ANALISIA

Hamazortzi urte atzera DSBEan

Ivan Santamaria -

2018ko urtarrilak 13
Inflazioaren urte amaierako datuak itxurazko kontraesan bat sortu du, gizarte laguntzei erreparatuta, gutxienez. Datua eskuetan, esan liteke DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzen dutenen erosahalmena handitu egin dela, baina, eta hori da paradoxa, aldi berean ordain horren babesak hamazortzi urte egin ditu atzera. Nola da posible?

2018. urterako DSBEa %1,5 igotzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak, eta hazkunde hori finkatu zuten aurrekontuek, abenduaren 22an behin betiko onartuta. Aurreko urtean egin zuen bezala, laguntzaren eguneratzea bere kasa erabaki du gobernuak, nahiz eta legeak ordainaren zenbatekoa lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko gisa arautu. Inflazioa azpitik egoteak munizioa emango dio gobernuari ahots kritikoen aurrean, eta erabiliko du, ez izan zalantzarik.

Baina, bien bitartean, azken bi hamarkadetan sistema ezaugarritu duten faktore batzuk desegiten ari dira, nahiko oharkabean. 2018. urtean, DSBEaren ordaina gutxieneko soldataren %75 izango da. Ehuneko hori da, hain justu ere, 2000. urtean Gizarte Eskubideen Agiria onartu zenean ezarri zena. 2000. eta 2008. urteen artean, eboluzionatu eta %88 izatera iritsi zen. Lotura hori hausteak DSBEaren babes maila hamazortzi urte atzera eraman du, eta, gutxieneko soldatan aurreikusi diren igoerak gauzatuz gero, zuloa handituko da.

Egia da lotura hori jadanik desitxuratuta zegoela, PSE agintean zegoela 2012an ordaina %7 murrizteko hartutako erabakiaren ondotik. Baina egia da, halaber, baldintzapeko errenta bat diseinatu zenetik inork ez zuela zalantzan jarri gutxieneko soldata erreferentzia gisa jartzea. Inork ez du behar bezala azaldu zergatik orain ez duen balio.

Zilegi da eguneratze sistemari buruz eztabaidatzea —Nafarroan ez da gutxieneko soldata erabiltzen—, baina zer pentsatu ematen du gizarte laguntza eta lan munduaren errealitatea urruntzeko joera horrek. Miseriazkotzat jotzen diren soldata batzuk normaltzeko tentazioa egon daiteke, horien izate hutsak laguntza gehiegizko egingo balu bezala.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna