Aldaialde ikastetxe berria egiteko eskatu dute Eusko Legebiltzarrean

Bost ikasturte daramatzate barrakoietan ikasten, eta Hezkuntza batzordean ez diete argitu noiz lizitatuko dituzten eskolaren lanak

Aldaialdeko ikasleek barrakoietan ikasten dute. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Aldaialde ikastetxe berria eraikitzea. Helburu hori dutela, lanean dihardu Gasteizko eskola horretako Aldaiaberri guraso elkarteak. Atzo agerraldia egin zuten Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, eta galdetu zuten noiz lizitatuko ziren ikastetxe berriaren lanak, baina ez zuten erantzun zehatzik jaso. Bitartean, barrakoietan segitu beharko dute 350 ikaslek baino gehiagok, azken bost ikasturteetan bezala.

Ez dira gutxi izan bidean aurkitu dituzten arazoak. Izan ere, ikastetxe berria eraikitzeko lurretatik AHTa igarotzekoa zen. Hori bertan behera geratu bazen ere, proiektu berria onartu bitartean, ezin dute lurzoru horretan eraiki.Gasteizko Udalak duela gutxi eman dio lizentzia —hirugarren aldia da— ikastetxeari. Horren arabera, eskola bi epetan egin beharko dute: lehenengoan, ikastetxearen eraikina egingo dute, trena pasatzekoa ez zen lekuan—proiektua aldatu, eta eraikina metro batzuk mugitu dute—, eta bigarren fasean egingo dituzte, besteak beste, patioa, baratzea eta eremu berdeak. Orain, hurrengo pausoaren zain daude: Eusko Jaurlaritzak eskolaren lanak lizitatzea falta zaie. Atzoko Hezkuntza Batzordean galdetu arren, ez zieten zehaztu noiz izango den.

Hain zuzen, Hezkuntza Batzordean azaldu dute bizi duten egoera Estitxu Ruiz de Arkaute eta Iñaki Uriarte Aldaiaberri guraso elkarteko kideek. Ikastetxea edukitzen ari den atzerapenak kritikatzearekin batera, Uriartek salatu du badirela bost urte umeak bost barrakoietan daudela. Hainbat galdera egin ditu gurasoen ordezkariak, besteak beste, noiz lizitatuko dituzten ikastetxea egiteko lanak eta lan horien bigarren fasea nola egiteko asmoa daukaten. Halaber galdetu dute ea behin betiko ikastetxea egin bitartean egokitzapenak egin ahal izango dituzten gaur egungo instalazioetan, eta  behin-behineko eraikuntza batean egoteagatik ez ote duten eskubiderik diru laguntzak jasotzeko. «Laguntza eskaera guztiak behin betiko eraikinean erabili daitezkeen baliabideetarako dira», zehaztu dute.

Bestalde, pandemiarekin, seme-alabek bizi duten egoerak «okerrera» egin duela uste du Ruiz de Arkautek. Egunerokoan bizi dutena zerrendatu du horren adibide gisa: patio txikia, korridore estuak, isolamendu «txarra»...

Gainera, behin betiko ikastetxea egingo duten eremutik bi kilometro baino gehiagora daude barrakoiak, eta ez dute haraino joateko garraio zerbitzurik. Honela azaldu du Ruiz de Arakautek: «Arazoa ez dira barrakoiak bakarrik,egunero familiek egin behar dugun distantzia ere bai». Dagoeneko konponbidearen zain denbora daramatela esan du: «Zenbat denbora egon gaitezke horren zain? Egunak, hilabeteak edo urteak?». Informazio falta gaitzetsidu Uriartek: «Familiak haserre, nahigabetuta eta gogaituta gaude informazio faltagatik».

«Zalantza ugari»

Alderdiei zalantza eta kezka horiek helarazteko aukera izan dute Hezkuntza Batzordean. EAJko Leixuri Arrizabalagak nabarmendu du ez dela «proiektu erraza», baina horrek ez duela esan nahi posible ez denik: «Laster Aldaialdeko ikastetxe berriaren obraren hasiera errealitate izatea denok espero dugu». Ziurtatu duenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak konpromiso «tinkoa eta zintzoa» du, eta espero dute aurrera egitea «ahalik eta azkarren», baina, gaur-gaurkoz, ez du lizitaziorako eta lanak hasteko data zehatzik eman: «Oso zaila da aurreikuspenak egitea».

EH Bilduko Maria Gardek gogorarazi du lizitazioak izan behar dela hurrengo pausoa, eta informazioa eskatu du: «Konplexua da egoera, badakigu, baina hain zaila al da familiak informatuta edukitzea?». Erantsi du proiektuaren inguruko «zalantza ugari» daudela oraindik.

Zalantzak adierazidituzte gainerako alderdiek ere, esaterako, PSE-EEren izenean, Jose Antonio Pastorrek: «Ez dakit zergatik atzeratzen ari diren Hezkuntza Sailetik». Elkarrekin Podemoseko Isabel Gonzalezek planak ez betetzea gaitzetsi du: «Berdin da planak eta planak egitea, gero ez badira betetzen». Jose Manuel Gilek ere, PP+C's koalizioaren izenean, nabarmendu du«onartezina»dela aurrera ez egitea.

Aurrera ez egin izanaren irudipenarekin atera dira guraso elkartearen ordezkariak ere Hezkuntza batzordetik. Hala azpimarratu du Uriartek: «Etorri garen bezala goaz, ez dago ezeren zehaztapenik». Antzera mintzatu da Ruiz de Arkaute ere: «Etorri naizen baino okerrago noa». Hala ere, ez dute etsiko: «Aldaiaberri guraso elkarteak borrokan jarraituko du ikastetxea eraiki arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.