Espainiako erregeak Sanchezi egin dio gobernua eratzeko proposamena

PSOEko idazkariak onartu egin du eskaintza.Gaur hasiko ditu negoziazio bilerak alderdiekin

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia, atzo, Felipe VI.arekin batzartu ostean. EMILIO NARANJO / EFE.
Jone Amonarriz.
2016ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Fitxa mugitu du Espainiako errege Felipe VI.ak. Gobernua osatzeko alderdiekin eginiko bigarren bilera erronda amaitu ondoren eman zuen albistea Patxi Lopez Espainiako Kongresuko presidenteak, atzo iluntzean: Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusia da gobernua eratzeko hautagaia. Sanchezek hiru aste eskatu dizkio kongresuko presidenteari inbestidurarako hitzarmen bat adosteko. 44 egun igaro dira jada hauteskundeak egin zirenetik.

Sanchezek atzo iluntzean eginiko agerraldian jakinarazi zuen onartu egin duela proposamen hori: «Gobernua osatzen saiatzeko ardura hartuko dugu gure gain». Esan du gaur bertan hasiko dela alderdi guztiekin harremanetan jartzen, baina espero du «Rajoyk izan duen adina denbora» izatea gehiengoak osatzen saiatzeko; hilabete inguru, beraz.

Mariano Rajoy jarduneko presidentearen «ihesaldia» kritikatu du Sanchezek: «Ebidentea da abenduaren 20az geroztik ez duela inolako ahaleginik egin gobernua eratzeko». Luzaroan iraun duen «blokeo instituzionala» leporatu dio jarduneko presidenteari. Egoera horretatik ateratzeko «prest» agertu da eta «politika progresistak eta erreformistak» agindu ditu.

Espainia bidegurutze batean dago. Hori uste du PSOEko idazkari nagusiak; baina aro berri bat hasiko dela adierazi du, eta horretarako alderdi guztiekin batzartuko dela: «Praktika politiko ezberdinak mahai gainean jartzea. Hori da aldaketa». Lau erronka zerrendatu ditu datorren agintaldiari begira: lan aukerak, berdintasunik eza, Kataluniako krisia eta ustelkeria.

Oraingoan ez dio Rajoyri egin eskaintza Felipe VI.ak —esperotako hiru aukera nagusietako bat zen—. Eta PPko hautagaiak erabakia onartzen duela esan du. Rajoy izan da Felipe Borboikoaren bulegotik igarotzen azkena. Urtarrilaren 22an Felipe Borboikoak eginiko proposamenari uko egin zion Rajoyk, eta hiru asteren ondoren, oraindik, ez du baztertzen gobernuko presidente izatea: «Ez diogu uko egiten prozesu honetan momenturen batean inbestidurara aurkezteari».

Bilerak «alderdi guztiekin»

Gaur bertan hasiko ditu bilerak presidentetzarako hautagai Pedro Sanchezek. Eskua eskuinari zein ezkerrari luzatuko diola esan du; gobernua osatuko duten alderdiak zein izango diren jakiteko hiru aste eskatu ditu «gutxienez», baina bi indar politiko baino gehiagok eratuko dutela argi dago. PPko idazkariorde Fernando Martinezek esan du Mariano Rajoyren hautagaitzak «bizirik» dirauela berriz ere presidente izateko, eta alderdiak ez duela PSOEko idazkari nagusia babestuko. Dena den, elkarrizketan jarduteko prest agertu da, «argi» utzita PPk babesa emango dion hautagai bakarra Rajoy izango dela.

Aldaketarako gobernua eratzeko «eskua luzatu» dio Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiak Sanchezi. Jakinarazi dio, ordea, Podemosekin eta Ciudadanosekin akordio bateratua egitea ez dela posible izango:«Gobernua osatzeko bi aukera besterik ez ditut ikusten: koalizio handi bat, batetik—PP, PSOE y Ciudadanos— edo aldaketarako gobernua bestetik —PSOE, Podemos, Izquierda Unidad, eta alderdi nazionalisten babesa—».

Datozen asteetan agintean dagoen gobernuaren eskumenek mugatuta jarraituko dute, inbestidurarik egiten ez den bitartean, eta Kongresuak ere ezingo du araurik onartu gobernua osatzen duten artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.