ez da zertan garrantzitsua izan». Sierrak ere ohartarazi du futboleko sailkapenen estilora agertzen dela PISA. «Ñabardurarik gabeko epaiketa mediatikoa egiten da: guztiz okerra». Datuei bestela begiratu behar zaie, haren esanetan. «Emaitzoi esker badakigu EAEn ez garela sasoi batean uste genuen bezain onak». Gaztela eta Leon aipatu du: diru gutxiago, emaitza hobeak. «PISAri esker dakigu ez-eraginkorrak garela. Urteak dira hori dakigula». Rankingari gehiegi begiratzen diotela uste du Sierrak; haren iritzirako, geroko datuak dira interesgarrienak, sistema onenen jardunbide eta ezaugarrienak. «Arduradunek ere hori irakurri beharko lukete rankinga baino gehiago: oraindik ez al dira ohartu ikastetxeen autonomia dela aldagai inportanteenetako bat PISAko emaitzetan, eta gure eskola publikoak oso atzean daudela horretan?».

Hezkuntza eta OCDE

Datuen erabilerarekin dago kezkatua Diez. Uste du «katastrofismoa» zabaltzen dela PISArekin. «Ranking gisan ematen dituzte datuak, eta horri zor zaio arrakasta mediatikoa eta politikoa. Sektore batek emaitza horiek erabiltzen ditu erreformak justifikatzeko eta aurkariei erasotzeko». Gisa bereko iritzia agertzen dute eragile batzuek ere: hezkuntza «baldintzatzeko» xedea duela PISAk.

Ez da kritika berria. OCDE dagoela azterketaren atzean, eta ez duela heziketa asmorik. Iritzi horretakoa da Leongo Unibertsitateko irakaslea: «Ikuspegi ekonomizista du erakunde horrek, eta ordezkari politikoek haren gain utzi dute hezkuntzako bitartekoen eta helburuen ardura; ikasleek zer ikasi eta eskolek zer irakatsi behar duten zehaztea». Ikuspegi horrekin ez dago ados Cabrales Goitia: «Ez dut ulertzen zer esan nahi duten. Herritarrei gomendatuko nieke begiratzeko azterketa, egiteko proba, eta esan dezatela azterketa merkantilista ote den».

PISArekin zuzenean aritua da Sierra, eta merkantilismo salaketak «kritika sasi-politikoa» direla irizten dio. «OCDEtik datorren guztia txarra balitz bezala OCDE delako». Erakunde horrek hainbat arlotan «izugarrizko azterlanak» egiten dituela nabarmendu du. «Uste dut PISA barrutik ezagutzen duen bakarrenetarikoa naizela Euskadin, eta nik ez dut merkantilismorik ikusi; batzuetan politika bai, baina merkantilismorik ez. Esan nahi al da gako konpetentziak ebaluatzea manipulatzailea dela? Ez diot zentzurik ikusten». Bereizketa bat argi egin du, nolanahi ere: «PISAren erabilera eta PISA ez dira gauza bera. Bakoitzak jakingo du zertarako erabiltzen dituen datuak».

Zer bide hartu

Hor ikusten du aldatu beharra Londresko irakasleak. «Ez dugu mezulariarekin haserretu behar dakarkigun mezua ez zaigulako gustatzen. Emaitzak egoki interpretatzen ikasi behar dugu. Gero saia gaitezen hezkuntza sistema hobetzen, erreminta guztiekin». PISAk berak hor zeresana baduela uste du Sierrak: «Rankingaren erabilera hobe bat aholkatu beharko luke, behin eta berriz estatu guztietan barregarri gera ez daitezen». PISAn hobetzeko gehiago aipatu ditu: «ordezkari independenteak» hobestea, zabalkundea zaintzea —«gerta liteke Asian jartzea arreta, eta mendebaldeko sistemek interesa galtzea»— eta ordenagailuen erabilera hobetzea —«herrialde guztietan ez dute ohitura eta formakuntza bera»—. Bada muga bat: oso proba handia da. «Ez da gela txiki bateko ebaluazioa, eta horrek izugarri baldintzatzen du egin daitekeena, egin beharko litzatekeenaren gainetik».

Aldaketa handiagoa proposatu du Diezek: PISAtik ateratzea. «Ez da ebaluazioa baztertzea, baizik eta eredua berriro pentsatzea, eta zertarako eta norentzat egiten den». Ebaluazioan hezkuntza komunitateak parte hartu behar dela nabarmendu du. «Ebaluazio osoa behar da, faktore asko aztertzeko modua jarriko duena. Eta denei lagunduko diena jardun pedagogikoa hobetzen, heziketa bidean, eta ez eskolak, irakasleak eta ikasleak erruduntzat hartuz».

Publizitatea

Sortu kontua
Garikoitz Goikoetxea Garikoitz Goikoetxea

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak