Berlingo Harresia eraitsi zutela 25 urte. Ronald M. Schernikau

Azken komunista

Nazioarteko prentsak mendebaldera ihesi zihoazenen irudiak egunero zabaltzen zituen bitartean, idazle gazte arrakastatsu bat justu kontrako norabidean zihoan. Errepublika Demokratikoko herritartasuna jasotzen azkena izan zen; bi hilabetera, Berlingo Harresia erori zen.
BERRIA

Danel Agirre -

2014ko azaroak 2
Alemaniako Errepublika Demokratikoko herritartasuna eskatu zuenerako, ederki barneratuta zeukan Ronald M. Schernikau nobelagileak ezin izango zuela sekula bertan ezer publikatu. Halakorik jakinda ere mendebaldeko konforta mespretxatu eta ezohiko urratsa gauzatzera zerk eraman zuen galdekatuta, ia hamabost urte lehenagotik militante komunista zenak ez zuen politikarik aipatzen: «Ekialdeko gobernuak nahi ala ez nahi, bertatik irteten dira idazle eta liburu onenak. Nik ere larre horietan bazka egin nahi dut», zioen Konkret aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean.

Erantzun ustekabekoak eman zale zen Schernikau, eta haren biografia eszentrikoa izaera oso konplexuaren isla da. Kapitalismoari bizkar eman bazion ere —edo kapitalismoari bizkar eman izanak ematen zion legitimitateagatik—, asko maite zituen antzerkiko satiretan Errepublika Demokratikoko politikari eta erakundeekiko iseka txertatzen zuen.

Idazkeran ere, idealista

Ekialdeko Mendebaldean jaio eta haurra zela amarekin ibilgailu baten maletategian mugaren bestaldera jauzi egiteak iragarri zuen Schernikauren bizimodu zalapartaria. Nerabe zenerako, komunista txartela poltsikoan zuen, eta bere homosexualitatea iragarri bakarrik ez, parean zituen instituzioak aztertzeko erabiltzen hasi zen.

Kleinstadtnovelle izena jarri zion lehenbiziko nobelari. Mutiko gay batek institutu garaian irakasle eta ikasgaiekin eta herrikoekin oro har zuen harremana kontatu zuen. Rotbuch Verlag argitaletxeak eman zuen argitara. Berak enkargatutako lanak plazaratu ohi zituen normalean; salbuespena egin zuen Schernikaurekin, eskuizkribua eskatu gabe jaso ondoren. Der Spiegel-en eta beste hainbat komunikabidetan kritika adeitsuak izan ondoren, saltokietan are harrera beroagoa jaso zuen.

1980ko hamarkada hasieran, Schernikauren zorroztasunak harridura sortu ohi zuen telebistako eztabaida literarioetan. Arrakastak ez zion aparteko zirrararik sortu halere. Ordurako, bere obsesioa ahalik eta idazle hoberen izateko habitat egokia topatzea zen.

Mendebaldeko Berlinera aldatu zen Kleinstadtnovelle argitaratu eta gutxira. Germanistika, filosofia eta psikologia ikasten hasi, eta Ladies Neid antzerki taldea osatu zuen zenbait adiskiderekin. Komunismoak, literaturak eta abangoardiako arteak hartzen zuten haien arreta. Kritika soziala zorrotzagatik ezagunak egin ziren. Schernikau, oholtza gainean eta oholtzatik kanpo trabestitzeko zuen ohituragatik ere bai.

Idazle osoago bilakatzeko setak bideratu zuen berriz Ekialdeko Alemaniara. Leipzigeko Literatura Institutua —harresiaz bestalde— sortu zen urte berean, 1986an, bertan ikasteko baimen berezi bat lortu zuen. Bi urte geroago, izen arranditsuko tesina aurkeztu zuen: Egunak L.-n. Errepublika Demokratikoa eta Federala ados sekula ez jartzeko arrazoiak, are gutxiago literaturaren bitartez.

Iraultza Eurovisionen

Leipzigen, hartu-emana eraiki zuen kuttunak zituen ekialdeko intelektualekin. Haietako batek, Peter Hacks dramaturgoak, Schernikauk aspalditxo susmatzen zuen zerbait baieztatu zion: bere aurrekari pertsonal, politiko eta artistikoengatik, idazle bezala zuen ahal guztia garatu nahi bazuen, muga gurutzatu beharra zeukan. Jaio zen aldera, Errepublika Demokratikora.

Herritartasuna lortu eta bi hilabetera Berlingo Harresia erori izanak pentsa litekeena baino gutxiago aztoratu zuen azken komunista. Zinikoa eta ezkorra zen Schernikau; Alemaniaren batze prozesuarekin gupidagabea izan zen.

Azaroaren 9ko gertakariei kontrairaultza goitizena ipini zien. Ekialdeko herritarrak gainera zetorkienaz jabetu izan balira kapitalismora jauzi egiteari uko egingo lioketela konbentzituta hil zen.

Leipzigen literatura ikasten ari zenean, eta fite hil ziren lagun pare bat zirela medio, Schernikauk hiesaren froga pasatu zuen. Emaitza positiboa izanda ere, sintoma argiak izan arte ez zuen tratamendurik hasi. Orduan erabilgarri zeudenek, gainera, ez zuten urte pare bat geroago azaldu ziren botika koktelen eraginkortasunik. Errepublika Demokratikoko herritartasuna eskatzea erabaki zuenerako gaixo zegoen. 1989ko irailaren 1ean estreinatu zuen apartamentu berean hil zen, Berlin ekialdeko Hellesdorf auzoko Cecilienstraße kaleko 241.ean, 1991ko urriaren 20an.

Kleinstadtnovelle-ren oihartzunik gabe ere, kultuko obra estatusa dute ostera idatzi zituenek ere. Bere testamentutzat jo izan da, bereziki, Legende, hil baino egun batzuk lehenago amaitu eta zortzi urtera argitaratua. Bertan, bere nortasun isekari eta tragikoa inoiz baino gordinago ageri dira. Pasarte ikonoklastak zenbaezinak dira. Ezagunena Errepublika Demokratikoa Eurovision kantu txapelketan parte hartu eta garaile irten zenekoa da —mendebaldeko telebistek antolatzen zuten orduan; ezinezkoa litzateke guztiz—. Kontaketaren muina irabazleari antolatzea tokatu ohi zaion hurrengo saioan kokatu zuen. Eta Eurovision iparraldeko Rostock ezin grisagora eraman.

Sekula ezingo da egiaztatu Legende-k Ekialdeko Alemanian argitara emateko baimena izango zuen. Azken komunista, Ronald M. Schernikau, ezezkoan zegoen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna