Koronabirusa munduan

Kongoko hiriburuan dirudunen auzoan zabaldu da koronabirusa

Oskar Epelde Juldain.
Kinshasa
2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Hamabi eta hamabost milioi biztanle artean ditu Kinshasa hiriak, eta ehun kasu baino gehiagorekin esnatu da aste honetan. Datozen egunetan egoerak okerrera egingo duela aurreikusiz, krisiari erantzuteko batzorde berezi bat sortu dute Kongoko Errepublika Demokratikoan, eta Muyembe Tamfum birologoa jarri dute buru. Hark ohartarazi du datorren astean bikoiztu edo hirukoiztu egingo direla egun dituzten kasuak.

Gomben, agintariak eta herritarrik aberatsenak bizi diren auzoan daude oraingoz kasu gehienak, eta, beraz, auzoa ixteko aholkatu dio Tamfumek gobernuari. Litekeena da, hala ere, laster hiriburua ez ezik Kongo osoa ere berrogeialdian jarri behar izatea. Horregatik, eta familia askoren diru sarrerei eragingo diela jakin arren, itxialdiak berekin ekar ditzakeen mugetara egokitzen ikasteko eskatu die herritarrei.

Koronabirusak arazoak eragingo ditu Kongoko osasun sisteman, lehendik ere ahula baita, baina azpiegitura hobetuz joango den itxaropena agertu du Tamfumek: «Azpiegitura ahula dugu. Ikusi besterik ez dago zertan diren erietxeak: ez dago anbulantzia nahikorik, sendagaiak falta dira... Hala ere, aurrera egiten dugun heinean, herritarren konfiantza berreskuratuko dugu. Partikularrak ere hasi dira sistemari ekarpenak egiten, eta denon artean harrera baldintzak hobetu beharko ditugu».

Kinshasan konfiantza falta arazo bilakatzen ari da; izan ere,gaixo askok uko egiten diote erietxera joateari. «Egia da», aitortu du Muyembek. «Batzuk etxean geratzen dira. Ezin ditugu guztiak ospitaleratu. Euskal Herrian ere argi geratu da gaixotasun hau oso larria dela. Hemen gaixoak hiru taldetan sailkatzen ditugu: larriak, moderatuak eta arinak. Arinak etxean gera daitezke, ingurukoak ez kutsatzeko ardurahartzeko gai baldin badira. Baina erietxera joateari uko egiten dioten kasu larriak ere baditugu hemen».

Baina Kinshasan gaixotu diren lehenak dirudunak izan dira. Birusa Gombetik auzo txiroetara zabaltzen bada, inoiz izan gabeko hondamendi bat izan daiteke. «Ez da oihuka hasteko garaia» dio Muyembek: «Batzuek Frantzian daudela uste dute oraindik, eta han dituzten tratamendu berdinak nahi dituzte, baina errealistak izan behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.