Concha Aretxaga Iturregui.
Miguel Angel Blancoren hilketaren 25. urteurrena. IRITZIA

Egiteko dagoen gogoeta

2022ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Albiste agentzia bat kazetaritza eskola bat da, eta umilbidea ere bai. Are gehiago gaur egun, agentziek orain ezin baitute egin duela 25 urte egiten zuten ekarpen bat, sare sozialak eta alerta informatiboak direla medio: jada ezin diete aurrea hartu irrati buletinei, telebistako albistegiei eta egunkarien azalei. Hala eta guztiz ere, eskola dira oraindik, agentzietan ez delako erabiltzen ez adjektiborik eta ez iritzirik, eta harpidedunak direlako publiko objektiboa; publiko horretan, alderdi politiko guztietako instituzioak daude, eragile ekonomikoak, eragile sozialak, eta denei zerbitzu eman behar diezu, denei berdin. Bestalde, agentziak umilbide dira ez duelako nork bere izen-deiturez sinatzen.

Horrez gainera, duela 25 urte sakelakoak ez ziren gaur bezainbeste erabiltzen: ez zegoen informazio iturriekin halako bat-bateko komunikazioa izaterik. Garai hartan, Europa Pressen, pare bat sakelako zeuden, eta telefonogune finko bat, aldiro-aldiro blokeatzen tematua. Baina eragozpen horietako bakar bat ere ez zen oztopo izan lantalde zeharo nekatu eta zeharo zirraratu haren engranajean, posible baita profesionala izatea eta aldi berean zentzu zibikoz jokatzea.

Horregatik, Juanek Donostiatik deitu zuen larunbat hartan, arratsaldeko laurak joak zituen doi-doi, eta Matxalenek honela esan zuen, ahots goran: «Gizon bat buruan tiro bat duela agertu da Lasarten, eta Miguel Angel Blanco izan liteke, DYAren arabera». Hitz bakoitza berehala erori zen, banan-banan, teklatuaren gainera, eta hala geratu zen berretsita ETAk krudel prestatutako amaiera bat. Poliziaren informazioa, egia da, geroxeago etorri zen. Baina mezu labur hura beste batek osatu zuen: «Lasarten agertu den gizonak bakero beltzak zeramatzan, eta izokin koloreko alkandora bat». Deskribapen huraxe zabaldua zuen Ertzaintzak Blancoren bila emandako egun desesperatuetan. Halaxe, ia hitzik esan gabe, Rosak, Josebak, Sandrak eta Pintok osatzen zuten makina koipeztatuak —hortxe segitzen dute laurek— lan bikaina egin zuen, beste hedabide batzuetako beste ofiziokide askok bezala.

Komatxo arteko hitzak horiexek ziren zehatz-mehatz, oker ez banago. Eta, oker ez banago, halaxe zehatz-mehatz ditut gogoan egun haietan gertatutakoak ere, eta aurretikoak: Cosme Delclaux askatu zutenekoa, eta, bereziki, Jose Antonio Ortega Lara askatu zutenekoa, zeina lurpeko zulo batean giltzapetuta bizitzera kondenatu baitzuten bahitzaileek. Denok dugu gogoan etxera itzuli zeneko irudia. Halaber, bizi-bizi daude oraindik momentu politiko, sozial eta pertsonal haiek guztiak ere —bai, pertsonalak ere bai—, hurrengo urteak hainbeste inarrosi zituztenak, harik eta lortu zen arte ETA konbentzitzea bere bidea amaitu behar zuela. Harik eta desagertu zen arte talde armatu hura, pertsonak giza kondizio oroz gabetu eta helburu politikoekin trukatzeko moduko objektu bilakatu zituena.

Izan ere, gehiengo osoko gobernu bat zegoen garai hartan, gaur egungoa baino lehen izandako azkena, eta gobernu haren barruan konfiantza arrakalatzen hasi zen Blancoren erailketak piztutako mobilizazio sozial alimalekoaren ondorioz. Izan ere, gobernu hura bat-batean hautsi zen konfiantza faltaren eraginez, eta aliantza politiko berriak sortu ziren, non alde bat baztertzeko bideak abiarazi nahi izan baitziren, nazionalistak ez-nazionalisten kontra, argudiaturik horrela etsiaraziko zitzaiola ETAri. Izan ere, apustu hura halako porrota izan zen, ezen arrakala izugarri bat zabaldu baitzuen, baina baita erasoaldi terrorista bat piztu ere, lehergailuz eta torlojuz are armatuagoa, jende multzo zabalagoa hartu zuena jomugan, tartean kazetariak, hala nola Juan bera, zeinak, bere profesionaltasunaz, bere kontaktu sare zabalaz, deskribatu dudan primiziaren gisakoak lortzen baitzituen.

Izan ere, edo nire alde edo nire kontra ideia gailendu den etapa ezinezko batean bizi gara gaur egun, eta hori jasanezina zaigu ideien pluraltasuna aberastasun itzeltzat daukagunontzat. Izan ere, herri honek pluraltasunari bide eman dionean egin du aurrera gehien eta ondoen —mundu honetan betidanik egon den pluraltasun bat, XIX. mendeaz geroztik hobeto zehaztua eta harrezkero gaurdaino iraunduena—, ezberdinak direnen batasunari bide eman dionean: lehen aldiz lortu zenean Euskadi esaten diogun errealitate politiko propio hori mamitzea, inork uko egin gabe beste alternatiba bat sortzeari.

Eta pluraltasun horixe hedabideetan ere iraunarazi ahal izan da, jazarpenari buru egin ziotenek informazioarekin zeukaten konpromisoari esker, eta baita herri hau ulertzeko modu bati ahotsa emango zioten egunkariak berriz sortzen jakin zutenei esker ere: ulertzeko modu bat, hain zuzen, analisi eta gogoeta iturririk gabe geratu ezin zena.

Horregatik gaur, Miguel Angel Blancoren bahiketa eta erailketa krudeletik 25 urte pasatu direla, ETA erailtzen hasi zenetik 50 urte baino gehiago pasatu direla eta erailtzeari utzi zionetik hamar baino gehiago, oraindik batzuok geure buruari galdetzen diogu zergatik gertatu zen hura, eta zergatik ez den posible zerbait hobea eratzea onarturik ez zela sekula gertatu behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.